Metroan zoaz lanera. Zure antzeko zonbien artean, goizaldeko bagoi horretan, bisitari alaiak tartekatzen dira: gazte motxiladunak, barre eta algara artean eguneko planari errepaso eginez; erretiratu bikote bat plano bati bueltak emanez... Abuztu-aldean hartu behar duzun oporraldia urrunegi sentitzen duzu oraindik. Egun hauetan inguratzen zaituen guztiak inbidia sentitzera eramaten zaitu, ezinbestez. Konspirazio bat izango bailitzan hor daude Facebook eta Instagrameko sasilagunak, bazterrik ederrenetako argazkiak igotzen, erdi biluzik, azal belztuak, eguzki distiratsua bermatua duten alderdi ezberdinetatik. Telebistako iragarkiak ere, aurpegi irribarretsuz josita daude: hondartza aldean, mendietan, barbakoetan, jaialdi erraldoietan... urtero-urtero markaren batek George Gershwin-en 'Summertime' klasikoa zerbait saltzeko berreskuratzen du: «Uda da eta bizitza erraza da/ arrainak saltoka dabiltza eta kotoia goratuta dago/ zure aita aberatsa da/ zure ama ederra/ zaude isilik haurra/ ez egin negarrik». Zorigaitza biribiltzeko, jaiak ospatzen ari dira zure auzoan. Ohean sartuta, lo egin ezinik, jendetzaren barre eta algarak goizalde arte luzatu dira musika alaiarekin nahasturik. Nostalgia eta malenkoniarako egunak dira hauek, bai: txikitako oporraldi amaigabeak; gaztetako kanpaldi ziragarriak, auto-stopeko abenturaren bat, urruneko abuztu hura sagarrak biltzen Ingalaterran, Abaltzisketako barnetegia, nonahi entzuten zenean Gozategiren udako doinu gozo hura: «Emoixtaxux muxutxuek, maitie/ hartuixu guruxun guztixe/ eroaixu bixotz tristie/ zure bixotzarekin». Gaurkoa bezalako egunetan, inoiz baino egiazkoago da zuretzat Jim Morrisonen esaldia: «musika da zure adiskide bakarra». Poltsikotik kaskoak ateratzen dituzu eta telefonoan duzun bilduma entzuteari ekiten diozu. Etxean egin zenuen atzo aukeraketa. Horra hor lehen tiroa: The Lovin' Spoonful-en 'Summer in the City': «Hiri bero bat udan/ alkandoraren lepoa zikin eta latz bihurtzen da/ burumakur nabil/ ez al da penagarria?/ hiri osoan itzalik ez dago antza/ mundu guztiak hildako itxura dauka/ pospolo-burua baino beroago dagoen espaloian». Bada, ez zara hirian igarotako uda batean goibel sentitu zaren bakarra. Udara ez da beti King Afrika edo Georgie Dann-en esparrua izan, ez. Burura datorkizu Regina Spektor-en izen bereko kantua, 'Summer In The City' hain zuzen. Sobietar Batasunean jaiotako abeslariak sekula nekatzen ez zaituen kantu eder hori konposatu zuen: «Udara hirian: eskoteak, eskoteak, eskoteak/ eta batzuetan zure falta sentitzen dut/ gautxori ibili naiz, gaueko taberna batean edaten/ ezezagunei arazo pertsonalak kontatzen/ udara hirian/ bakar-bakarrik nago/ manifestazio batera joan nintzen/ ezezagunak doi-doi ukitzeagatik bakarrik». Geltokitik at, giro itogarri horretan zehar nekez aurreratuz, The Who lehertzen zaizu bat batean entzungailuetan, Eddie Cochranen klasikoa beren esparrura eramanez: «Protesta egin nahi dut / oihu egin nahi dut/ uda osoan lan egin beharraz/ txanpon baten truke/maiteari deitzen diodan aldiro/ egun bat hitzartu nahian/ nagusiak esaten dit 'ez, berandu arte lan egin behar duk eta'/ Batzuetan nire buruari galdetzen diot/ ea zer egingo dudan/ sendabiderik ez dago eta/ udako tristurarentzat». Ain't no cure for the Summertime Blues.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad