Borrar
Amurizak 2000ko hamarkadan erreferenteak izan ziren gauzak aipatzen ditu 'Pleibak' liburuan. Gorka Estrada
«'Pleibak' lanak nerabezaroaren itxiera erakusten digu»
Miren Amuriza bertsolari eta idazlea

«'Pleibak' lanak nerabezaroaren itxiera erakusten digu»

Haustura ·

2019an 'Basa' argitaratu ondoren, orain bi neska neraberen adiskidetasunari buruzko eleberri bat dakarkigu

Aiora Sampedro

Viernes, 6 de diciembre 2024, 00:13

Miren Amurizak (Berriz, 1990) 'Basa' argitaratu zuen 2019an, baserri giroan kokatua eta ahitzen ari zen Euskal Herri baten inguruko errelatoa. Orain, 'Pleibak' ekarri digu: bi neskato neraberen laguntasunaren amaieraren ingurukoa. Durangorako atarian, harekin izan gara bere liburuaz hizketan.

-Bigarren eleberrian baserri-giroari beste ikuspegi batetik begiratu nahi izan diozu?

-Nerabezaroari buruzko kontakizuna da, eta aurreko 'Basa' liburutik hurbil samar dagoen unibertso edo paisaia bat izan daiteke. Sinopsian uste dut horrela jartzen duela: «nerabezaro rural-poligonero bat». Kontraste hori alde batetik badago, eta 'Basa'n ere hala zen, auzoa edo baserri-giroko bizimodu hori, protagonista baten jatorria izango litzatekeena. Baina hemen leku handia hartzen du kaleak ere, eta kalea diodanean, esan nahi dut 2000ko hamarkadan hain modan egon ziren koadriletako lokalak, eta tabernak, txosnak, gaztetxeak, gaua… Bi mundu horien arteko kontrastean mugitzen da eleberria.

-Liburu honetan fokua erabat aldatu duzu eta protagonistak bi nerabe dira. Nerabezarotik helduarorako bidea egiten ari direnak. Bidaia iniziatiko bat kontatzen duzula uste duzu?

-Izan daiteke. Tramaren hari nagusia nerabezaroan eta umezaroan elkarrengandik oso hurbil egon ziren lagun min biren arteko istorioa da. Eta nola momentu batean, bataren bizitza alde baterantz doan eta bestearen bizitza beste baterantz doan prozesu horren aurrekariak kontatzen dira. Orduan, ez da hainbeste heldutasunerako trantsizio bat, baizik eta aurrekapitulu baten, nerabezaroaren itxiera bat. Umezaroaren oihartzun handia ere badu.

-Zergatik iruditu zaizu interesgarria nerabezaroari buruz idaztea?

-Liburuaren abiapuntua ez zen izan nerabezaroari buruz idaztea. Hizkuntzarekin egin nahi nituen proba batzuei bueltaka hasi nintzen; eta batez ere, euskaraz liburuan dagoen moduko erregistro bat bilatzen saiatu nahi nuen; hau da, ahozkotik oso hurbil egongo zena eta gaztetxo batzuen hizkuntzatik oso hurbil egongo zena ere bai. Beste eredu batzuk, batez ere gaztelaniaz eta, ikusiak nituen; euskaraz ere bai. Baina iruditzen zitzaidan oraindik euskaraz koska bat gehiago estutu genezakeela hizkuntza ahozkotasun horretara. Kaleko jerga zikin horretara.

«Adiskidetasunari buruzko istorio honetan, ez dago pertsonaia on bat eta txar bat»

-Begiratu diozu beste modu batera zure nerabezaroari, ingurukoari, idazten ari zinela?

-Horrekin bueltaka-bueltaka nenbilela apur bat ere hasi nintzen nire istorioetara eta garaietara begira eta inguruan ukitzen gintuzten nerabezaroa esploratzen. Eta behin horretan sartuta, heldu nintzen lagun biren arteko harreman bat nolakoa izan zen kontatzera eta haustura bat nola gertatu zen kontatzera. Iruditzen zitzaidan bikote-harremanei buruz hitz egiten dugunean barneratuak ditugula hasiera eta amaieren errelatoak eta are, errituak ere bai. Denok dakigu bikote bat hausten denean zein esaldi eta eszena posible egon daitezkeen, baina laguntasunaren inguruan, azkenaldian geroz eta gehiago ari da diskurtso hori sortzen, baina fikzioan iruditzen zitzaidan lurralde bat bazegoela esploratzeko eta horra eraman nahi izan dut.

-Lagun harremanen haustura horren bidetik, zein alderdi komun edo desberdintasun topatu duzu bikote harremanen hausturetako kontaketarekiko?

-Diferentzia nagusia nire ustez, laguntasunaren kasuan, da errelatorik egon ere ez dagoela apenas. Egia da azken urte hauetan geroz eta jende gehiago ari dela honen inguruan pentsatzen, feminismotik batez ere, baina orain arte oso gutxi egin da berba honi buruz eta are gutxiago fikzioan. Zenbat bikote ikusi ote ditugu serieetan, filmetan, elkarrekin hasten edo mozten, baina lagunen kasuan ez gara hainbeste jarri horri begira. Eta alderdi komunak pila bat direla esango nuke: hasierako idealizazioa, maitemintzea dena, azken finean; harremanaren barnean dauden harremantxoak, batzuetan batek bestea beharko du gehiago; esklusibitatea ere hor dago eta horri lotuta jeloskortasuna, eta hausturak ere bai. Kasu honetan, ez dago mozteko motibo bakar bat, baizik eta motibo txiki askoren pilaketa da. Eta hala islatzen saiatu nintzen, bai haustura, bai horren osteko dolu hori. Bikote batek moztean, identifikatua dugu doluak zer esangura duen, baina laguntasuna amaitzean, linbo moduko bat geratzen da. Askotan guk geuk ere aitortzen ez dioguna geure buruari, bizitzen ari garenean. Eta istorio honetan, ez dago pertsonaia on bat eta txar bat, baizik eta bakoitzak zirkunstantzia batzuen arabera eta adinaren eraginez dituzten mugekin, ahal izan duten moduan kudeatu dute harreman horren amaiera.

-Kontakizun honek konektatu dezake liburuko giro «rural-poligonero» horretatik urrun den jendearekin?

-Bai, «paisaia rural-poligonero» hori paisaia bat besterik ez da, baina hor barruan dauden harremanak eta bizipenak unibertsalak dira: nerabezaroa edota familiako gatazkak edozein lekutan errepikatzen dira. Eta bestetik, gure belaunaldiari lotutako liburu bat delako hau. Ni 90ekoa naiz eta ahalegin berezia egin dut 2000ko hamarkadan erreferenteak izan ziren gauzak aipatzen: telebistan, zinean, musikan zegoena, Interneta nola iritsi zen gurera, zer jaten eta edaten genuen, markak, aldizkariak… Uste dut belaunaldi horretako jendeari hurbilekoak egingo zaizkion erreferentzia asko dituela liburuak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «'Pleibak' lanak nerabezaroaren itxiera erakusten digu»