Borrar
Piztiak izeneko konpartsa animalistaren ekintza. Elena Jubera
Piztiak

Piztiak

Martes, 23 de enero 2018, 01:17

Metroa aski beteta dago. Larunbata, goizeko hamaika eta erdiak aldea. Gaur zerua goibel badago ere ez du euririk izan. Aspaldiko partez. Bi neska gaztek lagunduta nago. Bekadunak dira. Hamabietan Arriaga antzokiaren aurrean iragarrita dagoen ekimenera goaz. Berokiak egiteko larrua erabiltzearen kontra . Irratian zuzenean sartzeko asmoa dugu.

Bagoian gazte itxurako jende pila bat. Mendizalez jantzita edo, gehienak. Horietako asko arratsaldeko presoen aldeko manifara etorriak omen. Nik daramadan motxilan, konexioa egiteko tresneria. Zazpi Kaleko geltokitik irtetean haize hotzaren boladak hartzen gaitu. Prestatu duten 'performancean' ‘Piztiak’ izeneko konpartsakoak biluzik agertuko direla azaldu dute. Biluzik eta lurrean pilatuta, larrututako animaliak izango bailiran.

Heltzen garenean ez da bertan apenas jenderik ikusten. Beltzez jantzitako gazte talde bat, gehienak neskak, lurrean zabaldutako olana baten atzean. Alboan, aldagela moduan, kanpadenda handi bat.

Arriaga eraikinaren aurreko eskaileretan kokatzen naiz. Langileak bozeramaileren baten bila doaz nik tresneria hedabide bihurtzeko lanak antolatzen ditudan bitartean. Berehala antolakuntzako neska batekin datoz: «Hogeita bost bat pertsona biluztuko dira larruzko jantziak egiteko erabiltzen diren animalien sufrimendua antzezteko». Presaka dabil. Ekintza hastear dago.

Bat-batean inprobisatutako aldagelatik arroparik gabeko gazte talde bat sortzen da. Ziztu bizian olana gainean etzaten dira, elkarren ondoan, estu-estu, larruzko nahaste-borraste bat osatu arte. Mutil batek odolaren antzeko likido bat garaztatzen du gorputz guztien gainetik. Haien atzealdean beste batzuek, beltzez jantzita hauek, ‘Larrua Erailtzea Da’ esaldiaren letra erraldoiei heltzen diete. Lehenik gazteleraz, gero euskaraz. Era askotako kamara ugari agertzen da nonahi. Argazkilari horietako bat, goiko aldetik hartutako lehen plano bat lortu nahian, larru gorrien (zentzu guztietan) gainean erortzear dago. Egundoko hotzak jota, gorputz batzuetan dardara nabaria da. Ikusnahi batzuk hurbiltzen dira. Ama batek umeak astintzen ditu azkarrago ibiltzeko. Bost minutu inguru eta berriz, lasterka, denak barrura, manta batzuek estalita.

Ekimenean parte hartu duen neska gazte batekin hitz egiteko aukera dugu. Hamazazpi urte, asko jota. Nabari asaldatuta dago. Ilea morez tindatuta dauka eta ezpainetan gora eta behera piercing txiki bana erakusten ditu. Bere begietan, ongi egindako lanaren distira. «Posible da norbait morboagatik hurbiltzea, baina ez du inporta. Ez dut uste gisa honetan batere erotikoak gaudenik. Izan dugun arrakasta pasada bat da». «Beganoa al zara?». «Jakina, orain dela urte bat hartu nuen erabakia eta oso pozik nago. Nire bizitzan hartu dudan erabakirik hoberena da. Argi daukat, hau da egin behar dena eta irrikan nago guztiak honetaz ohar daitezen». «Eta zelan ikusten dute hau zure etxean?». «Bueno, badakizu, gurasoak urduri daude, nutriente batzuen faltan izango naizelakoan edo. Txikitan arazoa barazkiak jan behar nituela zen eta orain guztiz kontrakoa...baina ni primeran sentitzen naiz, arlo guztietan gainera».

Itzulerako metroa hartzera goazela euria berriro amorruz erasora. Guardasolak zapuzten dituen horietako zaparrada. Juan Carlos Egileor-ek ezin hobeto marrazten zituen horietakoa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Piztiak