Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Sistema literarioaz hasten zaizkidanean, ez dut esango negazionista edo terraplanista naizenik, baina bai eszeptiko hertsia edo gotorra, hala esaterik baldin badago. Pasadizo batek ondo islatzen du zer sentitzen dudan. Churchilli galdetu omen zioten behin ea zer iritzi zuen frantziarrei buruz, eta honek erantzun: «Ez dakit, asko dira eta ez ditut denak ezagutzen». Erantzun neurtua, inondik ere. Esaera zaharrak diosku orokorkeriak gorrotagarriak direla, baina, hala direla onartuta ere, gizakiaren bizio iraunkor eta tematienetako bat da halakoak egiten jarraitzea. «Orokorkerian erori», esaten dugu euskaraz, ez «orokorkeriara igo» edo «orokorkerian gora egin». Baizik eta 'orokorkeria' eta 'erori', sinonimoak balira bezala. Geure burua ere ez dugu ondo ezagutzen… Zerbaitegatik agertzen ziren Apoloren Delfoseko tenpluan honako hitz hauek harrian idatzita: «Ezagutu zeure burua». Hitzok autoezagutzaz ari ziren, ez autoerreferentzialtasunaz edo berekoikeriaz. Ezta ispiluan ikusten dugun irudiaz bakarrik ere. Zilborrera ez, eta barrurago begiratu behar da hezur-haragiaren atzean dagoena antzemateko.
Nolanahi ere, eta, lehengo hariari helduz, sistematizazio lan batek dagoen guztia irakurtzea eta ezagutzea eskatzen du, eta aspaldi egiaztatuta dago hori ezinezkoa dela. Zenbat lanaldi beharko lirateke, adibidez, gure literaturan ekoitzi denaren ehuneko ehuna irakurtzeko? Agian, errazagoa da (eta horregatik fidagarriagoa) antzerkian edo poesian kaleratu dena ezagutzea, prosan baino askoz gutxiago argitaratzen baita. Batetik, beraz, arazo kuantitatibo bat dugu, dena ezagutzearen ezintasuna edo dena irakurtzera heltzeko zailtasuna. Beraz, beti komeni da sistematizazio ahaleginak tentu handiz hartzea. Bestetik, irudipena dut sistematizatzaileek beren uztako ideia jakin batzuk dituztela barruan sartuta, eta 'sistema' hitzaren baitan balioztatu eta berretsi nahi dituztela. Azken batean, sistema erabil dezakete beren ideiak indartzeko eta zabaltzeko. Dena den, kasurik onenean, sistematizatzaileak garbi jokatzen duela suposatzen badugu (alegia dena edo ia dena irakurri ostean mintzo dela), gauza jakina da zerbait definitu nahi izateak, berez, zerbait hori mugatzea dakarrela. Sistematizazioa laburbiltzeko tresna bat da, osotasuna eskura jartzeko metodo bat. Ez dut esango hainbat sistematizaziotan intuizio onak eta egokiak ez daudenik, eta literatur bideak irekitzeko aberasgarriak izan ez daitezkeenik, baina Steinerrek ondo definitzen zuen zeregin horren lausoa: «Ulertzen dugu, desoseguak jota, printzipio kritikoak gustuaren aldaketari datxekion autoritate-sorginkeria iragankorrak ezartzeko saiakerak direla». Autoritatea, sorginkeria eta iragankorra… Subjektibotasunen munduan sartzen gara berriro ere (edo interes pertsonalenetan). Horregatik, «nola ikusten duzu euskal literatura?» galdera fatidikoa egiten didatenean, nahiz saiatzen naizen beste alde batera begiratzen eta eztarria behin eta berriz garbitzen (kazetariak, itxaroteaz aspertuta, beste galdera bat egin diezadan), azkenean, betikoa erantzuten dut heziera onez eta euskararen normalkuntzaren mesedean: «ondo edo oso ondo». Kontrakoa esanagatik ere, «gaizki edo oso gaizki», gezurretan ariko nintzateke, ez baititut argitaratu diren liburu guztiak edo ia guztiak irakurri. Intuizioz erantzun dezakegu baietz edo ezetz, ondo edo gaizki, baina intuizioaren eremuan geratuko ginateke. Esango nuke, gainera, liburuen ordez, liburuei buruzko iruzkinak direla gehiago irakurtzen direnak, eta horiek ezta osorik ere.
Gainera, esan daiteke sistematizazio guztiek sailkapen eta zentzu halako baten itxura ematen dutela, kaosa eta dispertsioa ordenatzen dutela. Eta idazlearen ohiko habitata, baten bat izatekotan, nahaste-borrastea eta bakardadea da, edo, nahiago baduzue, oihana. Eta hor dabil idazlea, matxetearekin fauna basatian aurrera egiten, batzuetan sastrakak eta belar txarrak moztuz, eta, beste batzuetan, berriz, 'arerio' literarioei aiztoa atzetik edo bizkarretik sartuz. Aho biko sistema, beraz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.