Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Emanaldia hasi baino lehenago, tipo hura, jendetzaren erdian, oihuka eta irainka ari zen. Bazirudien erabat haserre zegoela taldeko partaideekin. Banan-banan izendatzen zituen, gero ongi ikasitako ingelesez 'fuck' hitzaren erabilera guztiekin apaintzeko. Txitxarro diskotekan geunden, laurogeita hamargarreneko hamarkadaren hasierako urteren batean, eta egia esan, irrikan geunden horren sasoian omen zegoen Sonic Youth taldearen zuzenekoarekin gozatzeko. Taldea oholtzan agertu zenean, gazte haren laidoak areagotu ziren. Nire lagun batek esan zidanez «Estatu Batuetan ikasitakoa irakatsi nahi digu edo...»
Mutiko haren aurpegia gorritu egin zen putetxe baten bonbilla antzera eta pentsatzekoa zen musikariren bat ez ote zen haserretuko.
Baina ez. Irain-euri alu hari muzin eginez, New Yorketik etorritako Sonic Youth taldea abian jarri zen etenik izango ez zuen kontzertu-tsunami hartan. Laurak serio demonio agertzen ziren, baina zalantzarik ez, begirada gehien batzen zuena Kim Gordon baxu-jotzailea zen. Taldeko neska.
Gau hartan Kim zuriz jantzita zegoen, soineko dotore batekin. Horren irudi birjinalak kontraste ederra egiten zuen haren abesteko erarekin. Hitzak, erdi kantaturik, erdi errezitaturik haren eztarritik ateratzen ziren infernutik bertatik etorriko balira bezala. Orroz ari zen tipoa aho bete hortz geratu zen, baita gainerako guztiok ere.
Eta ...zer sentitzen da taldeko neska izanik? Hau da, hain zuzen, Gordonek bere ibilbidean zehar gehien entzun duen galdera eta nolabait erantzuteko The Girl In a Band izeneko liburua atera berri du.
«Oholtza erdian, Sonic Youth taldearekin hartzen dudan tokian -diosku Kimek- alde guztietatik heltzen nau musikak. Emakume izatearen egoerarik gorena jendetza zuri begira ikustea da».
Baina oholtza erdian ematen duen irudi finkotik urrun, Kim Gordonek urteetan zehar izandako ziurtasunik ezak kontatzen dizkigu liburuan. Haurtzaroa eta gaztaroa neba problematiko batek markaturik, Los Angelesen eta New Yorken igarotako gabeziak, arte eta musika munduan gertatutako hasierako ezbeharrak, amatasuna eta birak uztartzeko zailtasunak, Kurt Cobain, Courtney Love, Iggy Pop eta beste hainbat kiderekin izandako harremanak...
Baina The Girl in a Band maitasun istorio bat ere bada. Kim Gordon eta Thurston Moore laurogeiko hamarkadaren hasieran maitemindu ziren New York hirian. Laster hurrengo hamarkadetan ezinbesteko garrantzia izango zuen Sonic Youth banda martxan jarriko zuten, horiek horrenbeste miresten zuten Velvet Underground taldearen izpiritua berrasmatuta: Creedence Clearwater Revival hegoaldeko sasiko Country Rock taldea zen bezala, era berean, gu Velvet Undergrounden imitazio talde bat ginen.
Hiru hamarkadetan zehar mundu osoan erreferente izan ondoren, 'Death Valley '69', 'Schizophrenia' edota 'Kool Thing'en tamainako abestiak egin ondoren, 2011. urtean bertan behera utziko zuten egitasmoa, euren dibortzioa zela eta. Bitxia da, baita ere, horren giro koolean mugitu den bikote batek zer banantze mota arrunta izango zuen: Kimek bere senarraren mugikorraren mezuak aztertzean desleialtasunak estalgabetu zituen. Ordurako gehien entzuten zuen galdera beste bat zen: Zelan uztartzen duzu amatasuna eta rockerraren bizitza?
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.