Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aspaldian entzuten dudan galdera eta iritzia da aspaldi honetan ez dela lan nabarmenik atera euskal literaturan. Gure kazeta ezagunean kritika idazten duen idazle batek aipatu zidan lehengo baten: «Bada denbora ez dela lan handirik argitaratu euskal literaturan, ez?, gogoratzeko modukoa, esan nahi dut, asetzen duena, apurtzailea, erabatekoa» eta nolabaiteko aro gris batean bizi garela gehitu zidan. Kezkatu ninduen hausnarketak, zeren eta ez baitzen lehen aldia antzeko zerbait entzuten nuena.
Ez dakit nik, bada… Alde batetik euskal literaturaren panoramak azkar aldatzeko ohitura du, eta bestetik, hiru lau lan oso duin datozkit burura poesian zein prosan. Errazago poesian, 2020ko urtea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztularen ostekoa, baina kontakizunean ere bai.
Ez dakit nik bada. Gainera beti uste izan dut horrelako galdera sinpleek erantzun konplexuak izaten dituztela barnean, eta diagnostikoa baino gehiago interesatzen zait diagnostikoaren atzean gorde den prozesua.
Egia esan beharko banu, aitortu beharko nuke ez zela nire aurreikuspena bete. 2008ko krisi ekonomikoaren ostean espero nuen euskal literaturan aldaketa bat, eta ez zen gertatu, edo nik ez nuen ikusi behintzat.
Baina gaur aspaldian lan garrantzitsurik agertu ez dela argudiatzen duen iritzia zabaltzeaz gain, beste galdera bat ere ugaritzen ari da: Aldaketa gertatzen ari da literaturan? Euskal literaturaren paradigma aldatzen ari da? Gaurkotasunez ezin da erabat gaurkotasuna zer den adierazi, baina paradigma aldatzen ari ez bada ere, badira zantzuak (hitz «zoriontsua» hori: zantzua) aldaketa baten berri ematen dutenak.
Literatur kritika hilda dagoela uste dutenentzat, bada literatura munduko alor bat ahaztu dutena eta alor horretakoek literatur kritika inork baino zorrotzago erabiltzen dute. Argitaletxeetako literatura saileko zuzendari taldeaz ari naiz. Horiek bai direla literatur kritiko handiak, eta broma gutxi horiekin. Gure sisteman ezaguna den moduan, Aitor Aranak (1963) konta dezake zerbait kontu horretaz, 2006an 'Editorea' deituriko antzerki lana argitaratu ondoren gertatu zitzaionaz. Baina kontu zaharrak dira horiek!
Kontua da garaiotan euskal literatura plazaratzen duten argitaletxe bik saileko zuzendari berriak dituztela. Susa izan zen lehena eta Gorka Arresek lan esker gabeko hori utzi ondoren, Leire Lopez Ziluaga dugu argitaletxearen lemazain. Ereinen gertatu da bigarrena. Iñaki Aldekoak utzi ditu literatura saileko lanak eta Uxue Razkin sartu da haren ordez. Ez da kasualitatea gizonezko bi joan eta emakume bi heldu direla ikustea orain esango dugunaren harira.
Bigarren zantzua aspaldi nabaritzen ari den literaturaren feminizazioaren eskutik dator. Ez da gauza berria, baina 'Arte, Literatura Feminismos' liburuan Amelia Benito del Vallek aztertu duenez, gero eta ikusgarriago dira emakumeak Euskadi Sarietan, eta ez soilik Haur eta Gazte literaturaren alorrean. Hurrenez hurren, egile hauek irabazi dute Euskadi Saria, gehien ikusten dena, alegia: Eider Rodriguezek (2018), Irati Elorrietak (2019) eta Karmele Jaiok (2020). Saiakeran ere aipagarriak dira Arantxa Urretabizkaiaren eta Uxue Alberdiren Euskadi Sariak, 2017koa eta 2020koa.
Emakumeen presentzia zalantzarik gabe gero eta handiagoa da literatura esparru askotan. Eta ez ditugu hemen batzuk baino aipatuko: literaturan, bertsogintzan, Lisipe gisako saiakera-bildumetan, edo! argitaletxearen lanean, Euskal Pen Clubak urtero-urtero ateratzen dituen emakume idazleen karteletan… Horregatik eman diogu behar duen garrantzia literaturaz ari diren euskal argitaletxe bitan saileko zuzendari emakume bi izendatzeari. Behar bada bide horretatik etorri dira Ereinek egin dituen argitalpen berriak, biak ere emakumeen lanak. Nerea Arrienen 'Jende Likidoa' eta Nerea Loiola Pikazaren 'Epizentroa' dira Ereineko narratiba bilduman agerturiko azken ipuin liburuak.
Bide batez ugalduz doaz emakumeen literaturari buruzko ikerketak. Oraintsu bat atera dugu gure taldekoek, eta kazetari batek galdetu zidan -ziurrenik emakumeek egindako literaturaren jarraipena baieztatu nahi zuelako- ea zein izango zen etorkizuna. Ez dakit etorkizuna asmatzen, eta ez dakit azken urteetako urak errota mugituko duen gerora ala ez, baina, erantzun nion, ziur naiz ikerketa gehiago egingo direla. Eta hara!, gaur jakin dut bigarren bat dagoela bidean.
Hirugarren zantzuak erretiroekin du lotura. Urte hauetan institutuko irakasle asko erretiratu dira edo erretiratuko dira, Gobernuak jarriko omen dituen jubilazio arau berrien beldur ere bai, eta orain astia izango dute aspaldi buruan asmakizun gisa eta sakelan zirriborro gisa zeramaten nobela edo poema liburua idazteko eta argitaratzen saiatzeko.
Eta ez da broma. Joera horrek badu jada bere oihartzuna literatura lehiaketetan. Batetik, literaturaren plazara heldu berria den idazlea da adin tarte horretakoa, aldez aurretik ezagunen sarerik ez duena eta lehiaketetan plazan agertzeko modu duin bat ikusten duena. Gainera hizkuntzaren aldetik maila eta neurri ona baino goragokoa eman ohi duena. Eta zenbait lehiaketek ikusi dute hasi egin dela bertara heltzen diren originalen kopurua. Orain ez aspaldi, eta literatur lehiaketa eratzen dutenen buru mina areagotzeko, gutxi ziren horietara aurkezten ziren lanak, kontuan hartuz gero, beste literaturatan ez bezala, arbuioa ez denean behintzat, idazle ezagunek gogo gutxi agertzen dutela lehiaketa horietan aurkezteko. Gaur ez da horrelakorik gertatzen. Ugaldu egin da aurkeztutakoen kopurua.
Paradigmaren aldaketa da hori guztia? Zantzuak badira behintzat. Kulturaren azterketan isobara kultural berriak direla aitortu behar gaurkoan.
Etorkizunak bere hitza isilik gordeko du, ordea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.