Borrar
Amurrion hasi eta Donostian amaituko da 22. Korrika. e. c.
Tipi-tapa, tipi-tapa, badator 22. Korrika Nerbioi-Ibaizabal eskualdera

Tipi-tapa, tipi-tapa, badator 22. Korrika Nerbioi-Ibaizabal eskualdera

Herriek euskararen aldeko jaiarekin bat egingo dute, hainbat ekintza antolatu dituztela txiki eta helduentzako

irati alonso

Domingo, 27 de marzo 2022, 00:28

Batzuontzat luze, oso luze. Besteontzat, haize bolada baten moduan igaro den denbora. Hiru urte dira jada azkenengoz Korrika ospatu zenetik 'Klika' lelopean. Nerbioi-Ibaizabaleko txiki, gazte eta nagusiek bat egin zuten orduan euskararen alde aldarrikatzen den jaiarekin eta itxaronaldi gogorraren ostean, berriz izango dute aurten Euskal Herria osoan tradizio bihurtu den ekimenean parte hartzeko aukera.

AEK-k udalekin eta euskararen aldeko eragileekin batera antolatzen duen 22. edizio honetan, Amurrion martxoaren 31an hasi eta Donostian apirilaren 10ean bukatuko dena, 'Hitzekin' izan da aukeratutako leloa. «Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak. Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin, jauzi ekintzara», diote AEK-tik.

Mezu hau abiapuntu hartuta, adin guztietarako zuzenduta dauden jarduerak jarriko dituzte martxan hurrengo egunetan.

Arrigorriaga

Gaur bertan hasiko dira ekimenaren harira antolatu diren ekintzak. Herriko plazak Korrika Jaia hartuko du 12.00etatik aurrera, artizarra, herri kirolak, dantzak eta bertsolarien erakustaldiarekin gozatu ahal izango da.

Ostegunean ordea txikien eguna izango da, umeentzako jolasak izango direla plazan ere 18.00etatik 20.00etara. Jarraian disko festak soinua jarriko du, 21.15etan. Azkenik, apirilaren 1ean gaueko 00.20etan Korrika Arrigorriagara helduko da, herriko kaleetan zehar euskararen aldeko oihuak entzungo direla.

Basauri

Lekukoa jasotzen duen hurrengo herria Basauri izango da, 01.03etan heltzea espero dela. Ondoren, hainbat emanaldi izango dira. Apirilaren 1ean bertan korrika antzerkia hartuko du Sorginetxek, 17.30etan. Hilaren 3an aldiz 'paellada' ospatuko da Solabarria plazan. Aurretik izena ematea beharrezkoa da eta Bolintxu euskaltegian egin daiteke, helduentzako prezioa 3 euro dela eta umeena 1,5 euro.

Bestetik, bi korrika txiki antolatu dituzte. Orokorra apirilaren 5ean izango da 15.30etan eta San Miguelen apirilaren 8an ordu berdinean.

Etxebarri

Basconia zubitik sartuko da Etxebarriko martxa 01.54etan inguru eta San Antonio etorbidea, Marivi Iturbe eta San Esteban kaleak igaroko ditu. Honen aurretik ordea Korrika Jaia ospatuko da martxoaren 31an Udaletxeko plazan. 18.00etan Eleder magoak ikuskizuna eskainiko du eta 19.15etan DJ Kaktusek 'dantza eta martxa' jarriko ditu txiki eta nagusientzat.

Galdakao

Musikaz blai itxarongo diote Galdakaon Korrikari. Zizpa taldeak antolatuta, triki-poteoa izango da Someran martxoaren 31an 20.30etatik aurrera. Gauean jada, 22.30ak aldera, mendi ibilbidea egiteko aukera izango da Ganguren Mendi Taldearen eskutik. Jarduera honetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea barandiaran@aek.eus helbidera idatziz. Honen ostean jada lekukoa hartzeko prestatuko dira auzokideak, 02.20etan helduko dela ibilaldia Aperribaitik.

Bestetik, apirilaren 1eko arratsaldean familia giroan gozatzeko ordubeteko tailerrak antolatu ditu AEK-k Gandasegiko arkupeetan. Galdakao_berba@aek.eus helbidera mezu bat idatziz izena eman behar da aurretik. Jarraian, pilota partidak jolastuko dira eta euskal abestiak kantatuko dira Kurtzeko frontoian hasiko den martxan.

Hurrengo egunean, hilak 2, Korrika Eguna ospatuko da Galdakaon. 11.30etan puzgarriak eta umeeei zuzendutako tailerrak izango dira Ardanza parkean eta 13.00etan batukadak herriko kaleak igaroko ditu. Eguerdian herri bazkaria antolatu da Patakonen, tiketak AEK-n, Baserri tabernan eta Herriko Bentan eskuratu ahal direla. Arratsaldean musikarekin gozateko ordua helduko da, plaza dantza, elektrotxaranga eta Etorkizun Beltza eta Koiu taldeen kontzertuekin.

Azkenik, apirilaren 8an korrika txikia ospatuko da Bengeotxetik eta 10.45etan Elexaldeko ikasleek mezua irakurriko dute Iturrondo plazan. Ostean, musika ikuskizuna eskainiko du Kantu Kolore proposamen didaktikoak.

Urduña

22. edizio honetan ibilbidea Urduñatik igaroko ez den arren, herrian bat egin dute euskararen aldeko jaiarekin. Ostiralean Ion Martínez 'Txiki' bakarrizketariak ikuskizuna eskainiko du Alondegian 19.00etan. Hurrengo astean jada, apirilaren 8an, Beatriz Egizabal arituko da, barre algara eragingo duen emanaldia aurkeztuz leku eta ordu berean.

Lemoa

Eskualdera helduko den bigarren txandan parte hartuko dute Lemoan. Apirilaren 6an 15.38etan inguru sartuko da Korrika herrian eta ondoren ikasleek martxa txikian parte hartuko dute. Aurretik ordea beste ekintza batzuk antolatu ditu batzordeak. Ostegunean Larragorrira mendi ibilaldia egiteko aukera izango da Ganzabal Mendi Taldearen laguntzaz eta apirilaren 5ean Arratiako taldeak antolatutako Gurasolagun programa abiatuko da 16.30etan.

Usansolo

Lekukoa jasotzen duen azken lekua Usansolo izango da, apirilaren 6an 16.16etan hain zuzen. Ordura arte helduko ez den arren, larunbatean, hilak 2, ospatuko dute euskararen aldeko jaia. Goizean mendi ibilbidea abiatuko da eta 11.30etan puzgarriak egongo dira Unkina plazan. Leku berean esku-pilota partida jokatuko dute 12.30etan eta jarraian poteoa izango da Usansoloko gaiteroekin.

Bazkaria ospatuko da ere Unkinan eta 17.30ak aldera kantuan ibiliko dira soberan ezagunak diren Etxahun Lekue eta Ander Elortegi bertsolariak.

Ibilbidea

  • Martxoak 31

  • 23.51 Ugao-Miraballes

  • Apirilak 1

  • 00.20 Arrigorriaga

  • 01.03 Basauri

  • 01.54 Etxebarri

  • 02.27 Galdakao

  • Apirilak 6

  • 13.20 Zeanuri

  • 14.25 Areatza

  • 15.09 Igorre

  • 15.38 Lemoa

  • 16.16 Usansolo

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Tipi-tapa, tipi-tapa, badator 22. Korrika Nerbioi-Ibaizabal eskualdera