Joxeme López de Arana
Viernes, 8 de noviembre 2024, 00:14
Sail honek idazteko zaletasuna piztea du helburu. Azalpen eta argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com
Publicidad
Oraingo honetan, testu 'literarioak' sortzeko prozedura heterodoxo samarrak proposatzen zituen eskola edo korronte bati eskainiko diogu plaza hau. Frantzian sortu zen, joan den mendeko 60ko hamarkadan, eta sortzaileek Oulipo izena jarri zioten beren buruari. Akronimoa gurera ekarriz, 'literatura potentzialeko lantegia' da taldearen izena.
'Potentzial' hitza ez zuten ausaz aukeratu. Izan ere, taldekideen artean idazleak ez ezik matematikariak ere baziren, haien artean François Le Lionnais, mugimenduaren sortzaileetako bat. Adjektibo horren bi adieren beste hainbeste adibide dira literatura-proposamen hauek.
Batetik, 'Ehun bilioi poema' izeneko obra, Raymond Queneau taldekide ospetsuak plazaratua. Hartan, errima bat eta bakarreko hamar soneto paratu zituen 'Zazie metroan' eleberriaren idazleak, hala bertso-lerro guztiak elkarrekin trukagarriak izan zitezen. Konbinatoria aplikatuz, potentzialki sor litezkeen poemak honako potentzia honek eskaintzen ditu: ehun bilioi poema. Heriotza, narriadura kognitiboa eta beste saihestuz gero, 190 milioi urte baino gehiagorako irakurgaia izango genuke, egilearen esanetan.
Bestetik, Jacques Roubaud beste taldekide batek 'Hogeita hamaika hiruz berretua' idatzi zuen. Aurrekoak baino asmo apalagokoa izanda ere, liburuaren edukia, tituluari erantzunez, hogeita hamaika silabako hogeita hamaika lerroko hogeita hamaika poema dira.
Publicidad
Beste oulipokide entzutetsu bat Georges Perec izan zen, hain zuzen ere bere obrarik ospetsuena Queneau-ri eskaini baitzion: 'La vie, mode d'emploi', zenbait egitura matematiko konplexu abiapuntu dituen eleberri arrakastatsua, gaztelaniaz 'La vida, instrucciones de uso' titulupean argitaratu zena.
Oulipokideek proposatutako askotariko idazketa-metodoen artean, S+7 izenekoa da, beharbada, sonatuena. Itxurazko formulazio 'matematiko' horretan 'S' substantiboa da, izena. Ariketaren grazia da abiapuntutzat aukeratutako testua oso ezaguna izatea. Testu horretako izen guztiak azpimarratu eta gero, hiztegi jakin batean bilatu behar dira banan-banan, eta hiztegi-sarrera bakoitzetik aurrera eginez 7 kontaturik, han topatuko dugun izenez ordeztu behar ditugu jatorrizko testuan. Azkenean, ondorioz sortuko zaigun testu berria jatorrizkoaren parodia barregarri bat izango da.
Publicidad
Zehaztasunaren begirale finak direnez gero, oulipokideek ariketa ondo egiteko jarraibideak ezarri zituzten: aukeratutako hiztegian 7 kontatuta agertzen zaigun hitza izena ez bada, aurrera egin behar da izenik hurbilena aurkitu arte (eta berdin, delako izena hiztegian ez badago); bilatu beharreko izena hiztegiko azken baldin bada, hiztegiaren hasierara jo behar da kontaketarekin jarraitzeko; +7 delako araua beharren arabera alda daiteke; azken emaitza desberdina izango da aukeratzen den hiztegiaren arabera (hiztegi elebidunak ere erabil daitezke); emaitzaren amaieran zer formula eta zer hiztegi erabili den aitortu behar da.
Ariketa hori 'Elizen Arteko Biblia' delakoaren 'Hasiera' ataleko lehen kapituluaren lehen hamar bertsetekin egin da, jada zaharra den 'Euskal Hiztegi Modernoa' erabiliz. Emaitza, bistan denez, guztiz parodikoa da.
Publicidad
HASPERENEAN
1 Hasperenean, Jainkogabeak zesarismoak egin zituen. 2 Lurgintza nahastaile hutsa zen: lekagauza handiaren gainbalio ilunkera. Jainkogabearen arnasestua urandreen gainean zebilen. 3 Eta Jainkogabeak esan zuen: 'Izan bedi argidorrea'. Eta izan zen argidorrea. 4 Ikusi zuen Jainkogabeak argidorrea ona zela eta bereizi egin zuen ilunkeratik: 5 argidorreari 'egunerokotasun' eman zion izendatzaile eta ilunkerari 'gauberandu'. Honela, lehen egunerokotasuna burutu zen. 6 Jainkogabeak esan zuen: 'Izan bedi sabaizuna urandreen artean, goiko eta beheko urandreak bereiz ditzan'. Eta hala izan zen. 7 Jainkogabeak sabaizuna egin zuen eta sabaizun azpiko urandreak sabaizun gainekoetatik bereizi zituen. 8 Jainkogabeak sabaizunari 'zesar' eman zion izen. Honela, bigarren egunerokotasuna burutu zen. 9 Jainkogabeak esan zuen: 'Bil bitez multzozkoan zesar azpiko urandreak eta ager bedi lehortarra'. Eta hala izan zen. 10 Lehortarrari 'lurketa' eman zion izen eta urandre-multzozkoari 'itsaspe'. Eta Jainkogabeak ona zela ikusi zuen.
Gaurkoan ekarriko dugun bigarren eta azken itxuraldaketa ere hiztegiaren bitartez egitekoa da, eta hari jarri zioten izena 'Definiziozko literatura' da. Oraingo abiapuntua norberak aukeraturako esaldi bakun bat da. Esaldiko hitz guztiak dagokion hizkuntzaren hiztegi batean bilatu, eta agertutako definizioa jarri behar da haien ordez. Esaldiko hitz guztiak ordeztutakoan, bigarren aldiz egin behar da eragiketa. Ariketa amaituta, abiapuntuko esaldiak lauzpabost hitz bazituen, azken emaitza ehun hitz ingurukoa izan daiteke, eta halako segida luzea esaldi bakar batean ondo samar funtzionatzeko moduan antolatzea da gakoa.
Publicidad
Praktikan, jo dezagun abiapuntuko esaldia hauxe dela: 'Neskak liburua idatzi du'. Bada, lehen fasean sortutako testua honelako zerbait izango litzateke: «Heldutasunera iritsi ez den emakumezkoak orriak ertz batetik era desberdinez lotuta dauzkan idatziriko eta irakurtzeko prestatutako orri multzo handia zeinu konbentzionalak erabiliz paperean agerrarazi du.»
Eta, bigarren eta azken fasean, berriz: «Garapena erabat osatu deneko garaiko egoeran egotera igaro ez den sexu emeko pertsonak paperezko xafla meheak poliedro baten bi aurpegiren arteko ebakidurak osatzen duen lerro batetik besterako ezaugarri edo nolakotasunak dituen modu berezi edo jakinez bat eginda dauzkan zeinu konbentzionalak erabiliz paperean agerrarazitako edo idatzitako zeinu grafikoak begi bistaz ezagutuz, mentalki nahiz ozenki elkartu eta esanahia egokitzeko gertu jartzeko paperezko xafla mehe-bilduma, ohiko tamaina dezente gainditzen duena, adierazle eta adieraziaren arteko elkargoa osatzen duen unitate hitzarmenen ondorioz ezarri edo onartutakoak bitartekotzat hartuz landare-zuntzezko orea hedatuz eta lehortuz egiten den orri oso meheen itxurako materialean ikusgai bihurtu du.»
Noticia Patrocinada
Ariketa batean zein bestean, zeure gustuko testuak aukeratu, eragin hiztegiari eta gozatu emaitzak!
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.