Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi. Luis Michelena, Pedro Martínez eta BenatMug

Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi, Euskadi Literatura Sariak

Lizarraldek Euskarazko Literatura saria jaso du 'Argiantza' eleberriagatik, Lertxundik Haur eta Gazte Literatura saria irabazi du 'Haltzaren muinoa' lanarekin, eta Itzulpenarena Joxan Elosegik irabazi du, 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' liburuagatik

Jueves, 14 de octubre 2021, 11:07

Euskadi Literatura Sarietako 2021eko lehenengo hiru irabazleak eman ditu ezagutzera ostegun honetan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Zehazki, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako garaileak jakinarazi dituzte, eta hauek izan dira kategoria ezberdinetan nagusitu direnak: Pello Lizarralde Larrazak Euskarazko Literatura saria jaso du 'Argiantza' eleberriagatik; Anjel Lertxundi Esnalek Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria irabazi du 'Haltzaren Muinoa' lanagatik; eta Joxan Elosegi Agirrek Euskarazko Literatura Itzulpena saria eskuratu du 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' liburuagatik.

Publicidad

Epaimahaiak nabarmendu duenaren arabera, Pello Lizarralde saritzerako orduan, kontuan izan dute 'Argiantza' liburuko pertsonaien inguruan eraikitzen duen «atmosfera harrigarriak» erabat harrapatzen duela irakurlea. Epaileek diotenez, «ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna» eskaintzen du Lizarraldek.

Halaber, Anjel Lertxundiren 'Haltzaren Muinoa' «kalitate literario» handiko obra dela uste du epaimahaiak. «Esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eta gazte literaturako klasikoei eginiko erreferentziak direla medio, eta aberatsa kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik».

Eta Joxan Elosegiren itzulpenari dagokionez, epaimahaiko kideek «estiloaren joritasuna nabarmendu dute, jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako». Epaimahaiarentzat azpimarratzekoak dira, gainera, «itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna Irene Solàren estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzuterakoan».

Datorren astean, gehiago...

Bingen Zupiria sailburuak San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan nabarmendu duenez, «2021. urtea, 2020a bezala, osasun egoerak baldintzatuta egon da. Eta literaturari esker arnasa hartuko zuen batek baino gehiagok». Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaineratu du «gure uztaren aniztasuna eta oparotasuna erakusten dutela Euskadi Literatura Sariek».

Publicidad

Ildo horretan, gogorarazi du datorren azaroaren 18an banatuko direla aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Izan ere, datorren astean iragarriko dira gainontzeko lau modalitateetako irabazleak: Literatura Gaztelaniaz, Lan literarioen ilustrazioa, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad