

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Tokiko ezagutza, situated knowledge ingelesez, Donna Harawayren arabera: garai zehatz batean kokatutako ezagutza, mugatutako ezagutza, beraz. Ezin objektiboa izan, zientziaren arloan, zientziaren helburua ez baita, egilearen iritziz, egiaren bila aritzea, botere-harremanei eustea baino. Aurreiritzi eta aurrejuzguek, aldez aurretik erabakitako ideia eta iruzkinek, gizartean batetik bestera, dena hanpatzen eta dena osatzen dute, denen nondik norakoa erabakitzen. Literaturari buruz aritzea maite dugunontzat esan nahi du edozein testu, zientzia edo historiako, edozein ipuin edo saiakera, edozein erlijio-erakustaldi edo filosofia-lezio, edozein deskribapen, bai naturak eskaini ohi digun paisaiarena edo hirikoa bestela, lerraturik dagoela. Horren sortzailea ez da makina bat, bere garaiko gizon edo emakume bat baizik, (gehienetan gizon, dena esan behar bada). Aspaldi idatzi zuen Karl Marxek, gaztaroko testu batean, «ideologia nagusia nagusien ideologia» dela, eta nagusi bezain ahaltsu direnek mundua deskribatu nahi dute beren erara, beren ikuspegitik abiaturik, ezkutatuz parte batekoa dela eta ez osokoa. Artista, idazle nahiz pintatzaile, arkitekto edo irudigile, lekuko da, garai bateko pentsaerak moldatu duen ikusmen konkretu baten jabe. Begia aipatzen da, arte eta zientziaren arloan, zentzumenetan doien eta baliagarrien gisa. Ikusleak erabakitzen du, garaian garai, ikusiko dena, ikusten dena bezain garbi. Baina begi guztiek ez dute berdin begiratzen, egia guztiek berdin distiratzen ez duten bezala. Hor dago kontua, aro bateko begirada nagusia ez da beti nagusitzen, begi batek beste begi bat begiratzen du, eta begirada horrek aurrekoarena estaltzen, edo beste era batez ikusarazten. Walter Benjaminek idatzi zuen historia marrusketaz jo beharra zegoela, koskak kentzeko.
Idazle batek, literaturaz ari bagara, bere denboran garai horretako kontraesanei egin behar die aurre, eta kontraesan horiek, beste garai bateko talaiatik zailak izaten dira ikusten, are zailago zehazten, batzuk oso bereak baitira, barnekoak eta pertsonalak, eta beste batzuk, ordea, ez hainbeste. Idazle batek bizi duen egoera oso berea du, baldintzatua. Ez dute berdin idazten pobreek eta aberatsek, gizonek eta emakumeek, iraultzaileek eta kontserbadoreek, eroek eta zentzudunek. Idazle bakoitza mundu txiki bat da, ez beti itxia, beste mundu edo inperio baten barruan. Arestiren ikuspegia ez da Lizardirena, baten gizatasuna ezin bestearen humanismoaren aldean jarri, osagarriak baitira neurri batean. Biak dira ordea, beldur naiz, gaurko (zenbait) begirada postmoderno eta lerraturen aldetik atzerakoi. Izan ere, garaiko pentsamendu nagusiak, edo ustez nagusiak, erabakitzen du zer den atzerakoi eta zer aurrerakoi, alegia zer den baleko eta zer ezezko, atzera begira bada ere.
Historiaren eta literaturaren bideak ezberdinak dira, xedeak bezala. Historiak gertatutakoa kontatu nahi du, literaturak gertatutakoa bizi izan dutenak gogora ekarri. Ezin literatura hartu dokumentu historiko erabatekotzat, lagungarri bada ere, itzal bat den bezala eguzkiaren norakoa aditu eta hari segitzeko. Historiaren esanahiaz jabetzeko eta atzetik aurrera ulertzeko tresnak badaude, eta ez dira literaturarenak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.