Joxeme López de Arana
Sábado, 30 de diciembre 2023, 00:04
Patxi Zubizarreta literatura-bidaia luze batean abiatu zen aspaldi, bidean eztia eta ozpina ezagutu ditu eta, noizbait, Marko Polo baten antzera, mendebaldean ezezagunak genituen hamaika istorio eta altxorrekin itzuli da gure artera.
Publicidad
Izan ere, erregearentzako margolana atzeratzen ibilitako margolari txinatar haren antzera, urtetan egindako lanen ondorioz hiru sari garrantzitsu jaso baititu udazken honetan: Sari nazionala eta Euskadi Saria 'Zerria' gazte eleberriagatik, eta Gasteizko itzulpen saria 'Bagdadeko postaria' nobelaren itzulpenagatik. Baina altxor hori nahikoa ez, eta, gainera, bi liburu berri aurkeztu ditu: 'Loak ezkutatzen duena' eleberria, Agustin Zubikarai bekaren iazko edizioaren ondorio, eta 'Sakonean itsasoa ikusten da' kultur kronika.
Bere bidaia amaiezinean genero bat baino gehiago landu ditu, oso bereziki haur eta gazte literatura, baina baita irakurle helduei zuzendutako eleberriak ere, hainbat itzulpen, antzerki-lan eta irakurraldi musikatu ahaztu gabe.
Oraindik orain, azken nobelaren Gasteizko aurkezpen jendetsuan, Zubizarretari bidea eman zion aurkezleak David Galef aditu estatubatuarra ekarri zuen hizpidera, hark egina omen baita aldi berean edo txandaka helduen literatura eta haur eta gazte literatura jorratzen duten idazleen sailkapen moduko bat. Gaizki ulertu ez banuen, hiru kategoria nagusitan banatzen dira idazleok, salbuespenak eta adibide desegokiak alde batera.
Lehen taldea, eta ohikoena, omen, beren ibilbidearen erdian arrazoiren batengatik HGL idaztea erabakitzen duten idazleena da. Normalean, dio Galefek, emaitza ez da ona izaten; eta idazle horiek beren lehen seme-alaba jaiotzearekin batera animatzen omen dira HGL idaztera. Trantsizio hori nolabaiteko arrakastaz egiten duten idazleek haurren psikologiaren ezagutza intuitiboa izaten dute, batzuetan beren haurtzaroa bera gogoan. Talde horretan kokatu litezke, orobat, egin nuen neure baitan, helduentzako ibilbide literario arrakastatsuan zehar, tarteka, 'atsedena' hartzeko, haurrentzako libururen bat idazten dutenak, zenbaitetan enkarguz eta, Galef jaunari arrazoia ematera, emaitza ez da, ez, onegia izaten.
Publicidad
Azpitalde berezi bat egiten du lehen kategoria horren barruan, adin batzuetako irakurleentzat idazten dutenekin, eta Roald Dahl ekartzen du horren adibidetzat. Niri, berriz, Salman Rushdie etorri zitzaidan akordura, islamista erradikalen mehatxupean, etengabe helbidez aldatu beharrean eta literatura sortzeko blokeatze erabatekoan zela, 'Harun eta istorioen itsasoa' semeari eskainitako liburu ederra idatzi baitzuen. Edonola ere, berriro dio Galefek, kontua ez da erraza, eta argitalpenen zerrenda laster ahazten diren liburu kaxkarrez beteta egoten da urtero.
Bigarren taldea bakanagoa izan ohi da, eta aurrekoaren alderantzizko prozeduraz jokatzen dutenek osatua: haur eta gazte literatura idazten hasi, eta denborarekin helduentzat ere idazten hastea. Kasu honetan, irudimenaren enfasiren bat izaten da haurren literaturatik helduenera eramaten dena. Bestela ere, haur eta gazte literaturan arrakastatsuak diren idazleek irakurleria heldua erakarri ohi dute idazten duten edozerekin, eta hemen Maurice Sendak-en kasua aipatzen du. Russell Hoban ekartzen du, berriz, bigarren kasu honen eredutzat: haur eta gazteentzako idazle eta ilustratzaile oso ezaguna izan eta gero, konplexutasun eta indar handiko obrak idatzi baitzituen helduentzat.
Publicidad
Hirugarren kategoria, azkenik, nolabaiteko poligrafia, aurreko bi kasuen artekoa da. Lantegi zaila dela dio Galefek, eta A. A. Milne aipatzen du, 'Winnie the Pooh' sailaren arrakasta izugarria baino lehen antzerki-idazle fina izan baitzen. Beste adibide on batzuk Louisa May Alcott eta C. S. Lewis idazle emankorrak dira.
Irakurle bakoitzaren esku uzten dut kategoria bakoitzerako euskal idazleen adibideak bilatzea; niri batzuk bururatzen zaizkit, baina gaurkoan kontua da Patxi Zubizarreta hirugarren taldean kokatuko nukeela nik.
Publicidad
Haren kasuan, haur eta gazte literaturak eta helduenak elkar elikatzen dute eta, hala, literatura kanonikotik hartutako egitura eta kontamolde exijenteak erabiltzen ditu gazte literaturan, eta helduentzako literaturan, berriz, askotariko ahotsak eta gaingiroki hainbat herri tradiziotatik hartutako ipuinak eta pasadizoak tartekatu ohi ditu, fragmentazio literarioaren bidetik.
Adibide gutxi batzuk jartzearren, pertsonaien ikuspuntuak aurkezteko gustuko duen baliabide bat gutun, eguneroko edo lehen pertsonako narrazio diferituarena da, agertzen dena 'Gutun harrigarri bat', 'Usoa', 'Atlas sentimentala', 'Pikolo' eta gisako haur eta gazteentzako kontakizunetan, eta baita 'Jeans-ak hozkailuan', 'Hiru gutun Iruñetik', 'Txantxa. Quick', 'Joan', 'Loak ezkutatzen duena' helduentzako eleberrietan. Tartekatutako narrazioak ere ia liburu guztietan aurkitu daitezke: 'Atxiki sekretua', 'Laranja bat zaborretan', 'Julien Vinsonen hegaldia', 'Mundua lo dagoen bitartean' eta beste askotan.
Publicidad
Kokaleku kutunen artean, berriz, Pirinioak agertzen dira 'Gizon izandako mutila' edo 'Zerria' gazte liburuetan, eta 'Joan' helduen nobelan; Gasteiz, berriz, 'Eztia eta ozpina' eta 'Loak ezkutatzen duena' obretan; eta mundu arabiarra, 'Atlas sentimentala', 'Laranja bat zaborretan', 'Korri, Kuru, korr' lanetan, eta bidaia bera da liburu horietako askoren eragingarria, 'Xia Tenzinen bidaia miresgarria' lekuko.
Laburbilduz, eta idazleak berak 'Zerria' gazteentzako lanean zein 'Loak ezkutatzen duena' helduentzako nobelan erabilitako esamoldea baliatuz, adin eta eskakizun maila askotariko irakurleei zuzentzeari dagokionean ere, Zubizarreta 'Entre chien et loup', «zakurraren eta otsoaren artean» kokatzen dela esango genuke, eta hibridazio horretan gustura aritzen dela ere bai.
Noticia Patrocinada
Bidaia ez da amaitu, hain zuzen ere egileak bidaia bera duelako helburu, bidean topatu dituen hainbat pertsonaiarekin bat egin eta haien historiak kontatzen jarraitu nahi duelako, Usoa, João, Xia, Kuru, Karabino, Martin, Fabian, Selim, Julien, Gaxuxa eta Mixel, Pantaleon… eta beste hainbatekin jada egin duen bezalaxe.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.