Zaindari izateko zeharkakoa behar du edonork, gizartearen ahalik eta zati handienak onartutakoa. Identifikazioa erlijiosoa izaten da jatorrian, zelan ez. Baina soziala izaterainoko bidean erabakitzen da halako baten benetakotasuna. Sekularizazioa gailendu den honetan, nortasunari atxikitako loturak direlako iraunkorrenak, gizartearen geruza guztiak zipriztintzekoak. Oso bestelako testuinguruetan hartutako erabakiek gaur egunera arte ezezik bihar-etzi ere sasoiko izaten jarraitzeko nahitaezko dute sustrai sakona, belaunaldiz belaunaldiko onespena.
Publicidad
San Inazio bizkaitarren zaindaria baino askoz gehiago da. Bertoko nortasuna osatzen dutenen artekoa delako. Nekez uler daiteke bizkaitartasuna Loiolakoaren itzaletik at. Lurraldean jaiotakoa ez izatea gutxienekoa da honakoan, hasieratik hemengotzat hartu dutelako hemengoek. Eta ez dago hori baino lokarri sendoagorik ez ohore handiagorik. Etxeko sinbologiaren ikurretakoa izateko modu intimoan atxikitakoa behar duelako, barru-barrurainoko oihartzunekoa.
Santuaren ibilbide historikoaren eta ekarpen erlijiosoaren gaindikoa da hark emandakoa. Bizkaia oso aspaldiko errealitate egituratua denez gero, gizaldietako aitortza dagokionez, hango eta hemengo aleek bereiztu dute sasoi bakoitzean. Badira, baina, muinera artekoak, lurraldearen izenarekin eta izanarekin uztartutakoak. Gernikako haritza da horietakoa, ezin jatorrizkoagoa. Ez dago Bizkairik arbolaren esangurarik eta horren filosofiaren araberako historiarik gabe.
San Inaziok badu lekua hor. Luzaroan irabazia. Zerbait oso ezohikoa dario bere figurari hain nortasun sendoa iragazkor bihurtu eta horren osagai nagusietakoa bilakatzeko. Joera ezberdinetakoek etengabe euren artekotzat jotzeko. Hain joera sakabanatzailekoa izan den gizartearen batasun elementuetakoa izateko. Miraria izan liteke. Ez ezinbestean kutsu erlijiosokoa, baina bai behintzat balio erantsi zibikokoa.
Hala, asteartean ospatu genuen San Inazio eguna letra larri gorriz azpimarratzeko horietakoa da. Elizarentzat, jakina; Loiolakoa bere seme garrantzitsuenetakoa izan zelako, bere mezu benetakoena mundu osora eramaten lagundu zuelako. Baina bizkaitar guztiontzat ere apartekoa da duela bi egun ospatu genuen uztailaren 31 bakoitza. Garen hori zehazten duenetakoa delako, erreferentzia gertuenekoen artean dagoelako. Eta hori da nortasuna. Ahalik eta gutxieneko gehien ahalik eta zabalen partekatzea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.