Borrar
Deustuko auzoa, saria ospatzen. Luis Ángel Gómez
Sari bila

Sari bila

Zortea deitzen duten horren araberako etorkizuneko apustua egiteak hainbat gabezia islatzen ditu, norbanakoarenak zein taldekakoak

Miércoles, 10 de enero 2018, 23:23

Badira ohitura batzuk ondo errotutakoak direnak. Batik bat, dirua irabazteko aukerarekin lotutako horiek, estualdiak oso ezagun zaizkion gizarte orori beti hain beharrezko izan zaizkionak. Zortea deitzen duten horren araberako etorkizuneko apustua egiteak hainbat gabezia islatzen ditu, norbanakoarenak zein taldekakoak. Hala, Gabon inguruko loterian dirua xahutzea ihesbidea ere bada neurriren batean, bidezidor bila aritzea, zulo deitzen direnak estali eta bestelako aukerak izateko. Sozializaziorako ekarpena alde batera utzita, larritasunik ez da falta administraziora askok egiten dituzten etengabeko bidaietan.

Loteriaren Erregeetako lehen sariak ehun milioi euro emankor utzi ditu Bilboko Deustua auzoko 19. saltokian. Lehengoan geratu denarentzat ere pozgarri da halako batean hain gertuko hainbat diruz blai ikustea, hedabideetan ezohiko diren irribar algaratsu horiek adierazitako bat-bateko grinak berpiztuta. Bizipozak ahalik eta kolektiboena behar luke beti, aldapetara ohitutakoen artean bereziki.

Halako batean aberasteak, baina, baditu arriskuak. Dirutza zein norbere bizitza berri antzekoa egoki ez kudeatzea da bat, hobea ematen duena askoz txarrago bihurtzea. Besteak beste, interesik gordinenak bultzatutakoak inguratzen direlako, ohikoan bihotzik ez dutenak, bankuak zein senitartekoak izan. Badira sari potoloren batek edo lehenagotik desorekatuta zerutik infernura jabetu gabe igaro direnak, diruaren hotsak itsututa galdutakoak.

Loterian irabazitakoak gehienetan mesede egiten du, jakina, zamak arintzeko edo gainetik kentzeko. Krisiak, azalean itsatsita geratu zaigun horrek, premiak biderkatu ditu, behin behinekoa kronifikatuta, langileak proletarizatuta, belaunaldien arteko logika zapuztuta. Zenbat eta behar itolarri gehiago, orduan eta probidentziaren menpekoago. Dezimoren bat erostea ere luxua baita etxe askotan, zirt edo zarteko apustu baten antzekoa.

Zorionekoak sari potoloaren eztia dastatuko dutenak. Batez ere jazo zaienaren irakurketa egokia egiten badute, diruaren iheskortasunaz jabetzen badira, zirenari uko egiten ez badiote. Eta gerturatu berri zaizkien horiek garaiz uxatzen badituzte. Diruak beti dituelako kontraindikazioak. Ez izateak baino gutxiago, ziur. Baina bai benetakoa eta osagarria ondo bereiztea ahazterainokoak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Sari bila