Borrar
Xabier Mendiguren, elkarrizketa batean. Mikel Fraile
«Orain, garai batean baino exijenteagoak gara original bat onartzeko orduan»
Lumatik teklara. Xaharrak berri (5)

«Orain, garai batean baino exijenteagoak gara original bat onartzeko orduan»

Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964), ibilbide luzeko idazlea da, baina editore ere bada 80ko urteetan hasita, eta lanbide horretaz galdetu diogu

Domingo, 11 de junio 2023, 18:22

Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere inguruko beste hizkuntzetan bezain gutxiesgarria. 'Lumatik teklara' honetatik igarotzen diren eragile guztiak eskarmentu handikoak eta literatura-saltsa askotan urte mordoa emandakoak diren aldetik bakarrik dira xaharrak.

Sail honetako bosgarren elkarrizketatua ibilbide luzeko idazlea da (udazkenean beste eleberri bat aurkeztuko du), baina haren lanbidea da gaur hona ekartzearen arrazoia. Izan ere, 1980ko hamarkadaren amaieraz geroztik (Mendiguren 'gaztea' zenetik, alegia) Euskal Herriko argitaletxe handienaren editore dihardu, Elkar argitaldarian, hain zuzen ere. Euskal irakurleontzat erreferentziazkoak izan diren literatura-bilduma askoren sortzaile eta kudeatzaile, gutxienez lau idazle-belaunaldirekin harremanetan aritu da eta gutxik bezala ezagutzen ditu euskal literaturaren atze-oihalak zein oihal atzekoak. Hala ere, apaltasunez mintzatzen da, lehen pertsonako pluralean, lantalde bateko kide bat gehiago balitz bezala.

-Zenbat eskuizkribu jasotzen dituzu urtean, eta zein generotakoak?

-Ez dut kontaduria zehatzik eramaten. Urte batean egin nuen, hala ere, eta onartzen genuen testu bakoitzeko beste lau bat-edo izan ziren atzera botatakoak. Generoen artean denetik egon ohi da: narratiba, saiakera, poesia, haur-literatura, itzulpen-proposamenak…

-Eta zein dira irizpideak haietakoren bati baiezkoa emateko? Zer bilatzen duzu lan berri batean?

-Ez dago inon idatzita, eta uste dut ezinezkoa litzatekeela taula bat egitea: hizkuntza zuzentasuna %20, kalitate literarioa %30, interes tematikoa %25… Guztiaren baturak sortzen duen sentsazio orokor bat da. Eta zer den bilatzen duguna? Testu originalak, berritzaileak, interesa piztuko dutenak, estilo pertsonal bat dutenak…

-Badute eraginik idazlearen generoak, adinak, ezaguna edo 'etxekoa' izateak…?

-Printzipioz ez. Lan bat kalitatezkoa bada edo gaitasun komertziala ikusten badiogu, ateratzen saiatuko gara. Etxekoekin kontsiderazioa izaten saiatzen gara, baina lanaren balioa aintzat hartuta, bestela irakurlearekiko errespetu falta litzatekeelako.

-Eta haur eta gazte literaturaren kasuan, berdin jokatzen da?

-Haur eta gazteen literaturan, helduenaren printzipio berak betetzen saiatzen gara, eta horrez gain, garrantzia ematen zaio egokitasunari ere: adibidez, haurrentzako liburu batean uste dut ez genukeela onartuko eduki arrazistarik, homofoborik…

-Hasiberri bati baiezko biribila ematearen pozaren parean, inoiz gertatu zaizu idazle ezagunen bati ezezkoa eman beharra?

-Bai, nahi baino gehiagotan, eta ez da trago gozoa, ez harentzat, ez niretzat.

-Nolakoa eta zenbaterainokoa da editorearen inplikazioa argitaragarritzat jotzen duen lan batean? Bestela galdetuta, sistema finkatuagoen parekoa da euskal editoretza?

-Honetan ere ez dago formula perfekturik, eta editore batek beti eduki dezake zalantza, beste baten testuan eskua gutxiegi edo gehiegi sartu ote duen. Tradizio amerikarrean editoreek asko aldatzeko ohitura izan dute, europarrean ez hainbeste. Idazlearen estilo pertsonala eta bere lanaren espiritua mantendu behar dira, horiek ezin dituzu zuk aldatu, baina horiek errespetatuta, jatorrizkoa ahal bezain ona egiten saiatu behar duzu, egilearekin elkarlanean, zure proposamenak azalduz bera konbentzitzeko. Behar beste aldatuz, baina ez behar baino gehiago.

-Zeure talaiatik, nola dago gaur egun euskal literatura?

-Ez nago seguru erantzun bat ba ote dudan…

-Egizu saialdi bat, ez da hemendik aterako…

-Garai batean esango nuen, inguruko literatura handiekin konparatuz gero, gabeziak ikusiko genituzkeela, eta gurean orain dela 20-30-40 zer geneukan begiratuz gero, argi dago askoz indartsuago geundela. Gaur egun, berriz, beste era batera erantzun beharrean nago. Batetik, geure buruari bakarrik begiratuta, azken 20 urteotan ez dakit ez ote gauden apur bat estankatuta. Baina, bestetik, onerako eta txarrerako, uste dut irizpide sinkronikoak erabili behar ditugula: gaur egungo euskal literaturan sortzen denak zerikusi eta harreman handia duelako munduan aldi berean sortzen ari denarekin. Intuizio hutsak dira, edonola ere.

-Zein dira gehien irakurtzen duten euskaldunak?

-Batetik, betidanik irakurri izan duen jendea, seguru asko. Bestetik, berriz, errelebo naturala dator, belaunaldi berriekin, eta hor, esango nuke aldaketa nabarmen bat dagoela, irakurle gehienak emakumezkoak direlako, baita egungo idazle gazte gehienak ere. Horrek pozteko motiboa dakar, noski, baina kezkatzekoa ere bada mutil gazteen artean kulturarako zaletasuna hain bazterrekoa izatea.

-Nola aldatu da lan-karga eta oro har editorearen lana 80ko hamarkadatik hona?

-80ko hamarkada amaieran hasi nintzen ni editoretzan, eta artean ez zegoen ordenagailurik, beraz lan egiteko moduak oso diferenteak ziren, nahiz funtsezkoena berdin mantendu: originalak irakurtzea, baloratzea eta zuzentzea. Onartutako lanen portzentajea ez dakit handiagoa zen, baina bai esango nuke orain iristen diren testuen kalitatea batez beste handiagoa dela, eta, hortaz, exijenteagoak garela original bat onartzeko orduan.

Buruz burukoa

–Idaztea edo irakurtzea, zer nahiago?

–Irakurtzea.

–Zein da irakurri duzun azken liburu benetan handia?

–'Benetan' horren tamaina ez da erraza neurtzen. Baina, adibidez, kaleratu berri dugun azken liburua, 'Cayo Hueso', Oihane Amantegiren eleberri laburra, harribitxi bat da.

–Zure apaletan topa litekeen liburu harrigarri bat?

–Ba, Stevenson-en 'The Master of Ballantrae'ren lehen edizioaren ale bat, 1889koa, Mikel Sotok oparitua.

–Inoiz oparitu dizuten libururik maitatuena?

–Aurreko liburuak kontrakoa pentsaraz lezakeen arren, ez naiz batere fetitxista liburuekin.

–Euskal liburu bat?

–Hainbat! Nik editatutakoen artean bakar bat bereiztekotan, Joxe Azurmendiren saiakeraren bat, seguru asko.

–Zer aholku emango zenioke idazle hasiberri bati, bere eskuizkribua bidaltzeko orduan?

–Beldurrik gabe bidaltzeko, pozik irakurriko dugu eta. Eta, gure esku badago, hobetzen lagundu.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Orain, garai batean baino exijenteagoak gara original bat onartzeko orduan»