Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa
Zorion Egileor, filmaren une batean.
'The Platform'

'The Platform'

Adarraren Puntan ·

Domingo, 5 de abril 2020, 23:16

Aieru bat balitz bezala, euskal filmografian nazioarteko arrakasta lortu duten azken bi filmek 'zuloekin' dute zerikusia. 'La Trinchera Infinita' filmaren urte handia izan zen 2019a, eta Netflixen estreinatuta, film honen ibilera arrakastatsuak indarrean jarraitzen du aurten. Jon Garaño, Aitor Arregi eta José Mari Goenagak zuzendutako filme honek gerra zibilaren ostean bere etxean ezkutatutako iheslari baten bizitza penagarria kontatzen digu; frankismo osoan zehar luzatuko den borondatezko itxialdia. Netflixen dugu ikusgai, hain zuzen ere, 'The Platform', gure artean 'El Hoyo' izenez ezaguna dena. Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren opera prima hau Sitgeseko jaialdian garaile izan zen irailean. Torontoko Nazioarteko Jaialdiko 'Midnight Madness' sailean Publikoaren Saria jaso zuen. Orduan Netflixek banaketa eskubideak bereganatzea erabaki zuen.

«Gutxiengo handien» zinta horietako bat izango zela zirudiena, mundu mailako fenomeno bihurtu da azkenean. Plataformaren zerrenden arabera, Estatu Batuetan eta Espainian gehien ikusi den filma da azken aste hauetan. 'New York Times' edo 'Vulture' hedabideen balorazioei kasu egiten badiegu, giro apokaliptikoak eta Covid-19tik eratorritako konfinamenduek modu erabakigarrian lagundu dute arrakasta hori lortzen.

Baina bere alde izan duen testuingurua aldera utzita, ezbairik ez, 'The Platform' lanak ez zukeen lortuko horrenbeste ikusle, bikain egindako lana izango ez balitz. Zuzendaritzatik hasi eta aktoreen antzezpeneraino, 'opera prima' batean ohikoak diren gabeziak erakusten ez dituen lan bat dugu hau.

'The Platform' ez da, ez barrutik ez azaletik, barrena ahuleriak hartua dutenentzako lana. Duen estetika odoltsu eta desatsegina, tarteka 'gore' tankerako zinemagintzarena da; mezua, berriz, metrajearen zatirik handienean behintzat, nahiko bihozgabea agertzen zaigu. Hala ere, esperantzarako argi izpi bat ere uzten digu. Pedro Riverok, gidoilarietako batek, berriki hau zioen: «Planteatzen dena da zer pertsona mota izan zaitezkeen muturreko egoera batean, elikagaiak urriak direnean eta zure besteekiko jokabidea kaltegarria izan daitekeenean».

Gerretan gertatzen den bezala, pandemiek ere gizakiaren txarrena eta onena azalerazten dute. Elkartasun adierazpenak ikusten ari gara nonahi, egia da, baina baita gaixoz beteriko autobusak harrikatuta eta adinekoak egoitzaren batean abandonatuta ere. Ziur aski, asko ikusteko gaude oraindik.

Sarean, non filma eztabaida ugariren gai izaten ari den, gehien hedatutako irakurketen arabera, filma «kapitalismoaren kritika gupidagabea» dugu. Riverok ez du hori ukatzen, baina ñabardura bat eginez: «Behean daudenek ere, goian daudenek bezala jokatzen dute, aukera dutenean».

Nolanahi ere, giro atsekabegarri horren erdian, ondo dator albiste on bat ospatu ahal izatea, irakurketa baikor bat ere baduena: Aurrekontu handietatik urrun dagoen zinemagintzan aritzen direnen lan isil eta sarritan eskergaiztokoari esker, merezitako sari bat lortzen da batzuetan, hainbeste ahalegin eta hainbeste buruhauste konpentsatzera datorrena. Txalo bero bat hemendik 'The Platform'-eko taldearentzat. Gure azken aldiko zinemaren bigarren 'tranpa-zulo' hau, horrenbeste behar dugun argiaren sarrera izan dadila.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo 'The Platform'