Nire poetarik kutunetakoa da Sharon Olds (San Francisco, 1942), eta horren froga da 2020an artikulu bat eskaini niola orrialde hauetan. Kutuna, miresgarria eta askotan egin zait bere poesia erakargarria. Etengabe gomendatzen diet adiskideei poeta hori irakurtzeko, eta irakurtzeko merezi du eta haren lana ezagutzeak.
Publicidad
Azken boladan egunkarietan agertu izan da, New Yorkeko Cervantes Institutuko egoitzan I Joan Margarit Saria eman diotenez. Eta poztu naiz izen biak batera ikusterakoan. Sharon Oldsen mireslea banaiz, ez da atzean geratzen poeta katalanarengatik dudan errespetua, zeren poeta katalanaren adiskidetasunaren seinaleak eta frogak izan nituen nire bizitzako zenbait urteetan. 2008an bioi batera eman ziguten Compostelako Santiagon Rosalia de Castro Saria. Eta orduan lehenagotik ezaguna nuen bere adeitasunaren berri izan nuen. Azken aldiz Bilbon izan zenean, Bidebarrietako Kulturgunean, bera aurkezteko eta bere poesia indartua entzuteko beta paregabea izan nuen. Poz handia izan dut bai, poeta maitatu bi elkarkide ikusi ditut egunotan.
Taylor Swiften joera sexuala dela eta, bitan banandu omen dira bere zale eta jarraitzaileak: Gaylor deiturikoak eta Hetlor izendatzen direnak gogor omen dabiltza elkarri erasoka, haiek gaya dela adieraziz, beste horiek heteroa dela defendatuz. Bada horiekin gertatzen den bezala, Estatu Batuetako poeta nagusi biren zaleak bakoitza berea defendatuz jarriko bagenitu, baditut nik izenak nire kolkorako; Estatu Batuetako poeten artean izango balitz norgehiagokorik, eztabaidarik, nik ez nuke zalantzarik.
Beraz, Sharon Oldsen eta 2020an Nobel Saria lortu zuen Louise Glücken arteko lehia inoiz eta inon balitz, Kaliforniakoaren alde egingo nuke itsu-itsuan, Sharon Oldsen alde. Eta ziurrenik ez da inoiz gertatuko horrelako konparaketarik batez ere autobiografian, bizitzan oinarrituriko gaiak aipatzen dituztelako biek. Badakit Glückek asko lantzen duela bere bizitza pertsonala eta adierazten duela bere mundu propio hori Europako mitologia klasikoaren bidez, hortaz klasikotasunaren esparrua ongi ezagutzen duela, eta horrek eremu akademikoaren itzala dakarkiola.
Baina Sharon Oldsen poesiak lotura oso zuzena du bizitzarekin. Elkarrizketa batean irakurri diot bere poesia argitaratu nahian hasi zenean, ez zela onartua izan: «Editore askok nire poemak gorrotatzen zituzten. Ez zela poesia esan ohi zuten, haur batekin etxean loturik zen emakume baten delirioak baizik».
Publicidad
Bere esan, moldeak ez du zirrikiturik. Txistu bizian heldu ohi da irakurlearen adimenera. Bihotzetik hortzera datorrena da, minaren bidez moldatua. Autobiografia du oinarri. Haurtzaroko min eta beldurrak. Aitak haurtzaroan egin zizkion tratu txarrak. Nagusia denean, senarrarekiko banaketak sortzen duen ezinegona, etorkizunarekiko zalantzak. Gizaki ahul baten nondik-norakoak. Mendebaldeko Familia Instituzioak sortzen dituen egoera gogorrak dira bere poesiaren adar nagusiak. Baina, mina ere bada bere poesiaren bihotza, Oldsek hunkigarria egiten du bere esan moldea, barnean duen beldurra poesia erakargarria bihurtuz.
Askotan pentsatu dut Joan Maragariten hitzaren bidea ere horixe zela, autobiografiaren mina ironiaz, umorez, zuzentasunez irakurleari eman eta azaldu. Egin zituen itzulpenen bidez ekarri zuen poeta katalanak Sharon Oldsen hitza gaztelerara, eta horregatik ere poza izan dut bien izenak batera ikustean.
Publicidad
Baina gaur egun irakurri ote da Sharon Olds? Badu oihartzunik gure artean? Bere liburuak itzulita daude, badu izenik gure artean. Baina zer irakurri ohi da gazteleraz diharduten herrietan? Bai, badakit zer erantzungo didan begi zorrotzak: ez dela poesia irakurtzen, ez Sharon Oldsena ez beste ezer.
Baina burugogorra naiz eta begiratu dut zer poesia liburu diren salduenak Espainian aldizkari bateko, El Culturaleko, zerrenden arabera. Zerrenda bi hartu ditut, apirilekoa bata, uztailekoa bestea, aldaketarik ote zen ikusteko asmoz. Eta esan beharko nuke ez dagoela ildoetan aldaketa nabarmenik, poeten izenak aldatzen badira ere.
Publicidad
Hiru-lau lerro nagusi nabarmentzen dira irakurleen bideetan zehar. Lehena, poeta klasiko eta ezagunei dieten xarma nabari da. Bigarrena, nagusiak ziren postpoesia deituriko liburuak, hau da, poeta gazteak, sentimentalismoaren inguruko gaiak, poesia erraza, autolaguntzatik hurbil, jarraibide handiarekin interneten… Eta hirugarren tokian ageri dira gaur eguneko poetak: Luis García Montero, adibidez.
Apirileko zerrenda buruan Federico García Lorca ageri zen, Poeta en Nueva York liburuari esker. Poeta andaluziarraren beste liburu bi ere aipatzen dira, Romancero Gitano bi aldiz, argitalpen desberdin biri esker, eta Antología Poética. Bestela postpoesiak toki handia bete du. Poeta gazteak, sentimenduz beteak, eta gai bakar gisa erromantizismo ilun baten agerpena egiten dutenak. Manu Erenaren Consecuencias de decir te quiero liburuak 99 astebete zeramatzan liburu salduenen zerrendan, adibidez. Edo Rodrigo Cortesen Verbolariok toki berezia du lehen postuetan.
Publicidad
Uztailean ez zen panorama askorik aldatu. Badira poeta gazteen aipamena, Elvira Sastrek du orain lehen postua, baina Rodrigo Cortés edo Gata Cattana goi postuetan daude. Poesia klasikoko izenak hor irauten dute, izen berberak ia. Federico García Lorcak lau liburu ditu hogeiko zerrendan, Antonio Machadok bat, eta deigarriena dena, Alejandra Pizarniken Obras Completas lanak 56 astebete bete ditu zerrendan.
Ez da erraza izango Sharon Olds zerrendan aurkitzea, baina poeta nagusien patua izan liteke. Handiak izan eta txikiek ikusi ez…
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.