Hemen da berriro. Beroaren eta ametsen urtaroa. Urte osoan irrikatzen duguna. Inguru natural zoragarri eta eguzkitsu batean imajinatzen duguna, non, azkenean, gauza desberdinak gertatuko diren: abentura kontagarriak, argazkiak ateratzeko moduko paisaiak... Bai. Uda hemen da berriro. Sexu-hastapenei buruzko liburu eta film ahaztezinen inspirazio-aldia: 'Summer of 42', 'Call me By Your Name', 'Le Rayon Vert', 'Dirty Dancing' ... Nork ez du bere bizitzan zeozer berezia, desberdina, erabakigarria gertatu zen uda bat? Nork ez du oroimenean herri bat, non haurtzaroko uda betierekoa zen? Nork ez ditu gogoratzen aspaldiko jai batzuk, partekatutako kilikaz beteak?
Publicidad
Uda aurkikuntzen eta zirrara berezien garaia da. Agian horregatik, bizitza osoa uda haiek errepikatzeko saiakeran ematen dugu. Edo agian, azkenean, inoiz izan ez dugun uda hori bizi nahian, istorio on baten gidoi bihurtzea mereziko lukeen uda hori. Summertime/And the living is easy/ Fish are jumping/And the cottom is high : 'Uda garaia, bizitza erraza da, arrainek salto egiten dute eta kotoia goian dago. Zure aita aberatsa da, zure ama ederra, beraz, lasai, ez negarrik egin'. George Gerswinen aria horrek, DuBose Heyward idazleak 'Porgy & Bess' operarako idatzitako poema bati musika moldatuz, maisuki islatzen du udako giroa: denbora gelditzen ari da, eguzkiak nagikeria gozoan murgiltzen gaitu eta edozein arriskutatik babesten: 'Goiz batean, kantari esnatuko zara /hegalak zabaldu eta hegan egin ahal izango duzu/baina ordura arte/ezerk ezin zaitu asaldatu/aitarekin eta amarekin/denbora pasatzen utzi'.
Louis Armstrongek eta Ella Fitzgeraldek kantua jazzaren estandar bihurtu zuten, eta Janis Joplinek bere eremura eraman eta kantu dramatiko eta sentsual bihurtu zuen. Urrezko uda bat gogora ekartzen duten abestien artean, Kid Rock-en 'All Summer Long' izenekoa hautatzen dut, Lynyrd Skynyrd taldearen 'Sweet Home Alabama' abestiari egindako omenaldi bat dena: 'Gauza desberdinak probatzen/Gauza dibertigarriak erretzen/Aintzira ondoan maitasuna egiten /Whisky edaten/eta 'Sweet Home Alabama' orduero abesten aritu ginen'.
Uda, askotan, kantu hortero eta burrunbatsuekin lotzen da, baina, aldi berean, bakardadez beteriko abestiak inspiratzeko gai izan da. Eddie Cochran-en 'Summertime Blues' kantu bikainak, The Who taldearen jaurtitzeko arma bihurtutakoak, hirian uda zein zikin izan daitekeen kontatzen digu, gupidagabe esplotatzen zaituen buruzagi baten tiraniapean. Antzera mintzo ziren The Loving Spoonful taldekoak euren 'Summer in the City' abestian, baina nik Regina Spektor-en izenburu bereko abestia nahiago dut: 'Uda hirian, paparrak agerian nonahi/Zure falta sentitzen hasi naiz/Gaueko tabernetan sartu naiz/ eta gauza pertsonalak kontatu dizkiet arrotzei/Manifestazioetara joan naiz, norbaiten kontaktua sentitzeko bakarrik'...
Aurten, iaz bezala, ez da San Juan surik ikusi, garai berri batean sartzen ari garen seinale. Ezin izan dugu suaren gainean dantzatu, ez eta susmo txarrak erre ere. Badirudi, aurten ere zalantzaz eta zuhurtziaz beteriko uda bati aurre egin behar diogula, baina berriro bizitzeko gogo biziz. Bihotz-bihotzez: goza dezazuela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.