Antzekoak beti jazo dira, baina segurtasun-kamerek eta sare sozialek dena biralizatzen dutenez, orain inoiz baino gertuagoko egiten zaizkigu. Sentiberatasun apurren bat duen edonork oso sakoneko halako ezinegona sentitu du adineko bi emakumek euren etxeko igogailua hartzera zihoazenean Bilbon jasandako lapurretaren irudiak ikustean. Ez bakarrik edozein herritarrek horrelakoetatik salbu bizitzeko duen eskubidea hain bortizki eta hain gertu urratu delako. Ondorioak zein larriak izan daitezkeen pentsatzeak eragiten du hotzikararik handiena.

Publicidad

Arlo guztietako gertaeren abiada biziak berriak berehala zimeltzen dituenez, oroimena zorrozteak aparteko garrantzia du gaur egun. Baina ez dago oso atzera jo beharrik duela hilabete gutxi Bilbon segurtasunaren ingurukoa oihartzun ezin zabalagoko hausnarketa izan zela gogoratzeko. Eta ez inoren interes maltzurren ondorioz, jazoera guztiz mingarrien ostean baizik. Honi lotuta Bilbo aipatzea bidegabea da, dena den. Ez duelako inolako balio kualitatiborik, epe mugatu batekoak lekuren batean kokatzekoa besterik ez. Hala, edonon eta edonoiz gerta daitezke antzekoak. Herrialderik seguruenean ere badirelako, beti dagoelako kalte egiteko prest dagoen dohakaberen bat.

Agintarien eta gizartearen erantzunean dago benetako aldea. Honelakoak ezin direlako haserrez eta etsipen soilez hartu eta hurrengoren bat heldu bitartean ahaztu. Eraginkortasunez erantzun behar zaie, plangintza landuekin, segurtasunaz arduratzen direnei baliabideak emanda, herritarren lankidetza sustatuta eta gaizkileei inpunitaterik zein baretasunik izango ez dutela zorrotz jakinarazita, egindakoaren araberako zigorrak ezarrita. Erasotutako bi andrazkoek ez zuten telebistetako kamera aurrean adierazpenik ere egin nahi izan, beldurrez. Izu hori sentitzen dutenak biktimak direnean, zerbait ez dago ondo; oinarrizko zerbaitek huts egiten du, nabarmen. Honakoan, zorigaiztoko ustekabekoak ubeldurak baino ez dizkie utzi. Eskerrak. Baina bistakoa da min psikologikoa askoz larriagoa izan dela, horren arrastoak luzerako baldintza ditzakeela. Bada sasoia honelako jazoerei eraginkorrago erantzuteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad