Borrar
This is Basque Designen edizio berri bat, asteburu honetan, Azkuna Zentroan

This is Basque Designen edizio berri bat, asteburu honetan, Azkuna Zentroan

Tokiko ekoizpeneko, artisautzako eta diseinuko 30 enpresetako arduradunek euren prozesuak partekatuko dituzte mota guztietako publikoentzako topaketa eta tailerren bidez

Miércoles, 5 de julio 2023, 17:33

Azkuna Zentroak bere diseinu eta sormenezko ekosistema erakutsiko du beste behin This is Basque Design Merkatuan. Izan ere, ekimen honek bere laugarren urteurrena betetzen duen dendAZ saltokia osatzen duten enpresen atzean dagoen proiektu pertsonal eta profesionala ezagutzeko aukera eskainiko die bertaratzen direnei, parte-hartzaileek euren prozesuak partekatuko baitituzte mota guztietako publikoentzako topaketa eta tailerren bidez.

Nork hartuko duen parte? Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kalitatezko tokiko ekoizpenarekin, artisau-produkzioarekin, eta iraunkortasunarekin konprometituta dauden hogeita hamar sortzaileek erakutsiko dituzte euren proiektuak eta produktuak Atrioan, eta haien prozesuak partekatuko dituzte topaketen bidez.

Hala, This is Basque Design Merkatura hurbiltzen direnek hurrengo lanez gozatzeko aukera izango dute: Abana Bilbao (Altzarien diseinua eta osagarriak), Aerre Design (Diseinua), Ailanto (Moda), Amakuyi (Diseinua), Amarenak (Moda), Ane Pikaza (Ilustrazioa), Barock Jewerly (Bitxigintzaren diseinua), Cookplay (Tresneria diseinua), Ekomodo (Diseinu eskuragarria), Elena Ciordia (Ilustrazioa), Fournier (Joku diseinua), FTBCWL (Diseinua eta ilustrazioa), Higi Vandis (Ilustrazioa), Josune Urrutia (Ilustrazioa), Katxi Klothing (Moda), Kiribiltxo (Bitxigintzaren diseinua), Malús Arbide (Moda diseinua), Mario Gaztelu (Ilustrazioa), MRLASPIUR (Bitxigintzaren diseinua), Palopalú (Jokoa diseinua), H05 (Moda), Susana Blasco (Ilustrazioa), The Real Studio (Bitxigintzaren diseinua), Tytti Thusberg (Moda), Yolanda Sánchez (Diseinua), Ziriak (Altzarien diseinua), Zioru (Moda), KreativeArt (Ilustrazioa), Terai Cosmética (Kosmetika), Joana Fidalgo (Ilustrazioa) eta Kostako (Moda eta ilustrazioa).

Estanpazio botanikoak eta birziklapena

Horrez gain, aipatu bezala, This is Basque Design Merkatuan diseinu eta fabrikazio teknika ezberdinak ikasi eta praktikatu ahalko dira, emaitza etxera eramanez.

Hala, interesdunek paper gaineko estanpazio botanikoko tailerraz gozatu ahalko dute ostiral honetan, Yolanda Sánchez diseinatzailearen eskutik (17.00etatik 20.00etara). Bertan, estanpazio botanikoak egingo dira, kotoizko gramaje handiko paperaren gainean, eta parte-hartzaile bakoitzak postal bat eramango du etxera, lan eta oroigarri gisa.

Estanpazio botanikoari buruzko sarrera labur bat egin ondoren, hurbiltzen direnek ikasiko dute nola jartzen diren landare naturalak paperean konposizioa sortzeko eta nola egiten diren lokailuak. Egosteko, urberritzeko eta lehortzeko prozesuaren ondoren, konposizioa eramateko prest izango dute. Yolanda Sanz diseinatzaileak ehungintzan erabiltzen dituen teknika berberak erabiliko dira, eta, beraz, emaitza bikaina izango dela bermatuta dago.

Hiru orduko iraupena izango duen ekimen honetan gehienez hamar pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta prezioa 12 eurokoa izango da, 9 eurokoa AZ txartelarekin. Sarrerak hemen, eta AZ infon eskuratu daitezke.

Aipatzekoa da ere larunbat honetan Tytti Thusberg diseinatzailearen eskutik eskainiko den ehunak birziklatzeko sormen-tailerra (11.00etatik 14.00etara). Ekimenaren arduradunen arabera, parte hartzeko aski da josteko makinaren oinarrizko erabilera jakitearekin.

Eta zer egin ahalko dute bertan? Ehunak birziklatzeko tailer honetan, bigarren eskuko jantziak/oihalak erabiliz, erosketa-poltsak egingo dituzte, arinak, erabilgarriak eta tolesgarriak. Horrela, bigarren eskuko biltegietan eskuratutako ehuna berrerabiliko dute, ingurumenaren eta haren zaintzaren alde keinu txiki bat eginez. Diseinuak ohiko plastikozko poltsak izango ditu eredu, arazo ugari sortzen baitituzte gure inguruan, nola lehorrean, hala itsasoan.

Zortzi parte-hartzaileez osatua, prezioa 12 eurokoa izango da, 9 eurokoa AZ txartelarekin. Sarrerak hemen, eta AZ info-n.

This is Basque Design: tokiko sormena, erdigunean

Azkuna Zentroak, BEAZ, EIDE eta BilbaoEkintza erakundeen laguntzarekin batera, This is Basque Design martxan jarri zuen 2019ko uztailean, bertako diseinua eta sormen-industriak sustatzeko helburuarekin eta 2019-2023 Programa Proiektuaren esparruaren barruan.

Produktuaren balio gehigarria da dendAZ. This is Basque Design espazioaren bereizgarria, tokikoa, iraunkortasuna, Do It Yourself ikuspegia eta esklusibotasuna agerian jartzea eta, batez ere, tokiko sormenaren eta diseinuaren balioa nabarmentzea. dendAZ. This is Basque Design eraikitzean, Azkuna Zentroarentzat estrategikoak diren balioak hartu dira oinarritzat: sorkuntza, irisgarritasuna, dibertsitatea eta lankidetza.

Azkuna Zentroaren arduradunek diotenez, lokala espazio malgua eta ekologikoa izan dadin diseinatu da. «Berriz konfiguratzeko moduko elementu mugigarriak erabilita, espazio hibridoa sortu da, saltzeko eta erakusteko edota ekitaldiak, aurkezpenak eta tailerrak egiteko baliagarriak diren inguruneak bateratzen dituena. Altzaria modularra da funtsean, eta hemengo zurez eginda dago, bertako artisautza-tailerretan», diote.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo This is Basque Designen edizio berri bat, asteburu honetan, Azkuna Zentroan