Borrar
Saridun batzuk, Gernikan.
Saririk gabe

Saririk gabe

Miércoles, 26 de diciembre 2018, 22:55

Ezohikoa da norbere etxe aurreko administrazioak saltzea Gabonetako loteriaren sari nagusia. Arruntagoa, aldiz, zenbaki irabazlerik izan ez eta lehengoan jarraitzea. Hori ei da zortea, ausaz batzuren alde egiten duena. Eta beste askoz gehiagori mesede egiten ez diena. Badago, baina, alboko edo ingurukoen poza norbere egiterik, sentibera eta enpatikoa izanez gero. Hori da gizalegea: norbera ere zorteak ikutu dituen horien zorionaren aldeko eragile izatea.

Dirua oso lagungarri den arren, ez da ahalguztiduna bizitzan. Gizartean arrakasta eta porrota neurtzeko balio du, neurriren batean; areago hain materialista den sasoi honetakoan. Modu bidezkoan lortu dutenei bejondeiela baino ezin zaie opa, horrek emandako zorion-tarteez goza dezatela. Tentuz kudeatuta, jakina. Errealitatetik ez aldenduta, benetako baloreei uko egin barik. Bat-batean aberats sentitze horrek asko itsutu dituelako hainbatetan, goia jotzetik hondorainoko jauzia berehalakoa izan daitekeelako.

Gabonetako loteriak badu halako maila sozial nabarmen bat, itxaropena gertukoenekin partekatzekoa. Agian egun berezien aurrekoa delako. Espiritu jakin bat aldarrikatze horrek dena zipriztintzen duelako. Jaien biharamunean heltzen da benetako erronka. Hainbat asmo potolo egunerokora eramatekoa. Eta diruak bizi-proiektuak bideratzen laguntzen du, estuasunak uxatzen, baina ez du besterik bermatzen. Bultzagarri dela aitortuta, duin bizitzeko beste izanda badago bere balioa erlatibizatzerik, bestelako baloreetan babesterik. Bilbon, Gernika-Lumon eta Laudion aparteko zoriona sentitu dute aurreko zapatuan zorioneko hainbatek. Orain badutelako etxeko hipoteka nola kitatu, edo beste behar ugariri nola erantzun. Eta hori pozgarria da komunitatearen parte sentitzen den edonorentzat.

Zortea apetatsua delako, joan-etorrikoa, baina baduelako itsu izatearen ondorioz edonorentzat atsegin izaterik. Norbere ardatza, baina, ezin da sekula horren menpe egon. Gizaki oso eta jantzia izateak bereizten du edonor, edozein ezaugarri iragankorren gainetik. Ez da jokoren bateko zorte gabekoaren aringarri modukoa, egunero gogoan izan beharreko oinarria baizik. Azkenean, garenagatik balio dugulako daukagunagatik baino askozaz ere gehiago. Eta ez dagoelako munduan hori alda dezakeen dirurik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Saririk gabe