Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
1789an, Frantziako Iraultzaren urte berean, aurkitu zuen William Herschel fisikariak Entzelado, Saturnoren satelitea. Entzeladoren gainazala geruza zuri batek estaltzen du, eta izoztutako mundu isil baten itxura ematen dio. 2005ean, Cassini espazio-ontziak Entzeladori buruz genuen irudia aldatu zuen. Cassiniren hurbileko argazkietan azaltzen zen Entzeladoren izotz-azala hauskorra dela. Geruza zuri hori ez da erabat hertsia, izotz-zurrustak azpian dagoen ozeanoaren osagaiak kanporatzen baititu.
Entzeladoren irudi indartsu horiek nahikoa dira hausnarketa filosofikoa suspertzeko, batez ere greziarrek zuten naturari buruzko ideiari jarraituz. Ideia hori beste inon baino hobeto Aristotelesen 'Fisika' liburuan jasotzen da. Filosofiak fisikarekin baino metafisikarekin zerikusi handiagoa duela pentsa liteke, baina biei buruzko hausnarketa emankorra gerta daitekeela ikusiko dugu.
Esate baterako, Heideggerrek uste zuen Aristotelesen 'Fisika' zela Mendebaldeak eman duen filosofiako libururik garrantzitsuena. Heideggerrek 1939ko artikulu batean, greziar hizkuntzan oinarritutako 'physis' (natura) kontzeptuaren interpretazio interesgarria egin zuen. Interpretazio horretan, beretzat funtsezkoa zen izatearen bereizketa filosofikoarekin lotzen du 'physis' hori. Aristotelesentzat, naturazko edozein izaki bi modutan egon daiteke, geldirik edo mugimenduan. Hori da Heideggerren abiapuntua.
Baina Heideggerrek dio Aristotelesentzat mugimendua ulertzeko bi modu daudela. Alde batetik, mugimenduaren kontzeptuarekin deskribatzen duguna da gauza baten leku batetik beste baterako ibilbidea. Greziarrek mugimendu mota horri 'kinésis kata topon' (lekuarekiko mugimendua) deitzen zioten. Heideggerren ustez, hori ez zen greziarrentzat mugimendua ulertzeko modu bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Heideggerrek egiten duen interpretazioan, mugimenduak badu beste zentzu bat, agerira azaltzearena alegia. Heideggerrek dio agerira azaltzeko berezkoa duen mugimenduarekin parekatu daitekeela natura. Argudio horri jarraituz esan daiteke naturazko izakiek berezko mugimendurako printzipioa dutela, 'arché' deiturikoa. Beren buruekin alderatuz, gizakiek egindako gauzek -mahai batek edo espazio-ontzi batek- ez dute beren mugimenduaren printzipioa beraiengan, baizik eta eman zaien helburu batean. Bigarren printzipio horri greziarrek 'telos' edo abiapuntua deitzen zioten.
Heideggerrek aitortzen du egindako gauzen kasuan ere bi printzipioak daudela jokoan, mahaia denborarekin usteldu edo herdoildu daitekeelako. Guretzat, Heideggerren proiektu hermeneutikoan bereizketa horrek erakusten duena da momentu historiko batean naturarekiko begiradak ikuspegi hautatu bat indartu dezakeela eta bestea saihestu. Joera horri Heideggerrek izatearen ahaztea deitzen zion. Oraintsuago Bruno Latour soziologoak 'matters of fact' eta 'matters of concern' bereizi beharko liratekeela aipatzen zuenean, antzeko ardurak eguneratzen zituela esan daiteke.
Bereizketa hauek historiaren oholtzan jartzen baditugu, gizakiak bere mugimenduan eragina duten bi printzipio izendatu ditzakegu. Batean, mugimendua bera leku-aldatzeari erantsi dakioke. Hala egiten zuen Virgiliok Eneidan Erromari bere patua adierazten zionean: «Harresi hauei ez dizkiet nik mugarririk jartzen». Mugimendu horri orain pangea printzipioa deitu diezaiokegu, mundu osoa hartzea eta betetzea baita bere helburua.
Printzipio horren beste adibide bat Peter Sloterdijkek 'Im Weltinnenraum des Kapitals' (Kapitalaren barne munduan, 2009) liburuan ematen du «arrakastaren poesia» deskribatzen duenean, XVI. mendetik hasita mundu berriaren aurkitzaileek garatuko dutena. Baina historia barneko gizakiaren jardueran beste mugimendu bat bereiztea posible da, Aristotelesen esaera erabiliz, izakia agerian azaltzean posible egiten dena. Printzipio hori unibertsaltasun printzipioa dela esan dezakegu. Bi printzipio hauek ez dira ulertu behar errealitatearen osagai edo esentzia moduan, esate baterako Zubiriren errealitatezko egituraren antzera. Interpretazio irizpide moduan ulertu behar dira, beti ere barnean errealitatea mugiarazteko ahalmena dutenak.
Horregatik, Alain Badiouk 'Saint Paul. La fondation de l'universalisme' (San Pablo. Unibertsaltasunaren sorrera, 1997) liburuan unibertsaltasunaren sorrera San Pabloren predikazioarekin identifikatzen duenean esaten du unibertsaltasunak diskurtso ororen egitura zeharkatu dezakeela. Badiourentzat, San Pabloren predikazioak erlijio judutarraren kutsu baztertzailea gainditu egiten du eta aldi berean Erromako pangeazko diskurtsoaren alternatiba bilakatzen da. San Pabloren unibertsaltasunak ondasun bat, maitasuna, jende orori zabaltzea aldarrikatzen du.
Hala ere, '-ismo' atzizkiak adierazten duen moduan, oraindik mugimendu antolatu baten kutsua mantentzen du. Filosofiaren egitasmo historikoa izango da unibertsaltasuna printzipio orokorra bilakatzea, hau da, unibertsaltasuna unibertsalizatzea. Esan bezala, unibertsaltasuna modu irekian eta ez-dogmatikoan erabiltzen badugu, fenomeno kulturalak eta sozialak interpretatzeko giltzarria bilakatu daiteke. Adibidez, demokraziaren ideia errealitate bilakatzeko mugak daudela adierazten denean, gizarte harresiak denboran zehar mantentzen direlako, unibertsaltasun printzipioak dioskuna da demokrazia formala bera unibertsaltasunaren errealizazioetako bat dela eta aldi berean ez duela unibertsaltasunaren kontzeptua agortzen. Beraz, muga horien irtenbidea unibertsaltasuna zabaltzea da.
Bukatzeko, har dezagun berriro artikuluaren hasierako irudi nagusia, Cassini espazio-ontziak Entzelado inguratu zuen bidaiarena. Ibilaldi horretan Entzeladok agerian azaltzeko duen barne mugimendua erakutsi zigun. Are gehiago, Cassiniren bidaia bukatzear zegoenean, ontziak erantsita eraman zitzakeen mikroorganismoek Entzeladoren mundua kutsatu ez zezaten Cassini Jupiterren atmosferan kiskali zuten. Horrela, ikus dezakegu mugimendu batean bi printzipioak nola bateratu daitezkeen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.