Territorios

Parien kontakizuna

Aiora Sampedro

Sábado, 17 de agosto 2024

Eneko Aizpuruak bi urte lehenago argitaratu zuen 'Bidasoan gora' saiakeran oinarritua ekarri du orain 'Gaueko azken expressoa' eleberria. Liburu hartan ibaiaren inguruan zedarritutako istorioak bildu eta lokarri batekin inguratzen bazituen, misteriozko nobela honetan istorio horiek aitzakia hartu eta protagonistak aske dira haien nahiak, grinak, zalantzak eta damuak azaleratzen.

Publicidad

Kontakizunaren hasierarako aitzakia protagonistak haurtzaroko António lagunaren berri izatean datza. Harekin biltzera Portugalera, jaioterrira, ekiten duenean, Euskal Herrira heltzerainoko ibilbidea gogoratuko du. Beraz, liburuak mantentzen ditu saiakerako tonuaren bi ezaugarri nagusi: testigantza eta memoria ariketa bat osatzen baitu autoreak 246 orrialdeetan zehar; pertsonaien artean tartekatzen dituzten gutunetan, haietako zenbaitek psikologoarekin egiten duten bakarrizketetan nahiz dialogo edo oroitzapenetan zedarrituta.

Gaueko azken expressoa

Paria guztien ahotsa biltzen da kontakizunean hartara. Baina beti ere, ikuspegi zorrotz eta humanitario batez. Egoa, matxismoa, arrazismoa….denak nahasian ageri dira eta guztiak biktimen ahotsetatik. Horrela, liburuak erakusten du hein batean, sistema baten barnean azpi-sistemak gurutzatzen diren heinean, nola sistema bateko biktima izan daitekeen beste bateko biktimario eta alderantziz. Hartara, diktadura portugaldarretik ihesi doan gazte paria, senar matxista bilakatuko da urteen joanean, edota haren emazte euskalduna, Amerika erdialdetik inmigratutako emakumeen gorrotatzaile arrazista.

Eleberri guztian zehar han hemenka ematen diren gakoen arabera haziz doazen ideiak badira ere, azken orrialdeetan ematen ditu kontakizunaren klabeak Aizpuruak: lagun ohiari egindako traizioa eta nork bere bizitzaren zioa topatzeko duen larrimina. Are gehiago, bizitza guztian sufritzea tokatu zaienen kasuan. Azkenean, Antónioren itxialdi psikiatrikoa geratuko da agerian protagonistarentzat. Eta hori du alderdirik aberatsena, izan ere, irakurlea hausnarrean uzten duen lana da hau; psikiatria eta psikologia tratamenduen agerpenak ez ote duen deserrotuen psikosia nahitaezkoarekin zerikusirik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad