Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada, sentido Cantabria, por la avería de un camión

Hainbat hondamendi eragiteaz gain, COVID-19ak musikari ugari lapurtu dizkigu betiko: Manu Dibango, Adam Schlesinger, Christophe, Enrique Vargas, Wallace Roney, Joe Diffie, Dave Greenfield... Panko Rio, 'Radical Hardcore' euskal rockak eman duen talde amorratuenetako baten sortzailea galdu izana ere deitoratu dugu gurean.

Publicidad

Izen horien artean nire bizitzako ordu gehien bete dituena, ziur aski, The Stranglers taldeko Dave Greenfield teklatu-jotzaile edo teklista da. Giltza-jolea.

1977ko panorama lehergarri hartan, batzuek 'zero urtea' deiturikoan, musikaren munduan mugiezinak ziruditen eskemetako asko pikutara joan ziren. Jendea amaigabeko disko kontzeptualez, rock progresiboaz, eta antzeko handikeriez aspertzen hasi zen. Hirurogeita hamarreko hamarkadako izarrak, aurrekoan ez bezala, urrunak, harrapaezinak, eta sarritan arras petralak ere bihurtu ziren. Joera orokorra rocka musika klasikoaren mailan kokatzea zen eta horretarako banda alimalekoen aldeko apustua egiten zen. Lan apartak eta izen historikoak izan ziren, ezbairik ez, baina belaunaldi berriak musika hurbilagoa, biziagoa, dibertigarriagoa eskatzen hasi ziren. Hirurogeiko hamarkadako single ahaztuek dantzatzera eta maitasunaz gozatzera gonbidatzen gintuzten, rock sinfonikoak ordea 'Henrike VIII. aren sei emazteekin' eta antzeko gaiekin aspertzen gintuen. Bazen 'The Cavern' ospetsua bezalako lekuetara itzultzeko aldarri bat, non The Beatles taldekoek aurrez-aurre zeukaten jendea, musikaz eta txantxez gozatzeko prest. Ekidinezina zen, bat-batean punka lehertu zen.

Lehen boladako 'Sex Pistols', 'Television', 'The Damned', 'The Clash', 'Blondie', 'The Stranglers' eta 'Ramones'erako taldeek ez zuten oso musika-lotura zehatzik euren artean. Hori bai, xumeak ziren denak, eskuragarriak, pub eta antzoki txikietan aritzen ziren, eta haien kantak gutxitan iristen ziren lau minutura, bestalde dibertigarriak eta miresgarriak izaten saiatzen ziren hitzen bidez. Sinplifikatzeko ahalegin horretan, teklatuak baztertu egin ziren ia banda guztietan.

The Doors edo Deep Purple bezalako kasu puntualak alde batera utzita, arraroa da teklatu-jotzaileek rock munduan protagonismo gehiegi hartzea. Ohikoa da askotan teklatuak erabiltzen dituzten taldeek, The Rolling Stonesek adibidez, taldeko argazkietan inoiz ez ateratzea. Stranglersek, ordea, elementu bereizgarri bihurtu zituen teklatuak, Dave Greenfielden arrastoa nabarmena da beren abestietan, eta areago laurogeiko hamarkadan, beren estiloa giro sofistikatuagoetara bideratu zutenean, 'Golden Brown' edo 'Midnight Summer Dream'en tankerako abestiekin.

Ezin esan Stranglersena porrot bat denik. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik ari dira lanean, eta biretan badakite nahi adina areto bete ditzaketela. Hala ere, dozenaka urte eta dozenaka diskok ez dute mitorik handitzen lagundu. Musikalki, Ramones edo Sex Pistolsen oso gainetik egon diren arren, talde hauek, mitiko bihurtu ziren beren ibilera labur eta iskanbilatsuengatik. The Stranglers taldeari, telesail batzuei gertatzen zaiena gertatu zaio. Nahiz eta hasieran gustuko izan, denboraldi bati beste bat eta beste bat eranstean, puztuegi ageri dira jendearen begietara. Inork ez du, seguru asko, The Stranglers-i buruzko biopic-ik egingo. Baina bestalde, inork ez digu eragotziko urrezko aroko 'Rattus Norvegicus', 'Black & White' edo 'No more Heroes' diskoekin gozatzea. Goian Bego Mr Greenfield. Eskerrik asko bihotzez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad