Ekainaren 2an egin zuen karguaren zina Pedro Sánchezek. Aurreko egunean, 180 boto jaso zituen Rajoyren aurka Kongresuan berak aurkeztutako zentsura mozioak. Gehiengo sendoa ematen du horrek, baina bere alde agertzea baino ordura arteko presidentea zigortzea zen bat egin zuten gehienen helburu nagusia. Ustelkeriak kiskalita zegoen PPko burua, eta Gürtel auziak eman zion erortzeko behar zuen azken ostiko politikoa. Sozialisten idazkari nagusia ezustean, diputatu ere izan barik, heldu zen Moncloara, bere alderdi barruko gatazka luze eta arantzaz betetakoaren ondoren.
Publicidad
Mozioa babestu zutenen gutxieneko trinkotasuna helburu hartuta abiatu zen, boterea egun batetik bestera galdu osteko popularren harridura eta Rajoyk alderdiko presidentetza utzi eta geroko primarioek eragindako zatiketa baliatuta. Podemosek Gobernuan sartzeko eskaerari muzin egindakoan nabarmendu zen zer nolako dinamika parlamentarioa zetorren, eta ministroen izen-abizenek iradoki zuten hurrengo hilabeteetan garrantzi gehiago izango zuela azalak mamiak baino.
Bultzada mediatikotik bizi da ia bi hilabete beranduago Sánchezen exekutiboa. Eta adierazpen publikoen gainetik nabarmendu dira haren mugak eta gabeziak. 84 diputatu besterik ez izateak ezinbestean ezartzen dituenak. Zapateroren garai bateko geometria aldakorra borobiltzea askoz zailagoa da orain, zentsura mozioaren bloke horretako alderdi nagusiaren eta bigarrenaren arteko tartea —eta lehia, beraz— askoz estuagoa delako eta Kataluniako egoerak dena baldintzatzen duelako. Hala, 2019ko aurrekontuei begira defizit eta zor helburuei eta Estatuaren gastu ez-finantzieroaren mugari Kongresuak emandako ezezkoak ezin hobeto islatzen du zein zintzilik dagoen Gobernua, zein aldapan gora egingo zaion legealdia amaitzeko saiakera.
Abuztuko oporren ostean zehaztuko da noiz artekoa duen iraungitze data exekutibo sozialistak. Ekain-uztaileko hauek ziklo aldaketari atxikitako estraineko mugimenduak baino ez direlako, alderdi ezberdinek ahalik eta egokien kokatzeko burututakoak. Dena den, Sánchezentzat zentsura mozioarena jokaldi borobila izan da. Hori heldutakoan bere alderdiko idazkaritza nagusitik bota eta kutsu epikoko primarioetan berriz gailendu osteko bultzada ahituta zegoelako jada, eta noraezean zebilelako. Inkestek diote PSOEk gorakada lortu duela boterearekin batera, Podemos oso atzean daukala jada eta 'Ciudadanos efektua' ameskeria demoskopiko baino ez dela uneon.
Gobernuan egoteak, hasieran behintzat, onerako agerikotasuna eta eragiteak emandako erreferentzialtasuna eskaintzen dio edonori, areago gizartearen zati handi bat aldaketarako gogoz dagoenean. Rajoyren aroa gogorra izan da ikuspuntu ekonomikotik, azkenaldi luzeko krisialdi bortitzena errezeta jakin batzuen eskutik bideratzeko erabakiak baldintzatutakoa. Horrekin batera, bata bestearen atzeko ustelkeria kasuek eta horien aurreko erantzun epelek tanta malasiarraren antzera higatu dituzte PPkoak, halamoduzko gehiengo alternatibo bat gutxienekoan trinkotzeraino.
Publicidad
Hauteskunde orokorrak aurreratu eta deitu behar izango balitu, Sánchez duela bi hilabete baino egoera politiko erosoago eta indartsuagoan dago, nahi eta ezin izate horrek kalte handiagoa egin diezaiekelako oztopoak jartzen dizkiotenei —Podemosi, batik bat— berari baino. Izan ere, ezkerreko boto-emaile batentzat badira ilusiozko osagaiak egungo etapan, Casadoren PPk eta Riveraren Ciudadanosek berehala zapuztu ditzaketenak, eta horrelakoetan boto erabilgarria inoiz baino erabakigarri eta kontrolaezinagoa izaten da. 2008ko bozetan Zapaterok lortutako emaitza da horren azken erakusgarri nabarmenena. Norbait estuegi hartutakoan horren aldeko joera ahalbidetzen da, oso jarrera kritikotik izan arren dagoenari etor daitekeena baino askoz hobe irizten zaiolako. Ondo neurtu beharko du hori Pablo Iglesiasek, baina ez berak bakarrik.
Bi dira Sánchezek izango dituen zailtasun nagusiak: batetik, PDeCAT barruko oraintsuko ildo aldaketak ekarriko dizkionak; eta bestetik, Podemosek are nabarmenago ez ahultzeko egingo dituen kalkuluak. Lehenari dagokionez, alderdiaren azken biltzarrean Marta Pascal koordinatzaile arduratik kendu eta Carles Puigdemont president ohiaren ortodoxia nagusitzeak ondorio zuzenak izango ditu Kongresuko dinamikan. Jakina da zentsura mozioa babesteak eztabaida sakona eta nolabaiteko haustura eragin zituela nazionalista kataluniarren alderdi nagusian. Talde parlamentarioaren gaineko kontrolak bestelako garrantzia du orain, Sánchezen etorkizuna besteak beste euren esku dagoen honetan. Eta hori PDeCATeko barne borrokaren gakoetakoa izan da. Bere estrategia borobiltzeko Puigdemontek Rajoy gurago zuela ere esan izan da, elkarrizketarako edozein deik barik aurrez aurrekoak gehiago elikatzen duelakoan. Hala izan ala ez, Bruselara itzuli berritan Generalitateko buru ohiak argi nabarmendu dio Sánchezi oraingoa ez dela hitz goxoen sasoia, konponbiderako ekintzena baizik. Mehatxu politiko legez hartu dute askok hori, Kataluniako auzia bere osotasunean bideratzen hasi ezean gerta daitekeenaren ohartarazpen modura.
Publicidad
Ikusteke dago zein den PDeCATen etorkizuna, Cridan sartzeak zertan baldintzatuko duen eta azkenaldiko zatiketak bururaino hel ote daitezkeen. ERC gero eta pragmatikoago agertze horrek muturreko irudia eman diezaioke Puigdemonti Katalunia epikatik haragoko irtenbideen beharrean dagoenean. Estatuak zein independentistek jakin badakite elkarrizketa ezinbestekoa izango dela, %47aren babesak ez duela ematen Errepublika eraginkortasunez aldarrikatzeko; baina, aldi berean, erdibitze hori sakoneko gatazka politiko baten isla denez, erabaki ausartak behar izango direla oinarrizko joko-arauak adosteko. Sánchezi dagokio elkarrizketarako deiei mamia gehitzea; eta independentismoaren gehiengo bati, Kataluniako gizartearen ahalik eta gehiengo zabalenak babestuko duen agertoki berriren bat lantzen hastea.
Bitartean, Podemosek ondo neurtu beharko du noraino estutuko duen Gobernua, 2016koa baino esperientzia gaziagoa ez jasate aldera. Ziurrenik, hauteskunde aurreratu batzuetan gehiengo aurrerakoi batek ez lioke barkatuko zentsua mozioa babestetik haragoko konpromisorik ez hartzea, oztopoak jarrita iraganera itzultzea ahalbidetzea. Baina ardura partekatua da, Sánchezek hasieratik baitaki zeintzuk diren bere aukerak, bere solaskideak. Horien araberako jarduna eta helburuak zehaztu beharko ditu, ez abstrakzioaren bidezkoak. Udazkena gogor datorkio. Hauteskundeak aurreratu nahi ez izatea eta egonkortasuna lehenestea ona da, jakina. Baina zerbaitetarako denean, ez egote hutserako.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.