Borrar
Oihane Zuberoa Garmendia, 'Bi aldiz iraun' lana erakusten.
«Poesiaren bitartez sentimendua transmititzeaz gain, adimena estimula daiteke»
Oihane Zuberoa Garmendia, idazlea eta irakaslea

«Poesiaren bitartez sentimendua transmititzeaz gain, adimena estimula daiteke»

2023an bere bigarren poema liburua argitaratu zuen: 'Bi aldiz iraun', 2024ko Lauaxeta Poesia Saria irabazi duena 35 urtetik azpiko kategorian

Oihane Calvo Ugarte

Sábado, 11 de enero 2025, 00:04

Oihane Zuberoa Garmendia (Erronkari, Nafarroa, 1993), Donostian Filosofian graduatua eta Bartzelonan Literatura, Arte eta Pentsamenduko masterra burututa, egun Nafarroako institutu publiko batean lan egiten du filosofia irakasle gisa. Horrez gain, literatura eta filosofiari buruzko ikastaroak ere ematen ditu noizbehinka, eta hainbat proiektu literariotan parte hartu du. 2020. urtean Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen euskarazko kategorian bere lehen poema liburuarekin: 'Bidaia (h)ariketak' (2020, Denonartean).

2023an, bere bigarren poema liburua argitara eman zuen idazle nafarrak: 'Bi aldiz iraun', Balea Zuria argitaletxearen babesean, eta 2024 urte bukaeran Lauaxeta Poesia Sarian saritua izan zen lan hura, 35 urtetik azpiko kategorian. Heriotzaren gaia jorratzen da nagusiki, eta bereziki ahanzteak, zahartzeak eta memoriak osatzen dute funtsa. Liburuak urtea iradokitzen du. Lau ataletan banatuta dago, eta atal horietako bakoitzak, fruta jakin bati lotuta, urtaro banari egiten dio erreferentzia. Nafarroako idazlearekin hitz egin dugu bere azken poema liburuaren inguruan gehiago sakontzeko.

-2020an Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria irabazi zenuen 'Bidaia (h)ariketak' lanarekin. Zer izan zen zuretzat aitorpen hori eta zer eragin izan zuen zure poeta ibilbidean?

-Sariketek badituzte alde onak eta alde txarrak, baina esango nuke sari bat jasotzen duzunean bereziki alde onari erreparatzen diozula. Nire kasuan, sariak ekarri zuen bataio moduko bat, estreinatze bat. Berez bidaia baten kronika zen, niretzat idatzi nuena hasiera batean, eta gero saria ematean nirea izateari utzi eta beste askorena bilakatu zena. Aurretik lehiaketetan parte hartutakoa nintzen, baina hau zen obra handi bat idazten nuen lehen aldia. Balio izan zidan jakiteko bazuela nire lanak gutxieneko kalitate bat eta agian merezi zuela honetan jarraitzeak. Horretaz gain, sari hori antolatzen duen Nafarroako Ateneoko kideak ezagutzeko ere balio izan zidan, eta Joxemiel Bidador poesia irakurle taldean sartu nintzen. Eta badu ere sariketa honek berezitasunik: urte bateko irabazlea hurrengo urteko epaimahaiko kide da: asko ikasi nuen besteen lana irakurriz.

- 'Bi aldiz iraun' zure bigarren poema liburuak heriotzaren gaia jorratzen du eta lau ataletan egituratuta dago, bakoitza fruta batekin eta urtaro batekin lotuta. Nondik sortu zen urtaroak eta zaporeak heriotza bezalako gai sakonarekin lotzeko ideia? (Cydonia oblonga, udazkena; Punica granatum, negua; Prunus avium, udaberria; Rubus idaeus, uda)..

-Egitura nahiko berandu agertu zen, eta aukera bat baino gehiago probatu ostean. Poemak ordenatzea arte bat da, gutxitan pentsatzen da horretan, baina denbora asko ematen da liburua antolatzen, nire kasuan bederen. Fruten kontua, sarri aipatu didatena, lagun bati zor diot: poema bildumaren «protozirriborroa» pasa nionean, esan zidan fruten kontuari «zuku» handia ateratzen niela, eta jarrai nezala bide horretatik. Agian heriotzaz hitz egiteko aproposagoak, edo hobe esanda, ohikoagoak dira beste irudi batzuk, baina baita topikoagoak ere. Eta poesian -beno, edozein generotan- topikoetatik urruntzen saiatzen naiz. Bizitza mandarina batekin konparatu, gaztainak hiriarekin, mazedonia poesiarekin… jolas polita izan da.

Andrea Gartzia Olaitz ilustratzaileak Oihane Zuberoaren olerkietan oinarrituta egindako ilustrazio batzuk, eta 'Bi aldiz iraun' liburuaren azala.
Imagen principal - Andrea Gartzia Olaitz ilustratzaileak Oihane Zuberoaren olerkietan oinarrituta egindako ilustrazio batzuk, eta 'Bi aldiz iraun' liburuaren azala.
Imagen secundaria 1 - Andrea Gartzia Olaitz ilustratzaileak Oihane Zuberoaren olerkietan oinarrituta egindako ilustrazio batzuk, eta 'Bi aldiz iraun' liburuaren azala.
Imagen secundaria 2 - Andrea Gartzia Olaitz ilustratzaileak Oihane Zuberoaren olerkietan oinarrituta egindako ilustrazio batzuk, eta 'Bi aldiz iraun' liburuaren azala.

-Heriotzaren gaia behin eta berriro lantzen da zure bigarren liburuan. Zerk bultzatzen zaitu hain existentziala den gai hau arakatzera eta nola eragiten dute filosofiako ikasketek poetikoki jorratzen duzun moduan?

-Sarri egin didaten galdera da: poesia eta filosofia nola uztartzen diren nirean. Badituzte antzekotasunak, baina oro har bi diziplina desberdin dira oso: filosofiak azaltzen du, eta poesiak iradoki. Baina egia da sarritan nire poemei filosofia usaina dariela… Askotan pentsatzen da poesia sentimenduak adierazteko eremua dela. Eta bai, poesiaren bitartez sentimendua transmititu daitezke, baina horretaz gain poesiaren bitartez ere pentsa daiteke, adimena estimulatu… Eta hain justu, esango nuke kuttun ditudan poeta askok bigarren bide hau hartu dutela: sentimendu handiak azaltzea baino, egunerokoari begira egindako hausnarketa poetikoak idaztea.

«Aipatzen diren fruta eta zaporeak oroitzapenak aktibatu eta sortzeko motore izan dira»

-Zentzumenen erabilera, batez ere dastamena eta usaina, funtsezkoa da 'Bi aldiz iraun' lanean. Zergatik erabaki zenuen zure poesia sentsazio fisikoetan zentratzea eta zer rol betetzen dute zure poemen narratiban?

-Badira bi memoria mota: bata nahitaezkoa eta bestea nahi gabekoa. Adibide batekin hobe ulertzen da: nik gogora dezaket txikitan Erratzuko kanpinean pasa genuen oporraldia. Aktiboki bila dezaket nire memorian. Baina gero bada beste memoria bat, zentzumenekin oso lotua dagoena eta nahi gabekoa dena: bat-batean usain bat sentitu eta iraganeko zerbaitekin lotzen nau. Adibidez, kloro usaina egun ekaiztsu batean sentitu, eta oporraldi harekin lotu. Ez dut bilatu, niregana etorri da. Prousten madalena da azken memoria mota horren adibide zabalduena literaturan. Dastamenak, nahigabe, iraganera eramaten zaitu. Bada, aipatzen diren fruta eta zapore horiek horrelako zerbait eragin dute: oroitzapenak aktibatu eta sortzeko motore izan dira. Familia genealogiaz pentsatzeko bidea.

-Poesiak irakurleengan emozio sakonak gogora ekartzeko ahalmena du. Zer espero duzu sentitzea edo esperimentatzea zure poemak irakurtzen dituztenek?

-Lehen aipatu bezala, heriotza bezalako gai sakona lantzen du liburuak. Memoriak eta memoria galtzeak dakarrena ere aipatzen da (zentzu batean heriotza bat ere badena, hitzen heriotza, lengoaiaren heriotza, komunikazioaren heriotza). Gai sakonak izanagatik ere, esango nuke gerturapena ez dela bereziki sakona, edo intentsoa: hitz soilez, imajinazioz, umorez sarritan, saiatu naiz gaia lantzen. Nostalgiarik egon ez zedin, edo ospatu genezan joandakoa eta geratzen dena.

«Poz handiz jaso dut Lauaxeta saria, egindako lana errekonozitu didatelako»

-Beraz, irauten duenari gorazarre egin nahi izan diozu nolabait. Zergatik?

-Beno, esango nuke irauten duenari irauten duelako, eta irauten ez duenari irauten ez duelako, bi gauza horiei egiten diela gorazarre.

-Zer poeta edo idazle izan dira zure idazteko moduan funtsezko eragina izan dutenak?

-Kuriosoa da, zeren eta nire gustuko poeten oso modu bestelakoan idazten dudala esango nuke, edo, behintzat, poeta jakin batzuen oso bestelako moduan. Adibidez, Roberto Juarroz irakurri nuen liburua egin bitartean, eta saiatu nintzen haren tankerako poema egiten, baina porrot totala izan ziren. Gero ere, oso presente izan ditut beste liburu hauek: Olga Novoren 'Felizidad', Lewis Hyden 'Breviaro del olvido', eta ahaztuko nituen beste hainbeste autore.

-Berriki jaso duzu 2024ko Lauaxeta saria, 35 urtetik azpiko kategorian. Zer esanahi izan du saria jasotzeak?

-Poz handia, bai, egindako lana errekonozitu didatelako. Jendeak txantxetan esan dit: «joe, ba ni ere hasiko naiz poesia idazten», baina jendeak ikusten ez duena da liburu baten atzean dagoen lana: irakurketak, laneko baimenak, idazketa eta berridazketa etengabekoa, irakurketa gehiago… Gozagarri bada ere, lana da. Eta poza ematen du ikusteak poesiari halako sari garrantzitsua eskaintzen diotela. Gainera, halakoek liburuaren iraungitze data atzeratzen dute: liburuak urtea bete du, eta badirudi jada zaharra geratu dela, jada mugitzen ez dela: bada, sariak, liburuari bidea egiten lagunduko diolakoan nago.

-Zer proiektu dituzu buruan etorkizunerako?

Ui, gauza gehiegi agian, eta denbora gutxi. Aforismo sorta bat eta poema batzuk ditut idazmahaiko kaxoian beratzen, beren garaia hel dadin. Eta bestalde, bidaiatzeari buruzko entsegu literario bat ontzen nabil, sufritzen, tonuarekin asmatu ezinean… baina tira, modu batera edo bestera aterako da zeozer horretatik ere.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Poesiaren bitartez sentimendua transmititzeaz gain, adimena estimula daiteke»