Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Pertsona bat kartzelan sartu dute, baina ez daki zein den bere delitua. Aurki hilko dute herriko plazan. Kafkarena izan zitekeen istorioa, baina Vladimir Nabokovena da. Hain zuzen ere, txekiarra hil eta gero argitaratu zuten 'Prozesua', 1925ean. Nola ez, Max Brodek, nahiz eskuizkribua amaitu gabe egon. Honela hasten da eleberria: «Norbaitek kalumniatu bide zuen Josef K., zeren, ezer txarrik egin gabe, goiz batean atxilotu egin baitzuten». Ondotik datorren trama ezaguna da: Josef K. atxilotu egiten dute goiz batean ez berak ez irakurleak dakiten arrazoi batengatik. Hortik aurrera prozesu judizial grotesko eta zoro baten zurrunbiloan sartuko da, eta zenbat eta gehiago hartan murgildu, orduan eta gutxiago dakigu atxiloketaren arrazoiari buruz, eta, era berean, gero eta helezinagoa bihurtuko da justizia. Eleberri horretatik atera zuen Kafkak, hain zuzen ere, 'Legearen aurrean' ipuin laburra (aurreko batean hitz egin nuen hartaz).
Badakigu bizi izan zen artean oso gutxi argitaratu zuela Kafkak, eta, batez ere, Brodek traizionatutako testamentuari esker iritsi zaizkigula haren lanak. Kafka Pragan jaio zen, eta alemanez idazten zuen. Nabokov, aldiz, hamasei urte geroago jaio zen, San Petersburgon. Bi izen handi horiek mahai gainean jarrita, esango genuke literaturan handi izatea dela partekatzen duten ezaugarri nagusia. Unibertso literario ezberdinak dira txekiarrarena eta errusiarrarena. Biek, ordea, ustez «eurena ez zen» hizkuntza batean idatzi zuten. Kakotx artean jarri dut esamoldea, ez delako guztiz horrela. Kafkak txekiarra eta alemaniarra ezagutzen zituen, baina literatur hizkuntza gisa bigarrena aukeratu zuen. Eta hizkuntza hori aberastu egin zuen txekiar ikuspegiarekin. Erabaki horrekin, ez-inoren lurrean geratu zen, nahiz gero denek nahi izan duten bereganatu, baita judutarrek ere.
Nabokovena oso bestelako kasua da. Txikitatik, ama hizkuntza zuen errusiarraz gain, ingelesa eta frantsesa ere ikasi zituen, eta gai zen maila handiko literatur lanak aipatu hizkuntza horien jatorrizko bertsioetan irakurtzeko. Errusiako Iraultzak eztanda egin ondoren, Nabokov Alemaniara joan zen aurrena, Frantziara gero. Bi leku horietan, erbesteratuen komunitate zabal bat bizi zen, bere kontu eta gorabeherekin. Bere lehen lanak jatorriz errusieraz idatzi, eta erbesteratu errusiarren aldizkarietan argitaratu zituen, baina galdu egingo ziren gerora Nabokovek berak ingelesera itzuli eta berreskuratu izan ez balitu. Besteak beste, oso nabarmena da Gogolen itzala lan horietan, Nabokoven idazle kutunenetako bat. Parisen zegoela, 1938an, arestian hizpidera ekarri dudan 'Buru-mozte batera gonbidatua' eleberria kaleratu zuen. Kritikoek lanaren aire kafkiarra azpimarratu zuten, baina Nabokovek berak zalantzan jarri zuen iritzi hori, artean Kafka irakurri ez zuelako eta alemanez ez zekielako. Pentsa dezakegu ahaidetasun hori garaiaren larritasunari ere zor zaiola, baina egia da Kafka totalitarismoak boterera igo baino lehen hil zela.
Nabokoven nobelaren protagonistaren izena Cincinnatus C. da, eta kasu honetan, egoerak Kafkarenak baino are eldarniozkoagoak dira kasik. Cincinnatusi heriotza-zigorra ezarri diote krimen izugarri bategatik, nahiz krimen hori zein den garbi jakin ez. Kartzelan dagoela, zigorraren eguna noiz helduko zain, emaztea eta bere familia bisitan joaten zaizkio etxeko altzariak eta hormak eurekin daramatzatela. Kartzelan dagoen beste preso bakarra ez da dirudiena: Cincinnatus hilko duen borreroa da, preso arruntez mozorrotuta. Hotzegia baita zigortua bat-batean eta zuzenean hiltzea. Borreroak nahiago du bien artean adiskidetasuna sortu, heriotzaren tramiteari berotasun edo hurbiltasun halako bat emateko, nahiz eta iruzurrari eutsiko dion bukaerara arte. Amaieran, Cincinnatus hiltzera daramatenean, dena desegiten doa: paisaia, zuhaitzak, jendea… Bukaera irekia eta anbiguoa da. Harrapatuta gaude, baina geure buruan harrapatuta? Dena irudimenean gertatzen da? Guztiarekin, irakurleari kosta egiten zaio istorioak utzitako izuaren errautsa gogotik astintzea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.