Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
peru s. gamarra
Viernes, 22 de septiembre 2017, 01:13
1818. urtean, Gipuzkoan, Altzoko baserri xume baina eder batean Migel Joakin Eleizegi izeneko ume bat jaio zen. Mutiko normala zen. Aparteko berezitasunik ez zuena. Bere adineko guztiek bezala, lagunekin jolasean ibiltzea zuen gustuko eta, gainera, behar zen guztietan, etxeko beharretarako laguntza eskaintzen zuen. Hala ere, etorkizunak gordeta zion inork pentsa ezin zezakeen sorpresa bat, bere bizitza eta familiarena betiko aldatuko zuena. Izan ere, hogei urte betetzerakoan, gaixotasun arraro batek jo eta neurririk gabe hasi zen hazten. Zentimetro bat aste honetan, beste bi hurrengoan… Konturatu orduko, erraz gainditu zituen bi metroak. Erraza da Eleizegi familiaren harridura imajinatzea. Ia egun batetik bestera, Joakin txikia erraldoi bihurtu zen.
Arroparekin eta oinetakoekin arazoak izaten hasi zen berehala. Baita ohearekin eta etxeko ateekin ere. Dena zen txikia harentzako. Herriko jendea bere bizilagun 'haundiyarekin' haluzinatuta zegoen eta laster hasi ziren haren gaineko kondaira eta pasadizoak asmatzen. Altzoko Handiaren mitoa sortzen hasia zen ordurako.
Gaur egun, gauza gutxi dakigu hari buruz, baina dakigun gutxi hori nahikoa izan zen Jon Garaño zine zuzendariaren arreta pizteko: «Txikitan, Donostiako San Telmo Museora eraman gintuzten, eta han ikusitakoak erabat liluratu ninduen. Han daude oinetako erraldoi pare bat, haren kapela, garai hartako irudi bat… Segur aski, museoan lanean zebilen norbaitek Altzoko Handiaren gaineko istorio batzuk kontatuko zizkigun eta niri oso deigarriak egin zitzaizkidan», azaltzen du Garañok.
Askori gertatzen zaigun bezala, Joni txikitako lilura hura betiko geratu zitzaion memorian gordeta. «Egia esan, gogo handia nuen istorio hau kontatzeko, eta nire kideei pelikula hau egin behar genuela aipatu nien. Ez nuen arrakastarik izan. Ez nuen nahikoa gaitasunik izan inor konbentzitzeko», azaltzen du barrezka.
Bigarren saiakera batean suerte handiagoa izan zuen: «Datu gehiago eskuratu ostean eta argudioak hobeki prestatuta, berriz ere saiatu nintzen eta aukera bat eman zidaten. Garai hartan, 'Loreak' filmean erabat murgilduta geunden eta, tamalez, ez nuen ezer ere idazteko astirik izan. Hala ere, eta gure suerte onerako, kasualitatez, Andoni de Carlosek garai horretan bertan bidali zuen Irusoin ekoiztetxera gidoi bat Altzoko Handiaren historia kontatzen zuena. Andonik umeei zuzendutako animaziozko film bat planteatzen zuen. Ez zen hori gure ideia, eta berarekin hitz egin genuen helduentzako film bat egitea proposatzeko. Ongi pentsatu ondoren, baiezkoa eman zigun eta horrela hasi ginen proiektu honekin», argitzen digu zine zuzendariak.
Azkenean, lau lagunen artean egin zuten azkeneko gidoia. Hor ibili ziren Jon Garaño eta Aitor Arregi, 'Handia' filmaren bi zuzendariak, eta baita Jose Mari Goenaga eta Andoni de Carlos ere. Urteetako lan luzea bukatu ondoren, filma Donostiako Zinemaldian aurkezteko gogo izugarriarekin daude. Sekzio ofizialean hartuko dute parte, gainera. Urduritasun puntu bat ere nabaritzen zaio Joni. Berak onartzen du hori: «Bai, sentsazioak nahasten dira. Gogoa alde batetik, baina baita urduritasuna eta beldurra ere. Lagun gutxi batzuei erakutsi diegu egindakoa eta gustatu zaie. Pozik gaude azken emaitzarekin». Aurrekontu politarekin lan egin dute oraingoan. Izan ere, hiru ekoiztetxe elkartu dira 'Handia' egiteko: Irusoin, Kowalski Films eta Moriarti Produkzioak. «Argi utzi nahi nuke, hori bai, honelako film bat egiteko ez dela inola ere aurrekontu handia, ezta gutxiago ere. Lan ordu, aktore, efektu berezi… asko daude eta hori ez da batere merkea. Jendearen inplikazioa izugarria izan da. Benetan, izugarria. Leher eginda bukatu dugu», azaltzen du Garañok.
Film honek, aipatu bezala, Migel Joakin Eleizegiren historia kontatzen du, baina, askotan gertatzen den bezala, dokumentazio lana egiterakoan, egiazko eta asmatutako pasarteekin egin zuten topo: «Gidoia idazten hasi ginenean, kontzeptu interesgarri asko zeudela konturatu ginen. Horietako bat mitoarena zen, zalantzarik gabe. Mitoaren rol edo paper honek garrantzi handia du gure filmean. Hasteko, Altzoko Handiaren historia ez du jende askok ezagutzen. Gainera, istorioa ezaguna duten zenbaitek uste dute Joaquin Eleizegi ez zela inoiz ere existitu. Pertsonaia mitologikotzat jotzen dute. Honek, egia esan, zer pentsatua ematen dizu. Zein unetan pasatzen da benetako pertsona bat mito izatera? Dokumentazioa bilatzerakoan konturatu ginen anekdota asko puztuta daudela. Hogeita hamar litro sagardo edaten zituela egunero, ez dakit zenbat kilo janari jaten zituela… Hau guztia guretzako oso polita zen. Benetako pertsona bat mito bilakatzeko prozesu hori, hain zuzen ere».
Zuzendariak azaltzen digunez, Euskal Herri osoan zehar egin dituzte grabazioak: «Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan… toki guztietan grabatu dugu. Zirko bat bezala ibili gara, toki batetik bestera. Filmeko sekuentzia garrantzitsuenetako bat Pirinioetan grabatu dugu. Elurra behar genuen, eta grabaketak egiten genbiltzan garaian hemen, Hegoaldean, ez zuen elurrik egin. Argi genuen elurretako sekuentzia hori bai edo bai grabatu behar genuela eta Pirinioetaraino mugitu behar izan ginen. Azkenean oso ongi geratu da».
Aurki aurkeztuko dute beren azken lan hau Donostiako Zinemaldian, baina argi dago, film honi esker, zertxobait gehiago ikasiko dugula Euskal Herrian eta baita Europan ere (Ingalaterran, Portugalen, Frantzian… aritu zen ikuskizun bihurtuta, animalia arraro bat bailitzan) ezagun egin zen Altzoko Handiaren historiari buruz. Zorte ona izan dezatela Zinemaldian!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.