Borrar
Oihane Zuberoa eta Harkaitz Cano.
Poema liburu bi
Territorios

Poema liburu bi

Gaur eguneko poema liburu biren aipamena egin du testu honek. Oihane Zuberoa Garmendiaren eta Harkaitz Canoren lanak bisitatu ditu egileak.

Sábado, 18 de mayo 2024, 00:38

Aspaldi nuen zutabetxo honetan poesiaz, gaurko poesiaz, aritzeko gogoa. Beta eta aukera noiz helduko zain izan naiz, luze baita liburuen iruzkinak uxaturik ditudala.

Baina heldu da garaia gaurko poesiaren bi adibide sotili buruz hitz egitekoa. Eta idazmakinara hurbildu eta irakurri osteko lerro xume hauek idazteko asmoa hartu dut.

Oihane Zuberoa Garmendia: 'Bi aldiz iraun'

Oihane Zuberoa Garmendiak badu meriturik. Erronkarin jaio da, eta noiz edo noiz gure gaztaroan, Erronkari azken euskalkiaren paisaia mitikoa zen. Batuan idatzi du, baina, poema liburu eder hau, ez gure ametsetan ageri zen erronkarieran. Lehenik idazle berri baina sendoen harrobia biltzen ari den Iruñea Hiri Saria lortu zuen eta oraingo 'Bi aldiz iraun' hori bigarren liburua du.

Esango nuke, hiru adarren inguruan sorturiko poema bilduma dela eman diguna. Usain klasikoa ez du uxatu bere idazkeratik. Mito klasikoak eta mito klasikoen irakurketa pertsonalak ageri dira liburuaren lehen atalean, emakumearen irudiarekin lotutakoak den denak.

Klasikotasuna liburu banatzen duten lau atalei jarritako izenburuetan ageri da, atal bakoitzak latinez ageri baitu izenburua: 'cidonia oblonga' (irasagarrondoa), 'punica granatum' (granada zuhaitza), 'prunus avium' (gerizondoa), 'rubus idaeus' (mugurdia).

Mito horiek, baina, irakurketekin (Aurora Luqueren aipamena esanguratsua da, Ritsos poetarena beste) eta haurtzaroko oroimenarekin agertu ditu, usainez, kolorez eta zaporez beteriko frutek (irasagarrak, mandarinak, granadak) osaturiko kontzertu batean: 'Poema oro mazedonia bat da/ ondo pentsatuz gero'; 'Fruta bakoitzari poema bat dagokio'.

Oroimenak eta heriotzak itzali dituzte neurri handi batean bere hizpidearen esanahi nagusiak: «denbora iragaiten dela ohartzeko». Maila apalagoan daude maitasuna eta poesiaren inguruko hausnarketak: «Eutsi edo hautsi:/ hizki bakar batzuk/ bizitzaren norakoaren jabe».

Ironiarik ez du falta liburuak, irribarre xumea azken batean, baina aforismoak eman dio bere tonu nagusia liburuari, egilea, Oihane Zuberoa Garmendia, filosofoa baita lanbidez eta izaeraz. Liburuaren azkeneko atala, esaldia eta pentsakizuna biltzen dituzten esaldiez osaturik dago. Berriro oroimena eta ahaztura dira gai nagusiak. Hara bat: «Memoria: galdutako guduen armarria».

Harkaitz Cano: 'Ulu egiteko bolondres bila'

Bati baino gehiagori entzun diot liburuaren izenburua ez dela ona, «Arraroa!, horixe baietz, arraroa!». Eta lehen orrian, aipua zabaldu bezain laster ematen zaigu azalpena. Maineko estatuak bolondresak behar ditu ulu egiteko, jakin nahi dutelako otsoak itzuli ote diren. Bolondres horiek otsoen benetako uluei erantzun behar dizkiete… arriskua jasoz, otsoak kodea dela pentsatu eta hurbilduz gero.

Poesiaren definizioa: balizko ulua bidali, benetakoa jasotzeko irmo.

Oihane Zuberoa Garmendiaren poesia etxe ondoko lorategian gauzatzen bada, esango nuke Harkaitz Canorena 66 Bidean gauzatu dela, The Main Street of America. Aitortu behar dut gure tradizio poetikotik urrun dagoen liburu bat dela hau. Egileak nahi duenaz nahi duela hitz egiten du eta irakurleak jarraitu behar dio bidaia horretan.

Denetarik dago paisaian: Kontsumoko kultura, USAko bizitzaren aipamena, telebista, komikia, zinema, KFC… Eta eguneroko bizitza, biak batera, baina erritmo zoro batean… surrealismoa telebistatik pasatuz.

Lehen poeman, adibidez, idazleak poesiari buruz uste duena azaldu du. Eta ez da idealismoa azpian dagoena. Aitaren (idazle ona, eta profesionala izan nahi duena) eta egilearen (idazle profesionala, baina ona izan nahi duena) arteko kontrajarpen horrek poesiaren bide posibleak zabaltzen ditu.

Ironia nagusitu bada zenbait alditan, zerrendetan aurkitu diot testu honi indarrik behinena: «Zerrenden bertigoaz/ mintzo da Umberto Eco». Eta zerrenda huts diren poema miresgarriak datoz ondoren.

Eta aipagai ditugun poema liburu bien arteko kasualitatearen kasualitatea: azken atala aforismoari eskainia dago Harkaitz Canoren honetan ere. Aforismoa, baina ez sakona. Ideia zirriborroen koaderno baten antza du 'Klarion laborategia' horrek. Hain zuzen ere, eskultoreek – Oteizak- klarionez egiten dituzte beren eskultura nagusien lehen zirriborroak (101. or.). Hauek ere ideia arinak dira. Eta bat nagusi: «Sinbolismo madarikatuak» (106), manifestu baten beste balio duen esaldia azpimarratu du nagusiki Harkaitz Canok.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Poema liburu bi