Borrar
'The nigger factory' liburuaren azala. Beheko argazkian, Gil Scott-Heron.
Gil Scott-Heron eta amerikar heroia

Gil Scott-Heron eta amerikar heroia

Gil Scott-Heronen lanen artean, eleberri bat badago, 'The nigger factory', bereziki garrantzitsua Ameriketako Estatu Batuetan noizbehinka bizi diren biolentzia eta arrazakeriazko hilketak ulertzeko

Sábado, 19 de junio 2021

1972an Gil Scott-Heron poeta eta nobelagileak 'Free will' diskoa kaleratu zuen. Bertan Nixonen administrazioaren politikek komunitate beltzetan zituzten eraginak salatzen zituen. Bob Thiele zen disko horren ekoizlea, John Coltrane eta Johnny Hartmann elkartu zituen bera. Formari begiratuz, esan daiteke Scott-Heronen grabaketa hauek 60ko jazzaren eta 80ko kaleko musikaren arteko lotura zuzena direla. Hor daude harmonia beltzak, gizakizko sentimendu oinarrizkoak eta alienazioaren poesia.

Gil Scott-Heronen lanen artean, eleberri bi ere baditugu. Lehena, 'The vulture' (Putrea, 1970) thriller edo misteriozko istorioa da, New Yorken gertatutako hilketa bati buruzkoa. Bigarren nobela 'The nigger factory' da (Beltzen faktoria, 1972). Azken hau bereziki garrantzitsua da oraindik ere. Ameriketako Estatu Batuetan noizbehinka bizi diren biolentzia eta arrazakeriazko hilketek modu argian erakusten dute gizarte hartan azalaren tonuak modu sakonean baldintzatzen duela bizitza.

'The nigger factory' liburuak argudio estetiko indartsuak lantzen ditu. Theodor W. Adornok 'Estetika' liburuan aipatzen zuen lan estetiko batek balio edo indar berezia duela bere baitan ideia kontraesankorrak aurkezten dituenean, tentsio bat garatzea lortzen badu. 'The nigger factory' ikuspegi horretatik aztertzen badugu, esan daiteke hiru tentsio nagusik osatutako nobela dela.

Lehen tentsioa hizkuntzari dagokiona da. Scott-Heronek kaleko hizkuntza erabiltzen du, hau da, beltzek beren elkarrizketetan erabiltzen duten ingeles berezia. Hautaketa horrekin autoreak errealismo kutsu bat eman nahi dio liburuari eta aldi berean irakurle afroamerikarrei beren esperientziarekin identifikatzeko aukera ematen die. Baina aldi berean, eleberriak kutsu sinbolista nabarmena du, hau da, esanahi plano bat dago modu sinbolikoan ulertu behar dena eta lanari osotasuna ematen diona. Horren adierazle garbiena kanpusari ematen dioten izena da, «plantazioa» alegia.

Bigarren tentsio garrantzitsua erakunde sozialen eta beltzen jatorri historikoari buruzkoa da. Istorioa unibertsitate batean murgiltzen da. Unibertsitatea da sistema zuriak komunitate beltzei gizartean duten posizioa hobetzeko eskaintzen dien bide nagusia. Ikasketen bitartez erakunde zuriek integrazio sistemiko bat bultzatuko lukete. Baina liburuak erakusten duena da ustezko helburu hori ideologiak baldintzatzen duela.

Hirugarren tentsio nagusia da gizonezkoek eta emakumezkoek duten protagonismo ezberdinarena. Lehen irakurketa batean ematen du gizonezkoak erabat nagusiak direla akzioan eta akzioaren norabidean. Are gehiago, liburuaren azkenerantz, emakumezkoei unibertsitatetik ihes egitea eskatzen zaie. Baina liburuak estrategia konplexuagoa eskaintzen duela esan daiteke. Zeren eta, narrazioak dituen une gatazkatsuetan, emakumezkoak dira irtenbidearen lekuan azaltzen direnak. Esan daiteke autoreak emakumezkoak identifikatzen dituela arazo sozialen irteera alternatibo bezala.

Amerikar heroia

Duela hilabete batzuk indoeuropar heroiari buruz idatzi genuen. Artikulu hartan aipatzen zen indoeuropar heroiak zentzu berezi bat duela, bere oinarri etimologikotik datorrena. Heroia, indoeuropar mitologian orduz kanpo edo garaiz kanpo dabilena da. Herakles eta Akiles lirateke heroi mota horren eredu nagusi. Indoeuropar tradizioak mendebaleko kulturaren azpi geruza osatzen baldin badu, kristautasunarekin kultura hori eraldatu egin zen.

Kristautasunak denborarekiko ulermen ezberdina ekarriko zuen, 'Kairós' hitzak jasotzen duena. Ronald Boerrek aipatzen duen moduan Kairós une egokia da, zentzua ematen duena, akzio arrakastatsua definitzen duena. Kairósaren ideia, Estatu Batuetan, puritanismotik erlijio zibilera pasatu da eta kapitalismo berantiarraren ezaugarrietako bat da. Michael Jordanen «the last shot» (azken saskiratzea) ezaguna da ideia horren errealizazioa.

'The nigger factory' nobelan gazte beltzen mugimenduek unibertsitatean aldaketa eraginkorra bultzatu nahi dute eta une egokiena iritsi dela erabakitzen dute. Iraultzaileak ere kirolari ezagunak dira unibertsitate-kanpusean, gazte zuri arrakastatsuen antzeko bidea burutu dutenak. Narrazioa mugiarazten duen oposaketa sakonena zera da, gazte beltzek funtsezko erakunde batean duten zailtasuna bide zuzenari jarraitu ahal izateko. Gazte hauek erakunde bidea (unibertsitate-ikasketena) modu egokian jarraitzen baldin badute, zergatik da azken emaitza horren hauskorra? Gil Scott-Heronek erakusten du nahiz eta Unibertsitateko Erretorea beltza izan eta ikasketa beltzek gero eta pisu handiagoa duten curriculumean, arrazoi ideologiko bat dagoela gizarte osoa pozoitzen duena.

Ustezko perfekzioa

Richard Munch soziologoak 'The ethics of modernity' (2001) liburuan dioen moduan, Estatu Batuetan puritanismotik datorren ideologia modernitatearen garaian erlijio zibil bat bilakatu da. Ideologia horren muinean perfekzioaren ideia dago, hau da, ideal bat perfektutzat hartzen da eta horrekin alderatuz epaitu behar dira egoera partikularrak. Perfekzioarekin bateratzen ez dena baztergarria bilakatzen da, integratu beharrean, sistematik kanporatu egiten da. 'The nigger factory'n Erretore beltzak katastrofea dakarten neurriak hartzen ditu eta, justifikatzeko, jarduera perfektua aldarrikatzen du.

Istorioan azaltzen da ustezko perfekzio horrek ez duela kanpuseko errealitatean euskarririk, fikzio ideologiko hutsa dela. Ideologia horrek komunitate beltzei erronka jartzen die, perfekzioa lortzen duen heroia gizarte zuriaren erakundeek saritzen baitute, baina aldi berean komunitatearen anaitasunaren eta elkarrekiko solidaritatearen suntsigarriak dira.

Scott-Heronek dioskuna da solidaritaterik gabe heroi amerikarraren eredua hauskorra dela. Puritanismotik datorren ideologia zuriaren arabera antolatutako gizarteak komunitate beltzetan izan duen eragina modu indartsuan erakusten duelako, 'The nigger factory' amerikar pentsamendu alternatiboaren klasiko bat dela esan daiteke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gil Scott-Heron eta amerikar heroia