Xabier Etxaniz eta Karla Fernández de Gamboa, 'Egungo euskal albuma' liburuaren ondoan.
Territorios

Testuliburu nahiz katalogo gisa balio dezakeen ikerlana

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak unibertsitateari atxikitako Laida- Literatura eta Identitatea ikerketa taldeak argitaratutako euskal haur literaturako album( ilustratu)en inguruko azterlan bat argitaratu du duela hilabete gutxi. Bertako Xabier Etxaniz Erle eta Karla Fernández de Gamboa irakasleek apailatu dute liburu honen edizioa, literaturzale eta aditu ikuspegiak elkartuz

Aiora Sampedro

Sábado, 16 de marzo 2024, 00:47

Euskal Herriko Unibertsitateko Laida Ikerketa taldeak joan den urte amaieran argitaratutako ikerketa lana dugu euskarazko album ilustratuari buruzko 'Egungo euskal albuma' liburua. Laida ikerketa taldeak Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuarekin bat Euskal literatura saila deituriko atalean aurrera eramaten duen ikerlanarekin bat datorrena: egungo euskal literaturaren nondik norakoak aztertzen dira bilduma horretako liburuetan, bai joera orokorrak aztertuz, bai azterketa xeheagoak eginez. Albumaren gaineko azterketarekin batera argitaratu ziren joan den 2023. urte amaieran besteak beste Francisco Javier Rojo unibertsitateko irakasle eta egunkari honetako kolaboratzaile ohiaren omenez osatutako 'Francisco Javier Rojo Cobos. Irakurketaren xarma. 150 iruzkin literario' edota 'Xabier Lete. Bertsorik sakonena' eta 'Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema' idazle esanguratsuen azterketak nahiz ikerlan orokorragoa osatzen duen 'Libros en el terreno de juego. Literatura vasca y fútbol' azterlana.

Publicidad

Aipatu bezala, liburuaren egitura ezaguna da euskal literatura saila jarraitu duen irakurlearentzat, izan ere, Laida ikerketa taldeko kideek egin ohi dutenez, lanak bilduma bat osatzen du hautaturiko hamabi testu, kasu honetan haur literaturako hainbat album ilustratu, iruzkinduz. Liburu horiek bildumarako hautatzearen zergatiak azaltzen dituzte parte hartu duten hamaika ikerlariek eta haien ezaugarriak nabarmendu. Orokorrean, haien kalitate literarioa justifikatzen dute egileek. Era berean, iruzkin horiek guztiak, ohiko legez, sarrera kapitulu batez datoz lagunduak. Kasu honetan Karla Fernández de Gamboa eta Xabier Etxaniz editoreek apailatuta. Lehenak sarrera orokor bat osatu du album ilustratua zertan den azaltzeko. Balizko irakurleak zein liburu motaren iruzkinak topatuko dituen ezagutzeko. Xabier Etxanizek, aldiz, euskal literatur sistemaren baitan albumak egindako ibilbide historikoa errepasatu du.

Halabaina, eta egitura ezaguna dela esan badugu ere, edukia euskal sistema literarioan erabat berritzailea dela esan daiteke. Konpilatzaile Karla Fernández de Gamboak aurreratu bezala, albumaren inguruko lan soilik orain artean osatu gabea zelako euskal letretan. Are gehiago! Euskaldunak halakoetan inguruko kulturen atzetik ibili ohi garela pentsatu dezake inork, baina egiazki, Fernández de Gamboak azaltzen du gaiaren berritasunak eraginda, Europan albumaren inguruan osatutako lanetarik lehenengotarikoa ere badela euskaraz eman zaigun hau. Haur eta gazte literaturaren inguruko ia ezein gaiarekin gertatu ohi den bezala, bestalde.

Lan oso duinak basamortuan

Ikerketaren berritasuna kontuan hartuta, ikerlarien lana nabarmentzekoa da, alta bereziki kasu honetan. Duela aste batzuk egunkari honetan egileek berek eskainitako «Egungo euskal albuma: «Gure egileek oso maila handia dute» elkarrizketan esandakoarekin bat, ikerlan honen ekarpen nagusietako bat euskal haur literaturako album egileek duten kalitatea bermatzearena da. Horretarako, aipatutako liburuek jaso dituzten sariak nabarmentzen dituzte egileek, haien argitalpenerako ezinbesteko diru-iturri direla nabarmenduz gainera. Bai aipatutako elkarrizketa horren irakurketatik, bai lanaren berrikuspenetik ideia bat gailendu dakioke irakurleari: euskal haur literatura basamortu batean aritzen dela sorkuntzan eta hala izanda ere lan oso duinak sortzen dituztela gure egileek, eta ez gutxi. Horrek, bultzada apur batekin euskarazko literaturak emanen lukeen jauzian, kuantitatiboan bederen, pentsatzera darama irakurlea.

Azken ideia bat nabarmentzekotan, aipagarria da albumari buruzko liburuaren edizioaren txukuntasuna. Liburu bakoitza azaltzeko egileen iruzkinak biltzeaz gain, edizio honetan liburuen irudiak tartekatzeko tartea hartu du Laida taldeak. Irudiz eta kolorez betetako liburua osatu dute ikerlariek, unibertsitate argitalpenetako edizioetan batere ohikoa ez den estiloaz. Haurrentzako literatur-album bat irakurtzea bezain gozagarria da liburu honi gainbegiratu bat botatzea. Esperientzia sentsoriala.

Publicidad

Bere formagatik, baina batez ere edukia aztertzeko duen egituragatik, testu-liburu gisa balio dezakeen ikerlan hau, katalogo eran ere baliagarria da testu egokien zerrenda bat ezagutu nahi duenarentzat. Hartara, liburu mugarria izango da hau haur literatura eskolan nola landu jakin nahi duen irakaslearentzat, bere haurrek zer irakurtzen duten edota zer irakurtzera eman diezaieketen pentsatu nahi duen gurasoarentzat, gertuko edonorentzat edota, orokorrean, euskarazko ekoizpena zertan den edozein heldurentzat.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad