Adobestock

«Sare sozialek eragin zuzena dute gure nerabeen autoestimuan»

Mundu errealarekiko deskonexioa, garunaren garapen falta… Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituek gazteen bizimodua erabat aldatzen duten tresnaren puntu negatiboez hitz egin digute

Gonzalo Ruiz

Domingo, 22 de septiembre 2024, 00:40

Informazioaren aroan bizi gara, eta, internet iritsi zenetik, gure bizimodua erabat aldatu da. Nahikoa da gure gailuen teklatuak erabiltzea Googlen bilaketa azkar bat egiteko, gure auzi, zalantza edo kezkei erantzun azkar bat emateko, hain zuzen ere. Aisialdirako aukerak ere ugaritu dira. Edozein une eta lekutan aukera dezakegu ikusi ala entzun nahi dugun edukia, Netflix, Spotify edo YouTube bezalako plataformei esker.

Publicidad

Baina gure bizimodua gehien aldatu duten tresnak sare sozialak dira. Are gehiago, gazteen artean. Horiek, izenak berak dioen bezala, harreman sozialak bideratzen dituzte eta beste pertsona batzuekin kontaktuan egoteko ateak irekitzen dituzte. Gainera, entretenimendurako bide berri gisa ezarri dira, publiko guztientzako edukiak aurki baitaitezke Facebook, Instagram eta TikTok bezalakoetan. Dena den, horrek guztiak utopikoa dirudien arren, argi dago sare sozialekin batera gure bizimoduak okerrera egin duela zenbait alderditan, eta, zalantzarik gabe, kaltetuenak gazteak eta nerabeak izan direla

Hasteko, sare sozialek erabiltzaileak erakartzeko hainbat mekanismo garatu eta ekarri dituzte, hau da, aurretik existitzen ez ziren beharrak sortu eta mundu errealarekiko deskonexioa eragiten dute. Telmo Lazkano Hezkuntza eta Osasun Digitaleko aholkulari eta dibulgatzaileak adierazi duenez, «gure gazteen heren batek egunean 5-6 ordu igarotzen dituzte mugikorraren aurrean, eta horrek esan nahi du ez dutela denbora hori beste zerbaitetan ematen. Hori gutxi balitz, errealitate birtual horretatik jasotakoak zuzenean eragiten du bere balore, identitate eta autoestimuaren oinarrian zuzeneko eragina du».

«Gure gazteen heren batek egunean 5-6 ordu igarotzen dituzte mugikorraren aurrean»

Telmo Lazkano

Aholkularia Hezkuntza eta Osasun Digitalean

Ildo horretan, Maitane Ormazabal psikologoarekin batera 'Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian' liburua idatzi zuen aditu honek azaldu du sare sozialak ez direla «teknologia neutro» bat. «Norbanakoak zerbait adiktiboarekin harreman osasuntsua ez badu, ez da erabiltzailea izango, erabilia bazik. Eta ondorioak jasango ditu: arretarik eza, ziberjazarpena, buru gaixotasunen hazkundea…», dio.

'Scroll' amaiezina

Horren erakusgarri da gazteek (eta ez hain gazteek, egia esan) askotan pantailari itsatsita izaten dutela begirada, eta egoera hori gaur egun normalizatu egin dela. «TikTokeko bideo laburrek, sarritan hutsalak eta galkorrak, horrelako estimuluak trebatzen dituzte gure burmuinean, une ebolutibo bereziki sentikorra den horretan», adierazi du Lazkanok. Izan ere, ikerketa zientifikoek diote giza garunak 25 edo 30 urte behar dituela erabat garatzeko, eta garatzen den azken ataletako bat bekokiaren atzean dagoena dela, kortex prefrontala deitzen dena. Garunaren zati hori behar bezala planifikatzeaz, lehentasunak ezartzeaz eta erabaki onak hartzeaz arduratzen da. Horregatik, Lazkanoren ustez, horrelako edukiak oso kaltegarriak dira nerabeentzat: «Askok zailtasun handiak dituzte arreta handiagoa behar duten egoeren aurrean, adibidez, oso gutxi dira film bat hasieratik bukaerara mugikorra ukitu gabe ikusteko gai direnak. Lotura argia dauka ugaritzen ari diren arreta falta eta hiperaktibitate kasuekin».

Publicidad

Ikerketa ezberdinen arabera, besteen onarpena lortzearen beharrak eragin handia du norbanakoaren autoestimuan

Beste ondorio kaltegarri bat sormenaren garapena murriztu izana da. Smartphoneak iritsi aurretik, gazteak konponbideak bilatu behar zituen asperdurari aurre egiteko, eta gauzak ez dira jadanik horrela. «Berehalako entretenimenduetarako dugun erraztasunak ez dio gure burmuinari uzten ideia berriak edo esfortzu eta denbora gehiago eskatzen duten aukera konstruktiboak bilatzen». Beraz, gure garunaren berezko funtzio gehiago 'burmuin artifizialaren' esku uzten baditugu, gure neuronek gero eta arrazoi gutxiago izango dituzte egituratzeko, antolatzeko eta konektatzeko, eta, beraz, gure gaitasunak kaltetuko dira»

Autoestimuaren galera

Maitane Ormazabalek nabarmendu duenaren arabera, bestalde, besteen onarpena lortzearen beharrak eragin handia du norbanakoaren autoestimuan: «Betidanik existitu da besteek esango dutenaren inguruko beldurra, baina gaur egun ugaritu egin da. Smartphonen iritsiera baino lehen, 20 urteko gazte bat ez zen kanon batera heldu behar, baina orain bai. Horrek antsietatea sortzen die, kontrola izan behar dutela uste dutelako».

Publicidad

Baieztapen hori ikerketa askok babesten dute. Esate baterako, 2023an Erresuma Batuko stem4 erakundeak garatutako txosten baten arabera, hamabi urte arteko lau gaztetik hiruk gorroto dute euren gorputza sare sozialen erruz. «Neke psikologiko eta emozionala itzela daukagu, produktibitatearen aroan bizi gara eta. Etengabe erakutsi behar dugu zerbait egiten ari garela, eta gure benetako bizitza ahazten zaigu. Horrek gure autoestimua husten du», gaineratu du Ormazabalek.

«Whatsapp bidez etengabe komunikatzea arriskutsua da, bizitzan, hainbat gauzak lortzeko, une deseroso asko pasatzea ezinbestekoa baita»

Adituaren arabera, historiaurreko garaietatik, gizakiak beti erlazionatu egin dira modu presentzialean, eta teknologiak ekarritako paradigma berriak gure harreman sozialak moldatu ditu: «Adibidez, pertsona batekin harremana erabat erosoa ez bada, nahiago dugu harekin Whatsapp bidez komunikatzea, eta hori arrisku bat da, bizitzan, hainbat gauza lortzeko, momentu deseroso asko pasatu behar baititugu. Gainera, joera honek, Ormazabalen esanetan, «kodigo sozialen galera dakar. Esaterako, besteen aurpegia, emozioak, keinuak ez dakigu deszifratzen».

Publicidad

Eta ohartarazi duenez, «arazoa guztiona da». «Teknologiak oso positiboak dira gizakiak kontrolatzen dituenean, baina kontu handia izan behar dugu digitalizazioarekin pertsonen lekua hartzen duenean, hor arriskutsu bihurtzen baita». Ildo horretan, adinekoek duten garrantzia azpimarratu du: «Arazo horri gizarte osoak heldu behar dio. Guk, helduok, sortutako aplikazioak dira hauek. Pentsatu behar dugu zer mundu eraikitzen ari garen gure gazteak horrela egon daitezen une honetan».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad