

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Karlos del Olmo
Sábado, 22 de marzo 2025, 00:17
2024ko abenduaren 18an zendu zen Patri Urkizu. Bakoitza bere zoroak bizi ei du; ordea, Patrizioren langintza nagusia letrek eta euskal antzerkiak bizi izan zuten, batez ere eta besteak beste. Euskal literatura dramatikoa eta antzerkigintza, oro har, euskal gizartean ahul eta baztertu samar dauden arren, bizi osoan jardun zuen itsasaldi nagusi horri emana, haizeek eta bestelako beharkizunek lema noiz edo noiz beste kai eta uharte batzuetara biderarazten zioten arren. Izan ere, mende erdiko nabigazio saio luze eta emankor bat izan zuen antzerkigintzaren itsaso perilezkotik.
Haren lanaren erakusgarri, ikusi besterik ez dago 1970. urtean 'Antonio Maria Labaien eta euskal antzerkia monografia' ekarri zuela plazara, formalki argitara eman zioten lehen lana, eta, 2023an, kaleratu ziotela azken artikuluan, 'Modesto Parisen', testuaren laburra gorabehera, antzerkiari buruzko lerro batzuk ere paratu zituen, tradiziozkoa zein teatro berriaz berbabidera ekarrita.
Abiaburuko eta helmugako bi portu horien artean, hamaika nabigazio saio eta geldialdi: 'Euskal teatroaren historia' (1975), 'Euskal antzertia' (1984), 'Zuberoako irri teatroa: astolasterrak' (1988), 'Antonio Maria Labayen eta euskal antzertia' (1990), 'Historia del teatro vasco' (1996), 'Zuberoako irri-teatroa: hurbiltze saioa eta testu bilduma' (1998), 'Euskal antzerti eta zinea (2002, Teatro y cine vasco' (2002), 'Maria Dolores Agirre eta euskal antzertia' (2004), 'Teatro popular vasco: manuscritos inéditos del siglo XVIII' (2007), 'Teatro vasco; historia, reseñas y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e itustraciones' (2009); '1914-1918: lekukoak' (2015) —zeinean antzerkiaz ere jardun zuen—, 'Euskal teatroa; historia, antologia, katalogoa eta bibliografia' (2021), 'No teatro japonesa eta Manu Sotaren antzerti abertzalea' (2023), 'Eskribu galduen bila: autobiografia eta kultur kritikak' (2023) —antzerkiaren inguruko aipu ugariduna—.
Horiezaz guztiez gain, makina bat lan laburrago: prestalan, hitzaurre, itzulpen, artikulu, elkarrizketa… eta abar. Eta, uzta horretan, beti ere beti, hara hor euskal antzerki berria zein aspaldikoa, mundu zabalekoa atzendu barik. Zehazkiago aztertu nahi izanez gero, haren obra oparoaren gaineko gida bibliografiko bat eskura daiteke, paperean ezin euskarri elektronikoan: 'Patri Urkizu, gida bibliografikoa' (Donostia Kultura, 2023).
Urkizuk altxor digital txukun paraturiko bat utzi du amaraunean, ahanzturaren hautsetatik eta pipietatik babesteko moduan.
Antzerkia ikusten eta antzezten gaztetxotan ohitu zen, aurrenik, eta, geroago, ikertzen hasi. Filologia Erromanikoan lizentzia lortu ostean, Frantziako Liburutegi Nazionalean euskal eskuizkribuak kopiatzeari ekin zion, eta 1973an bi asto-laster argitaratu zituen ASJU ('Anuario del Seminario Julio de Urquijo') agerkarian. 1975ean, Agora saria irabazi zuen Kriselu argitaldariak publikaturiko 'Euskal Teatroaren Historia' lanarekin. Esan legez, txikitan eta gaztetan orduak eta orduak eman zituen ikastetxean antzerkiak prestatzen eta antzezten. Geroago, unibertsitate sasoian, lan muindunagoak, nazioartekoak lantzen azartu zen, eta, harrezkero, sekula ez zitzaion amatatu antzerkirako grina. Esana zuenez, «oihalaren atzean ere ibilia naiz, hitz emaile, testua antzezleei gogorarazten».
Ikertu ez ezik, antzezlan bi izkiriatu zituen ere, gutxienez: 'Kolax 1789' izenburukoa galduta bide dago; 'Luteranoa', Patriren webgunean irakur daiteke.
Behin baino gehiagotan adietan eman zuenez, kultura kritiko bat behar legez garatu ahal izateko, funtsezkoa eta ezinbestekoa da antzerkia, eta pozarren ikusten zuen hainbat euskal herritan euskal antzerkia duin programatzen dutela. Teatroa, eta bereziki euskal antzerkia, denboraren poderioz etengabe aldatzen doalakoan zegoen, eta XX. mendeko Espainiako militar matxino batzuen kolpeak gerraurreko euskal antzerkigintzaren loraldia eten bazuen ere, aspaldi honetan beste urre edo zilarrezko aro emankor samar batean omen dagoela zeritzon. Kezkabide zuen, eta ez da lagun bakarra horretan, euskal antzezlan asko erdarazkoen itzulpen eta moldatze lanak izatea, alderantzizko bidea oso bakanetan mamitzen dela.
Beste ikertzaile eta egile batzuek ez bezala, bizirik zela jaso ahal izan zituen haren ibilbidea goraipatzeko sariak eta omenaldiak Patri Urkizuk, literaturan eta antzerkian, besteak beste. Ondare mamiezin modura, behargin nekaezina zen aldetik, hara hor plazara agerturikoen bezainbesteko ideia, proiektu eta bukatu gabeko ikerlan bilduma. Besteak beste, antzerkiaren historia orokor halako bat, eta gura beste ikerlan zehatzago, euskal antzerkigintzaren hainbat zertzelada eta alor argitu eta sakontzekoak. Noiz edo noiz euskal antzerkiaren entziklopedia mamituz gero, berberak jada lortzerik ez duenez gero, ezin ukatuzkoa da handi eta mamitsua izango dela haren gaineko kapitulua edo atala. Ezin jakin eskolarik edo jarraitzailerik utzi duen, haren libretoa hartuko duenik ote den (hain da gaitza Euskal Herrian egun eskolarik sortzea!). Noizbait antolatuko ote Patri Urkizu katedra, edo sikiera, haren omenezko antzerki sariketaren bat?
Haren adiskide min Ramon Etxezarretak idatzi duenez, euskal letren munduari modu poliedriko batean begiratu zion pentsalaria izan zen Urkizu. Gaineratu ere genezake euskal letren munduari ez ezik, antzerkigintzari, euskal teatrogintzari buruzko ikuspegi aurpegi askotariko samarra zuela, antzerkia buruan eta ibili munduan horietako bat zenez gero.
Akabuko berba modura, hona hemen Luteranoa antzezlaneko azken pasartea, omenaldi (Euskaltzaindiaren arauen araberako egokitze batzuk eginda):
«Baina ez dio astirik gehiagorako utzi borreroak su eman baitie leku ezberdinetan enborrei, adar ihartuei eta inguratzen duten zenbait libururi lastoz eta sufre, trementina eta breaz bikeztaturiko adaxkez eginiko zuzien medioz. Berehala sortutako ke eta lamek isilarazten dute, azken oihu bat entzuten delarik Jainkoaren tronpeta zenaren eztarri bortitzetik:
JOHANES
—Jauna, zergatik abandonatu nauzu?
Bat-batean, zerua erabat ilundu da hodei beltzez beterik, tximistak eta trumoiak ikusi eta entzungo dira, eta euri jasa izugarria. Halaber, Dies irae dies illa kantaren doinua entzunen da gero eta urrunago.
AMAIA
Heldua da, hortaz, antzezlan guztietan legez, argiak itzali, musikaren bolumena ozendu eta oihala jaisteko unea. Ikusleak txaloka hasi dira, guratsu bezain hunkiturik. Bon lavoro!»
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Noticias recomendadas
Ingresan en prisión 6 de los 11 detenidos en la macrooperación antidroga en Bizkaia
Ainhoa de las Heras y Luis Gómez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.