Borrar
Urgente Grandes retenciones en Rontegi, La Avanzada y el Txorierri por un accidente entre dos vehículos
«Asko egon naiz hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran perretxikoak bezala sortu ziren zulo rockeroetan». Miguel Herreros
Tabernaz taberna

Tabernaz taberna

Adarraren Puntan ·

Domingo, 24 de mayo 2020, 22:54

Gogoan ditut nire haurtzaroko auzoko tabernak, zerrautsa lurrean, «prohibido cantar» kartel ziztrin hura, gizonen ohiko kantekin hainbestetan desafiatua. Hormetan, hautsez estalitako koadroetan Ronnie Allenen garaiko Athletic hamaikakoa edo Urtain boxealaria, hurrengo aurkakoa suntsitzeko prest. Gogoan ditut disko-makinak eta beren mekanismo harrigarriak eta singleen argazki koloretsuak: 'Tony Ronald: Help', 'Dolores Vargas, La Terremoto: Achilipú', 'Lone Star: Mi Calle'. Batzuetan aitaren eskutik bisitatzen nituen tabernak, eta beste batzuetan haur-tropel alaian, jolasegun nekagarri baten ondoren baso bat ur eskatzera gindoazela. Gervasio jaunak zuen umorearen arabera, ura edalontzian edo sifoian etor zitekeen, hori baitzen gu «disolbatzeko» erabiltzen zuen tresna.

Gero nerabezaroko tabernak etorri ziren, lehen zigarroen eta txupitoen lekuko, non futbolinean eta petakoetan trebe bihurtu ginen, gure asteko pagaren zati handi baten truke. AC/DC taldearen 'Highway To Hell', Bob Dylanen 'Hurricane' eta Doctor Feelgooden 'Roxette' entzuten ziren, nahiz eta neskek Humberto Tozziren 'te Amo' edo Richard Coccianteren 'Margarita' aukeratzeko joera handiagoa izan.

Taberna baten izkutuko ertz batean izan nituen lehenengo musuak eta beste taberna batetik bota egin gintuzten gure maitasuna adoretsuegi erakusteagatik omen.

Ezin ahaztu ere gaueko 'kafe-teatro subersibo' hura; Claudio Nadie aktore argentinarrak barrez lehertarazten gintuen bere saio korrosiboekin, egun malaparta batean ikuzkizunak debekatu zuten arte.

Aldi bat ere izan nuen, ez oso luzea, 'poteoa' egin nuela, tabernaz tabernako ibilbideak, non zerbitzari trebeek zazpi poteko bost eskaera buruz ikasteko gai ziren, beste bi zerbitzatzen zituzten bitartean.

Luzaroago ibili nintzen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran perretxikoak bezala sortu ziren zulo rockeroetan. Horrelakoetan gure betiko kuadrillakoa ez zen jendearekin hasi ginen harremanetan: ezinezko alderdien militanteak, politoxikomanoak, sasi-poetak, itsasgizon galduak, modernoak, hippie zaharrak eta musikariak, estilo eta maila ezberdineko musikari ugari. Era guztietako mehatxupean bizi ziren musika-tenplu horietan Eskorbuto, Neurosis, Dinamita Pa Los Pollos, Hertzainak eta beste hainbat talde sortu ziren. Gurea, Zarama, garagardotegi batean jaio zen. Zerbetza-pitxerraren edukia hustu ahala, proiektuaren oinarriak ezarri ginen. Beste hainbatek bezala, amets hutsa izaten hasi zen: «tira, ez du hain zaila izan behar, beste batzuek egiten badute, guk zergaitik ez?. Pagak eta gabonsariak gorde eta materiala erosiko dugu. Zuk gitarra jotzen ikasiko duzu, zuk bateria eta nik euskara ikasiko dut, euskaraz abestuko baitugu. Denak aho bete hortz utziko ditugu...»

Nire kopa altxatu nahi dut munduko taberna on guztien omenez. Jainkorik gabeko tenpluak non «denek dakite zure izena«, »Cheers« telesaiaren sintonian esaten zen bezala; horixe baitzen tabernen gainean egin den ikus-entzunezko omenaldi bikaina.

Taberna galduak, taberna fantastikoak, kafe dekadenteak, herriko pub-ak, kafe-antzokiak, pintxo-barrak, kontzertu-tabernak, jatetxe abegikorrak, «Bizi guztiko» kafetegiak, txabiske tristeak... Hona hemen nire omenaldi xumea, amesgaiztoko egun hauetan gaizki pasatzen ari zaretenoi. Zer izango zen nitaz zuek gabe?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Tabernaz taberna