Duela mendetik gora, existentzialismoak indar handia hartu zuen Europan. Kierkegaarden idatziek interes bizia piztu zuten XIX. mendearen bigarren erdialdean. 'Ikara eta dardara' edota 'Estutasunaren kontzeptua' bezalako lanak utzi zizkigun, itzal handia eman ziotenak. Pentsa, Unamunok daniera ikasi zuen Bilboko portuan Kierkegaarden lanak jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateko. Existentzialismoaren hastapenaren urteak ziren. Giza izaera, askatasuna, erantzukizun indibiduala, emozioak eta bizitzaren esanahia aztertzen zituen korronte horrek. Pentsalari eta idazle ezagun asko bildu ziren existentzialismoaren abarora: Dostoievski, Nietzsche, Jaspers, Xestov, Heidegger, Sartre, Beauvoir, Camus… Existentzialista izan gabe, Rilkeren zenbait idatzik eragin handia izan zuten existentzialistengan. Kafka edo Pessoa ezin ditugu existentzialistatzat jo zentzu hertsian, baina ur haietan igeri ibili ziren zenbait testutan, adibidez 'Ezinegonaren liburua'n edo 'Prozesua'n hurrenez hurren. Beste hainbeste gertatzen da Herman Hesse, Graham Greene, Thomas Mann, Alberto Moravia, Stanislaw Lem, Simone Weil, Kazantzakis, Onetti eta abarrekin… Zinema kontuetan ere, ez dira existentzialistak falta: Ingmar Bergman, Tarkovski, Von Trier, Woody Allen bera (ukitu komikoarekin baina)… Gurean, Txillardegik erakarmen handia sentitu zuen existentzialismoagatik. 'Leturiaren egunkari ezkutua' da horren lekuko, edo Unamunoren alderdi existentzialista aldarrikatzeko egin zuen ahalegina.
Publicidad
XX. mendearen zati handi bat gurutzatzen du existentzialismoak. Zauri handiak utzi zituen baita ere. Ezagunak dira, adibidez, Sartre eta Camusen arteko ikamikak. Pixkanaka, ordea, indarra galtzen joan da existentzialismoa. Gero eta gutxiago estutzen gaitu bizitzaren zentzuak, bizialdiaren ondoezak. Beste kezka batzuk nagusitu dira, gizartea aldatzen joan da, materialistagoak bihurtu gara, teknologikoagoak, baina, aldi berean, orain arte ikusi nahi ez genituen edo bazterrerago zeuden beste zenbait kezka «jalgi dira plazara». Gazteagoa nintzenean, esaterako, euskaldunen eta espainiarren artean erdibitzen zen gure identitatea, ahotik ahora zebilen 'independentzia' hitza (zeinaren alde, jakina den bezala, bizia eman omen zuten batzuek, beste batzuek eurena galtzearen truke). Denbora gutxian, zaharkitua geratu da garai hartako eztabaidagai nagusi eta ia bakarra, oso bigarren mailan. Azken aldian, hizpide ditugun gaiek zerikusi handiagoa dute generoarekin eta sexualitatearekin. Emakumeen eskubideen berdintasuna, bazterketarik eza sexualitate kontuetan, genero-identitatea… Eskuin kontserbadorea XVIII. mendera atzera egiten ari den bitartean, gizartearen sektore handi batek aurrera egin nahi du ildo horretan, nahiz kontzeptu jakin batzuk erabiltzean nahasmena ere sor daitekeen. Bulbadun mutilak ditugu orain, eta zakildun neskak (neurri batean, androginia esaten zioten horri antzinako greziarrek), baina emakume-gizonen arteko sailkapen horretan harrapatuta gaude, gainditu ezinik. Ezin gara tarteko zerbait izan, edo zerbait hibridoa. Ez. Edo bata edo bestea. Ez dago besterik. Jainkoa hil ostean, gure genitalekin egin dugu topo. Haiek bakarrik zedarritzen dute gure identitatea.
Zalantzarik gabe, aspalditik dator gizakion askatasunaren historia, eta luzerako joko duela dirudi. Gauza askotaz askatu beharko dugu lehenik, heredatutako ohitura eta aurreiritzi askotaz, neurrigabeko kontsumoaz, dogmatismoaz, haize putz batekin zazpi itsasoak zeharkatzeko bezainbeste puzten den suminduraz… Eskerrak gai batzuetan aurrera egin dugun eta berdintasunaren benetako esanahira gehiago hurbiltzen ari garen. Orain gutxi, hain zuzen ere, genero kontuen sailkapena ezabatu egin behar zela irakurri nion norbaiti elkarrizketa batean. Gizonen eta emakumeen desagerpena alegia, multiespeziearen ideiarekin lotutako 'holobionte' deritzon zerbaiten mesedetan. Egia esan, buruhauste asko kenduko genituzke gainetik.
Gauzak horrela, pentsa daiteke azken hamarkadotan existentzialismotik sexistentzialismora pasatu garela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.