Bryan Mageeren ustez, Wagnerrek bere burua pentsalari moduan serioski hartzen zuen. E. C.

Richard Wagner musikagile alderraia

ERREPORTAJEA ·

Leipzig-en jaiotako musikagileak pentsamenduarekiko zaletasun profesionala azaldu zuen

Sábado, 14 de diciembre 2019, 21:47

musikagileen eta pentsalarien arteko harremana ez da normalean zuzena izaten. Musikak berezko mundua eraikitzeko ahalmena du. Esate baterako, alemaniar idealistek uste zuten harmoniak, tonalitateak eta forma musikalek modu zuzenean eragiten ziotela gizakiari, musikak ikusmenezko errepresentazioetatik askatzeko ahalmena zuela. Musikagileen artean salbuespen dira beren lanetan ideia filosofiko jakinak garatu dituztenak.

Publicidad

Beste sortzaile guztien gainetik, musikaren historian, Richard Wagner izan zen pentsamenduarekiko zaletasun profesionala azaldu zuen musikagilea. Hamasei alek osatzen dute, edizio alemaniarrean, Wagnerren idazki teorikoen gorputza, non musikaz gain Wagnerrek filosofiaz, historiaz eta politikaz idazten duen. Hori guztia gutunak kontuan hartu gabe.

Wagnerren eta filosofiaren arteko harremanak sakonen aztertu duen autorea da Bryan Magee, 'Wagner and philosophy' (Wagner eta filosofia) bere liburuan. Wagnerzalea zen Magee eta baita filosofo profesionala ere, Schopenhauerren pentsamenduan espezialista. Pertsonaia bi hauek, Wagnerrek eta Schopenhauerrek, beren garaiko giro kulturalean izan zuten eraginagatik, esan daiteke Mageeren azterketa funtsezkoa dela. Mageek Wagnerren mundu ideologikoa erakusten du eta irakurleari, labirinto horretan galdu ez dadin, bere pentsamenduaren giltzarri nagusiak ematen dizkio.

Kulturaren beste arlo batean ere, mitologiaren eremuan batik bat, Wagnerren musikak hausnarketa interesgarriak eragin ditu. Batez ere 'Nibelungoen eraztuna'ren zikloan da nabarmena mitologiaren presentzia. Wagner 1883an hil zen, eta dagoeneko 1903an Stéphane Valotek 'Héros de Richard Wagner' (Richard Wagnerren heroiak) liburua argitaratu zuen. Bertan 'Eraztunak' germaniar mitologiarekin duen harremana azaltzen saiatu zen. Lan hau nahiko mugatua baldin bada ere, hastapeneko saiakera moduan ulertu behar da. Opera berari buruzko lan askoz osoagoa da 1963ko Robert Doningtonen 'Wagner's ring and its symbols' (Wagnerren eraztuna eta bere sinboloak), nahiz eta psikoanalisiaren kontzeptuak nonahi erabiltzen dituen. Euskaraz ere badugu 2010ean Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratuta 'Wagner afera. Nietzsche Wagnerren kontra', Basileako filosofoaren ikuspuntuak jasotzen dituena.

Pentsalari

 Bryan Mageeren ustez, Wagnerrek bere burua pentsalari moduan serioski hartzen zuen. Hala ere, Mageek dio bere ekoizpen teorikoa desorekatua dela. Alde batetik, testu gehienak ilun xamarrak dira, garai hartako filosofo idealistek modan jarri zuten ildoari jarraituz. Bestalde, Mageek uste du ez dutela aparteko originaltasunik. Hala ere, Wagnerren kokapen kultural bereziak bestelako auzi-bide bat egiteko aukera ematen du. Har dezagun horretarako 'Eraztuna'. Bertan, Wagnerrek germaniar mitologiako pertsonaiak eta ekintzak erabiltzen ditu drama eraikitzeko. Baina zergatik erabili zituen mitologiazko materialak? Wagnerrek bere gizartea usteldua ikusten zuen, gizaki aldetik eta baita egituren aldetik ere. Egitura horien artean erlijioa zegoen, eta Wagnerrek ordurako Feuerbachen materialismoa onartua zuen. Alderatuz, germaniar mitologiak aukera estetiko ezberdinak eskaintzen zizkion musikariari. James C. Russell autoreak, 'The germanization of early medieval christianity' (1994) bere liburuan, aipatzen du funtsezko oposizioa zegoela kristautasunaren eta germaniar mitologiaren artean. Kristautasuna, berez, pentsamendu mundu-gaitzeslea zen; germaniar mitologia, ordea, pentsamendu mundu-onartzailea zen. Beraz, mundu idealizatuaz gain, germaniar mitoek gaitza eta ezbeharra antzezteko aukera eskaintzen zioten.

Publicidad

Wagnerrek Hegel irakurrita zuen, eta uste zuen gainditze mugimendu bat (Hegelen 'Aufhebung' ezagunaren antzekoa) posible zela, oinarrizko aldaketa helaraziko zuena. Baina, Wagnerren kasuan, mugimendu hau ez zen ez ideala (Hegelen kasuan bezala) ezta materiala ere (Marxen kasuan bezala). Wagnerren ikuspegitik, mugimendu hau balioei erantsita zegoen. Aldaketa, gertatzekotan, axiologikoa zen, balioak mugiarazten zituelako. Balioak bektoreak bezalakoak dira. Ez dira erabat idealak (bihotzak eta borondateak mugiarazten dituztelako), ezta guztiz materialak ere, ez baitira berez uki edo ikusi daitezkeen gauzak. Barnekoak dira, baina historiaren errealitatean dute espresioa. Izan ere, balioek historiaren ustezko halabehar materiala herdoiltzen dute.

Badago ingelesez hitz bat, 'counterfactual', balioen eragina ongi islatzen duena. Balioak 'kontrafaktikoak' dira edo behintzat izan daitezke, gertakariak irauli ditzaketelako. Wagnerren kasuan, balioen mugimenduaren bultzatzailea artelana da, hau da, opera. Emaitza interesgarri honek aukera ematen digu Wagner bere garaiko beste bi pentsalarirekin lotzeko: J.J. Bachofenekin eta Friedrich Nietzscherekin. Hirurei buruz esan daiteke axiologoak zirela, bakoitza bere eremuan. Axiologoak balioei garrantzia ematen dieten pentsalariak dira, balioak gizakien jokaerak alda ditzaketelako. Wagnerren, Bachofenen eta Nietzscheren lanetan balioek eragin zuzena zuten gizarte baten norabidean.

Publicidad

Maitasunak, aberastasunak edo osasunak bizitzaren lehentasunak eraldatu ditzaketelako normalean axiologoek bizitzan oinarritzen dute beren sistema, bizitzaren filosofiak garatzen dituzte. Nahiz eta Wagnerrek geroago bere burua Schopenhauerren filosofiatik hurbil ikusten zuen, opera ezezkorrenetan ere ('Tristan eta Isolda'n adibidez) balioekiko joera ez du inoiz guztiz galtzen.

Wagnerrek Nietzscherekin izan zuen harremana ezaguna da. Nahiz eta bien artean adin diferentzia handia zegoen, lehendabizi lagun onak izan ziren. Geroago, Nietzschek Wagner bere bizitzatik atera zuen. Baina Nietzschek Wagner ahazteko eskatu zuenean, Wagnerrek bere balioak aldatu omen zituelako zen. Bizitza besarkatzetik bizitza gaitzestera pasatu zela zioen Nietzschek. Orduan, berehala, Sigfridoren ordez, Zaratustra zen eredu berria.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad