Borrar
Oteiza Arantzazun, 50 urte

Oteiza Arantzazun, 50 urte

Mende erdia bete da, ia 15 urtez apostoluak errepide eskinan abandonatuta egon ostean, Arantzazuko basilikan Oteizaren estatuaria kokatu zenetik

Mikel Onandia

Martes, 5 de noviembre 2019, 23:17

Euskal abangoardiaren tradizioaren baitan mugarri da Arantzazuko basilika, eta bereziki, Jorge Oteizak osatu zuen lan eskultorikoa (1952-1969), erakusten duen balio artistiko eta sinboliko aberatsagatik. Elizaren goi-sektoreen ulertu ezinaren ondorioz zailtasun eta liskar ugari sorrarazi zituen estatuariaren instalazio definitibotik 50 urte bete diren honetan, ospakizun gisa antolatutako erakusketa eta publikazioak aitzakia bikaina ditugu Arantzazuko lanetara begirada bueltatzeko.

Jende gehiago bildu ahal izateko eta gunea modernizatu guran, 1949an, Pablo Lete frantziskotarrak Arantzazuko santutegiaren berrikuntza anbiziotsua bultzatu zuen. Proiektu irabazlea Luis Laorga eta Francisco Javier Saenz de Oiza gazteek aurkeztutako proposamen apurtzailea izan zen. Jorge Oteiza 1951n batu zen lanetara, fatxada nagusiaren diseinua eta eskulturak gauzatzeko enkarguarekin. Arkitektoekin elkarlan zuzenean, mural konplexu baten egitasmoa garatu zuen, zeinak basilikaren lanak aurrera joan ahala hainbat aldaera izan zituen. Orioko eskultorea hiru urte lehenago heldua zen Ameriketatik Bilbora, eta gerraosteko euskal artearen giro iluna pizteko zenbait ekimen jarri zituen martxan. Aldi berean, 1952an 'Interpretación estética de la estatuaria megalítica americana' entsegua argitaratu zuen, eta segituan irabazi zuen Preso Politiko Ezezagunaren Monumentua gauzatzeko Nazioarteko Lehiaketa, Londresko Tate Galleryn ospatu zena.

Baina Arantzazun laster sortu ziren arazoak. Abangoardistegiak zirelakoan, 1953ko irailean, eskultorearen lanak geldiaraztea erabaki zuen Eliza Katolikoaren goi-hierarkiak. Debekuari erantzunez, haserrearen eta frustrazioaren ondorio, 1954ko urtarrilean, Oteizak 'Androcanto y sigo. Ballet de los apóstoles en la carretera' poema liburua idatzi zuen. Baina oriotarra ez zen izan zentsura pairatu behar izan zuen artista bakarra: urte bereko azaroan, Nestor Basterretxea elizaren kriptarako freskoak osatzen ari zela, estali egin zituzten. 1955aren hasieran, Oteizak, Basterretxeak eta Carlos Pascual de Larak beraien obrak azalduz autoritate eklesiastikoei idatzi zieten arren, ekainean, suspenditu egin ziren lanak, ustez, behin betiko. Honela argudiatu zuen Arte Sakratuaren Batzorde Pontifizioaren epaiak: «Ez ditugu zalantzan jartzen proiektugileen asmo zintzoak, baina ondorioztatzen dugu korronte modernistarekin galdu egin direla, horrek ez baititu kontuan hartzen Eliza Santuak arte sakratuaren arloan ezarriak dituen arauetako batzuk». Oteizak Arantzazu utzi zuen, eta zizelkatzen hasiak ziren apostoluak bide bazterrean botata geratu ziren hurrengo hamalau urtean: lau ia erabat zizelkatuta, eta besteak Markinako harrizko blokeetan.

Gizakiaren dimentsio sinbolikoa, erlijiosoa eta estetikoa sintetizatzen saiatu zen

Nazioartean ospe nabarmena lortuta -1957an, Sao Pauloko IV Bienaleko Eskulturako Nazioarteko Saria eskuratu zuen- eta euskal testuinguruan sekulako eragina izanik -behin eskultura jarduna lagata, orotariko ekimenak eta lan teorikoa ontzen hasi zen, 1963an Quousque tandem…! argitaratuta-, autoritate eklesiastikoekin kontaktu eta zenbait gestioren ostean, 1968ko azaroan onartu zuen Oteizak lanak berreskuratzea. Bere pentsamenduaren eboluzioaren fruitu, hustasunak protagonismoa irabazi zuen; 50eko hamarkadako asmoek erakutsitako erliebe bidezko ornamentazio maila handia desagertu egin zen azken bertsioan. 1969an zehar bukatu zituen beheko frisorako apostoluak, eta ekainaren 12aren eta 17aren artean kokatu ziren bere lekuan. Pietatea urriaren 21ean muntatu zen, lanari akabera emanez.

Oteiza gizakiaren dimentsio sinbolikoa, erlijiosoa eta estetikoa sintetizatzen saiatu zen Arantzazun, haren hitzetan, «nire euskal herria, nire kristautasun oinarrizko eta iraultzailea eta nire arte pentsamendu bizi eta esperimentala». Horretarako, errepresentazio erlijiosora modernitatearen galbahetik hurbildu zen. Garaiko kontzeptu eskultorikoen eta irudikapen figuratiboko enkargu erlijioso baten arteko uztartze bikaina osatu zuen Oteizak Apostolutzaren eta Amabirjinaren imajinetan. Zailtasunak gaindituz eta desiratuaren eta posiblearen artean borrokan, proiektuarekin erakutsitako konpromisoagatik eta lortutako emaitza bikainagatik hura izan da Oteizaren eskultura publiko handien eta arrakastatsuena. Artearen imajinario sinboliko berriak sortzeko eta gizarteratzeko gaitasunagatik, garaiko arte erlijiosoaren berriztapenean giltzarri bihurtu zen Arantzazu handik denbora laburrera.

rudian, Jorge Oteiza artistak Arantzazuko santutegian egindako lana.

Chillidaren ate gainetan, friso eran antolatuta, hor aurkitzen ditugu apostoluak, monumentalak eta ia ezaugarri fisonomiko bakoak. Hamalau dira ez hamabi, eta, arrazoiagatik galdetuta erantzun ezberdinak eman bazituen ere, Oteizak literaltasunetik aldendu eta planteamendu formal eta kontzeptualago baten alde egin izanagatik esplikatzen da. Hasiera-hasieratik artistak argi izan zuen lanaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat austeritate espresiboa eta detaileen gabezia izango zela. Esperimentazio lan betean ari zen Oteiza eta hustasuna bilatzen du, adierazpena forma elementalenetara murriztuz. Hala, masaren eta espresioaren ahultasuna kanpoaldera ireki eta eskultura inguratzen duen espazioa aktibatzen duen ahurtasun borobildu eta dinamikoen bidez inplikatzen du ikuslea. Era berean, indibidualtasuna baino, komunitatearen zentzua azpimarratu guran, harri masa trinko eta erritmikoa lortzen du.

Ama Birjina

Pareta biluziaren goialdean, ia fatxadaren goi lerroa gaindituz, Ama Birjinaren figura dugu, eta tartean, eskultoreak erlijioa eta artea ulertzeko kontzepzio existentzialistarekin bat, hutsunea. Behin Andre Mariaren eta Jasokundearen tipologiak baztertuta, Pietatea osatzeko Oteizak bariazio formal eta kontzeptual ezberdin ugari ondu zituen 1969an zehar. Adiskide zuen Txabi Etxebarrietaren heriotzan inspiratuta, jatorrian Jasokunderako pentsatutako irudia hartu zuen oinarritzat, oinetan semearen hilotza gehituta, heriotzaren kontzepzio oteizar tragikoarekin bat. Txomin Badiolak apuntatu duen legez, Picassoren 'Guernica' koadroko ume hila duen ama izan zitekeen abiapuntua Oteizaren Pietatearen tentsio dramatikoa abordatzeko.

Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Arantzazu Gaur Fundazioak eskultura lanak bukatu zirela 50. urteurrena ospatzen dihardute. Elena Martinen komisariotzapean, 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969' erakusketa hartu dute Altzuzako museoak eta Arantzazuko Gandiaga Topaguneak, proiektuari lotutako berrehun pieza ingururekin, eta honi lotuta argitaratu da 'Oteiza Arantzazun' publikazio zaindua, basilikaren esku-hartze proiektuaren bilakaera kontatzen duena, eta prestakuntza fasean den lan mardulago baten aurrerapen gisa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Oteiza Arantzazun, 50 urte