Irigoien eta Igartua. Maika Salguero eta E. C.
Territorios

Rip-Rip: Hurra!

Joan Mari Irigoien eta Karmele Igartua ·

Eta joan aurretik agur esatea tokatzen da, azken lerroak zirriborratzea, oin bat airean eta bestea lurpean

Vila-Matasek saiakera gogoangarria eskaini zien bartlebytarrei. Melvilleren kontakizuneko bulegaria ardatz hartuta («Nahiago nuke ez egin», zioen hura), idazteari beren borondatez utzi zioten idazleen zerrendari errepaso mamitsua eman zion: Rimbaud, Rulfo, Salinger, Hölderlin, Walser… Munduaren ukazio sakona bizi omen dute, ezetzaren labirintuan bota dute aingura. Isiltasun ubera luze eta misteriotsu bat uzten dute atzean. Ez dakigu zer idatziko zuketen idazten jarraitu izan balute. Espekulazioaren eremuan sartzen gara hor. 'Territorios'eko gaurko alean bartlebytarrekin halako antzekotasun bat duen beste idazle mota bat agertzen dela esan daiteke, heriotzaren atarian bere azken lanari, 'beltxargaren kanta' deritzonari, ekiten diona. Ezberdintasun nabarmen bat dago, ordea, bien artean: bartlebytarrek beren borondatez uzten diote idazteari, zentzurik ikusten ez diotelako. 'Beltxargatarrek', berriz, heriotza ate-joka dutelako. Ohartuta daude agertokitik irten aurretik beren azken hitzak esango dituztela, heriotzaren larritasunak bultzatzen dituela beren hondar hitzak. Pantxoa eta Peioren 'Azken dantza hau' kantak zioen bezala, «badakit nik ere bihar dela joaitia». Eta joan aurretik agur esatea tokatzen da, azken lerroak zirriborratzea, oin bat airean eta bestea lurpean.

Publicidad

Kinka horretan zegoela idatzi zuen Joan Mari Irigoienek bere azken liburua, 'Sorgin-argien ehizan' poema-bilduma. Beti irribarre batekin, Joan Mari, beti adarra jotzeko prest. Azken unera arte eutsi zion bizipoz horri. Poema-liburua ixten duen Poz data izenburuko poema irakurtzea besterik ez dago: «Bizitza badoakit,/eta pozezko oihu batekin/egin nahi nioke agur:/RIP-RIP: HURRA!/RIP-RIP: HURRA!...». Esklerosia diagnostikatu ziotenetik antzeman zuen Joan Marik iragarritako heriotza izango zela berea, lur bat haratago joango zela luze gabe. Eta gaixotasunaren prozesuari beste poema-liburu bat eskaini zion 2015ean, 'Bi urtetako kronika fakultatiboa' (2012-2014). «Eta, ohartu zinenerako, zulo azkengabe batean aurkitu zenuen zeure burua, satorren munduan eta infernurik gorrienean, gaixo, inoiz ez bezala gaixo». Joan Marik eta gertu gertukoek bakarrik dakite nolakoa izan zen infernu hori. Jendaurrean, ordea, beti irribera agertzen zitzaigun, haur bihurri baten pare. Behin entzun nion asko gustatzen zitzaiola ibai ertz batean eseri, eta ur emariari beha geratzea. Baretu egiten zela, barrena egurasten zitzaiola. Aulki tolesgarri batekin joaten omen zen halakoetan, klasikoen marmar isila entzutera. 'Más allá' poeman agertzen den Jorge Guillénen bertso ezaguna errezitatu zuen hurrena: «sakonena airea da». Sakontasun arin horrekin zebilen bizitzatik Joan Mari, gauza gizatiarrez harago eta zerutiarrez honago. Bien arteko bidegurutze edo isurian. Bere baitako txori eta angeluekin berriketan, irudimenaren azpiegituretan murgilduta, sorgin-argien ehizan.

Beste beltxargatar bat

Filosofo ia gehienek hitz egin dute heriotzari buruz, eta nolabaiteko kontsolamendua edo ifrentzua bilatu nahi izan diote. Joan Tartasek «ontsa hiltzeko bidia» erakutsi nahi izan zigun, aszetikaren bidetik. Joan Mariren azken liburuari ez zaio espiritualtasunik falta. Azkenekoz ikusten ari den paisaiak aipatzen ditu sarritan, paisaia horien su itzalezina. Aulki tolesgarri horretatik ari zaio munduari begira, eta poemen hitzak argi-puntu hegalari bihurtzen dira, «gauminaren ibilbide orotan barrena…». Eta heriotzaren itzala hurbiltzen ikusten duelarik, badaki zein den ondo hiltzeko bidea, txantxari eta jolasari bizkarra ematen ez diona, bizitzaren opariari azken zukua atera arte. «RIP-RIP: HURRA!».

Beste beltxargatar bat ere badatorkit gogora, Karmele Igartua poeta aretxabaldarra. Bera hil ostean argitaratu zen bere azken poema-liburua, 'Itsaso kontra bat' (Pamiela, 2011). Nolabait, heriotzaren kontra, zirkunstantzien kontra egin nahi duen norbaiten azken ahalegina. Eta hemen geratzen direnei sufriarazi beharraz mintzo da, onkologikora egindako joan-etorriez, bizitzeko urgentziaz, itsasoaren metaforez, mina lokartzen duen morfinaz, arpoiek dakarten pozoiaz… «Honaino iristen da/-amildegiaren ertza-«. Zer den maleta barik abiatzea, itsasoz itsaso. «Eta euskaraz mintzatuko gara/Greziako aspaldiko lur ertz haietan». Eta bien bitartean, ez da isilduko itsasoaren kanta, kantu-lantua, azken bidaia laguntzen duena. «Ospitaletara joan ohi gara/-ez hiltzera-/itsaso kontretara/-bizitzera-». Poetak ez du hil nahi, baina jabetuta dago Karonteren txalupa hurbiltzen ari zaiola. Ez du obolorik eskuan, eta poema-liburu batekin ordaindu nahi du beste mundurako bidesaria. Ahoan jarri ohi zieten txanpona hildakoei, eta Igartuak ahotik isurtzen ditu hitzak olatuak balira bezala, joan-etorrian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad