Borrar
Aurtengo EXIB azokaren une bat, Portugaleko Setubal hirian. E. C.
Setubal

Setubal

Setubal bikote gazte bat portuan elkar musukatzen da, aspaldian ikusten ez nuen iraupen eta grinaz

Lunes, 24 de junio 2019, 00:44

Setubal neurrigabeko badia batean arrantzan dabilen arrantzale bakarti bat da.

Setubal etorbide luze bezain zabal bat da, erdian pabadurazko pasealekua, alboetan autoak, autoetan zebra-gune guztietan gelditzen diren gidariak.

Setubal gozotegiz eta jatetxez beteriko tokia da. Askotan biak egoitza berean aurki daitezke.

Setubal arrantza-ontzi txiki bat da, sekulako ozeano batean alaiki barneratuz doana.

Setubal 9,05 euroko eguneko menu on bat da eta 0,75 zentimoko infusio bat.

Setubal 'Centro de Explicaçoes e Estudio Acompanhado' dioen idazkun bat da. Akademia ote?

Setubal frankiziak aurkitzea zaila den hiri bat da.

Setubal bikote gazte bat portuan elkar musukatzen da, aspaldian ikusten ez nuen iraupen eta grinaz.

Setubal igitaia eta mailua hauteskunde-karteletan oraindik ikuserrazak diren toki bat da. Setubalen ohikoak dira zerbitzari eta dendari atseginak, biztanlerik gabeko etxe kolonial dotoreak eta kable-nahasketak agerian, fatxada eta kale kantoietan.

Setubalen barraskiloak daude salgai nonahi.

Gidaliburuaren arabera feniziarrak izan ziren K.a. 1000. urte inguruan Setubaleko lehen kokagunea sortu zutenak. Erromatarren garaiko jarduera ekonomikoa itsasoari loturik egon zen, merkataritzari eta gatzagei. 'Cetobriga' izena eman zioten, 'Gatzagen hiria'. Mendeetan zehar, itsas merkataritzari esker nazioarte mailako kai bihurtu da.

Lau egunetan barrena, EXIB musika azoka dela eta, Setubalera hurbiltzeko aukera izan dut. Egun hauetan lehen marraztutako paisaiari musika emanaldiak gehitu zaizkio. Jarotxo soinuak, huri-zaharreko plazatxo batean; jazza, 'Casa da Baía'-ko barne patioan; soinu zeltak, 'Bocage' plazan; edota, fadoa, 'Luisa Todi' etorbidean.

Orain dela bost urte Bilbon jaio zen jaialdi honetan, Latinoamerikako joera musikalak daude ikus-entzungai. Promotoreak, managerrak, kazetariak eta industria honekin zerikusia dugun beste asko, inguruan mugitzen gara. Horrenbeste kontzertu, mahai-inguru, lantegi eta aurkezpen bizi ondoren, asteak pasa behar dira bizitako guztia nolabait digeritzeko.

Buruan irudi, musika eta hitzen zurrunbiloak dirau: «Kepak bere lan egiteko grina nekaezina kutsatu zigun», zioen José Coimbrak, '7 Évoras em Kepa' dokumentalaren egilekideak, lan honen aurkezpenean. Gero ikusteko aukera izan genuen: Kepa Junkera Alenteixoko zenbait kantarirekin gaitasunak elkartuz. Iktus batetik osatzen ari den trikitilariak egin duen azken lanetariko bat. Nabaria da Kepak hango lurretan utzi duen aztarna sakona.

«Portugaleko musika ez da tristea, serioa baizik, ez dugu nahastu behar», esan zigun Joana Rikardok, Zanguizarra taldekoak.

«Ez genekien 'Grândola, Vila Morena'-ren historia, interneten ezagutu eta gero gure bertsio bat egitea erabaki genuen. Oso hunkigarria izan da». Krabelinen iraultza baketsua gertatu zenetik 46 urte pasa dira. Setubalen ikusi genuenez, militarrek apirilaren 25 hartan seinaletzat erabili zuten abestia entzun ondoren, gehienek txalokatu zuten eserita, banaka batzuk altxatu egin ziren eta entzun zen txisturen bat ere Argentinako 'Cuarteto Kare'-k abesten zuen bitartean.

Dena den 'Zeca' Afonsoren doinuak soinu banda ezin ederragoa jarri zion iraultza eredugarri bati. Hemen Jarcharen 'Libertad Sin Ira' tonadillarekin konformatu behar izan genuen. Esanguratsua, gero.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Setubal