Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Usain kontuez ariko naiz gaurkoan, edo, hobeto esan, gaitasun horretaz arduratzen den zentzumenaren tresnaz. Sudurraz alegia. Izan ere, aspalditik naiz sudur handi edo luzeen kofradiakoa. Nire familiaren ezaugarri nabarmenetakoa da, lotsarik gabeko sudurrak izatea, sudur agerikoak, ondo ikusten diren horietakoak edo, nahiago baduzue, gainerakoa ondo ikustea eragozten duten horietakoak. Beharbada, horregatik estimatu nuen txiki-txikitatik Bergerac-eko Cyrano, Edmund Rostandek sortutako pertsonaia gogoangarria. Ezpatari ezin trebeagoa, gai zen ilargitik jauzi egiteko, baina bere sudurraz lotsatuta, poeta delikatu baten gerizpean ezkutatzen zen. Hitz ederrak idazten zituen maite zuen emakumearentzat, Roxanerentzat, baina beste baten izenean, beste horrek maitemindu zezan. Zalantzarik gabe, ez da gutxi sudur handiek maitasun kontuetan esateko duguna.
Nolanahi ere, Bibliaren garaitik ezagun da sudurraren indar metaforikoa. Joben liburuaren 41. atalaren 22 txataletik aurrera, adibidez, honela esaten zaigu: «Haren doministikuek su-argia botatzen dute (…). Kea irteten zaio sudurretik, borbor irakiten dagoen pertzetik bezala». Ez da Biblian dagoen aipamen bakarra, badira han-hemenka beste hainbat. Ezaguna dugu, bestalde, Kleopatraren sudurra. Julio Zesar eta Marko Antonio liluratu zituen. Sudur hari liburu bat eskaini zion Judith Thurman kazetariak, eta liburu horretan Blaise Pascalen aipu bat dakarkigu gogora: «Kleopatraren sudurra laburragoa izan balitz, lurraren aurpegi osoa aldatuko zatekeen».
Esaera zaharretan, halaber, sudurra behin eta berriz agertzen den osagai bat da: «Airean ttu egiten duenak, ttua biltzen du sudurretan», «Egia, sudurraren ondoan begia», «Sudur more, pattar edale». Atsotitzak biltzen dituen Gotzon Garateren web-orrian (ametza.com) hamasei dira 'sudur' hitza barruan duten atsotitzak. Bide batez, euskaraz derrigor egiten ditugun gauzak gaztelaniaz «por narices» egiten dira.
Eskola garaian, Quevedoren sudurrarekin topo egin nuen, edo, hobeto esan, Góngorarenarekin. Ezaguna da lehenak bigarrenari eskaini zion sonetoa, 'A una nariz' izenburupean. «Érase un hombre a una nariz pegado, érase una nariz superlativa…», eta abar. Gehienetan, txantxarako arrazoi izan da sudur handia, baina usaimen ona urrearen prezioan estimatzen da ikertzaileen nobeletan edo genero beltzekoetan. Azken batean, saiatu aipatzen sudur luzea ez den detektibe bat… Beharbada, Pinotxo da sudur luzeen artean pertsonaia hilezkorrena (liburu baten izenburua eskaini nion aspaldi, ez kasualitatez). Collodiren pertsonaiaz ari naizela, zilegi bekit Matteo Garronek 2019an egin zuen bertsioa gomendatzea. Izan ere, Collodiren pertsonaiak ez du ia zerikusirik Disneyren bertsioaren egurrezko txotxongilo azukreztatuarekin. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Nire katalogoan goiko postuetan dagoen beste sudur ezagun bat Gogolena da. Idazle ukrainarrak sudurra galdu zuen Petersburgoko funtzionario bat asmatu zuen bere narrazio ezagunenetako baterako, Kovaliov izenekoa. Edo, zehatzago esanda, sudurrak bere jabea abandonatzen du bizitza propio bat izateko. Kovaliov koitadua sudurraren atzetik dabil, eta pixkanaka ohartzen gara sudurrarena uste baino kontu larriagoa dela, ezinbestekoa baita maila sozialean gora egiteko (sudurrak bere kabuz egin duena). Xostakovitxek opera bat idatzi zuen istorio hori oinarri hartuta.
Sudurrez aritu naiz orain arte, baina biboteez ere aritu nintekeen. Izan ere, zerk ematen dio funtsa eta euskarria biboteari sudurrak ez bada? Imajinatu sudurrik gabeko bibote bat. Carrèrek liburu kafkiar bat eskaini zion gaiari, bibotea mozten duen gizon baten eskutik (edo sudurretik). Moztu duen arren, badirudi inor ez dela aldaketa horretaz ohartzen, ezta bere emaztea ere. Adarra jotzen ari zaizkio? Bere aurka konfabulatu dira denak? Ala benetan ez du inoiz biboterik izan?
Gehienetan umorearen bidetik eraman izan gaitu sudurrak literaturan. Ez da garrantzi gutxikoa nor bere buruaz barre egiten jakitea: zer esanik ez norbere sudurraz…
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.