Borrar
Supersubmarina 2011n. E. C.
Supersubmarina eta zauriak
Buru-belarri

Supersubmarina eta zauriak

Baezako bandak 2016an izandako istripuaren ondoren bizitakoa azaldu zuten 'Salvados' saioan

Martes, 29 de octubre 2024, 00:18

Supersubmarina entzuten dudan bitartean idazten ditut lerro hauek. Eta ez da huskeria. Urte batzuk egon naiz nire talde gogokoena entzun gabe. Min ematen zidan berriro eszenatokian ikustea utopia bat zela pentsatzeak. Baina garrantzitsuena ez zen hori. Abestiak hor daude eta hor egongo dira beti. Zain. Behar dugunean gure aldamenean egoteko. Baezako lau musikariak elkarrekin ikusi nahi nituen, pozik eta osasuntsu.

Nire talde gogokoenaren istripuaren berri izateak tristura handia eman zidan. Baina ez bakarrik musikaren aldetik. Hamar urte nituela, gauez, afaltzen nengoela eta pelikula txar bat telebistan zegoela, dei bat jaso genuen etxean. Ezin ahaztu. Amaren garrazia entzun eta berehala jakin nuen oso gauza txarra gertatu zela. Ez nekien zer, eta ez nuen jakin nahi ere. Hurbileko senide bat galdu genuen. Supersubmarina bezala, lanetik bueltan, istripu bat izan zuen. Hogeita lau urte zituen. Oso segundo gutxitan dena amaitu zen.

Injustizia hitzaren esanahia ezagutu nuen, eta maite nituen pertsonen aurpegietan minik handiena ikusi nuen. Kontzeptu ulertezin askorekin bizi izan nuen nerabezaroan. Urteurrena iristen zenean tristura handia itzultzen zen. Urteak pasa ahala, oinazea areagotu egiten zen. Kontzientzia hazten ari zitzaidan. Eta errepideak ziztada gehiago eman zizkidan gero.

2016ko abuztuan dena itzuli zen. Berriro. Supersubmarina ez zen bakarrik banda bat niretzat. Nire nerabezaro korapilatsuari amaiera eman nion bere abestiekin. Aurkikuntza ederra. Neure iritzia berreskuratu nuen. Edo lehen aldiz lortu nuen. Askotan sumatu dut musikaren falta garai txarretan, eta kantu horiekin topo egitea salbamendu moduko bati izan zen niretzat.

Igandean telebistan ikusi nituen berriro 'Salvados' saioan. Lau lagunak. Trauma gogoratu zuten, baina pozik. Elkarrekin. Eta bi orduko dokumentaletik gogoeta batekin amaitzea gustatuko litzaidake. Jaime Gandia gitarristak bere buruaz beste egitea pentsatu zuen errekuperazio prozesuan. Sufrimendu horrekin amaitu nahi zuen. Eta zulo beltz horretan argia eman ziona bera bezalakoen istorioak entzutea izan zen. Horregatik eman zuen berari gertaturikoaren berri. Beste norbaiti lagunduko ziolakoan. «Hortxe egon naiz, baina irtenbide bat aurkitu nuen eta zuk ere aurki dezakezu».

Nire bihotzak beti izango du zauri bat, baina haren hitzak besarkada bat izan ziren niretzat. Hortxe daude. Elkarrekin. Pozik azkenean. Bizirik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Supersubmarina eta zauriak