Borrar
Olatz Mitxelena, elkarrizketa batean.
Olatz Mitxelena: «Auzi filosofikoak dira literaturan ere interesatzen zaizkidanak»

Olatz Mitxelena: «Auzi filosofikoak dira literaturan ere interesatzen zaizkidanak»

Irakaslea ogibidez, Igartza Saria irabazi ondotik argitaratu zuen bere lehen literatur lana: 'Arrain hezur bat eztarrian'. Pertsonon arteko harremanetan oinarritzen den ipuin-bilduma

Aiora Sampedro

Sábado, 21 de septiembre 2024, 01:17

Olatz Mitxelena itzultzailea eta filosofia irakaslea da, baina iaz 'Arrain hezur bat eztarrian' ipuin-bilduma argitaratu zuenetik, idazletzat ere jo dezakegu. Berak dioen bezala, idatzi lehendik ere idatzi izan du, nahiz eta argitaratu ez. Edo ez behintzat publiko orokorrarentzat esku jarriz, izan ere, hainbat literatura sari eskuratua da urtez urte. Dena den, joan den urtean idazle gazte eta hasiberriak bultzatzera bideratutako Igartza Saria eskuratu zuenetik, bere izena ezagunagoa da euskal literaturaren panoraman. Are gehiago, hilabete batzuk geroago liburuak Kritika Saria jaso zuenean. Horrela, ibilbide oparo baina labur honen inguruan galdetu nahi izan diogu.

-Noiztik zara idazle? Eta irakurle? Betidanik idatzi duzu? Zure idazketa eta irakurketa ohiturek badute ipuingintzan hastearekin loturarik?

-Aspalditik idatzi dut, baina ez dut beti idatzi. Igartza Saria irabazi arte, ez nintzen idazten hain serio jarria; garaiaren arabera: ipuinen bat edo beste, paragrafoak, ideiak, testu zatiak ipuinen bueltan batez ere. Iruditzen zitzaidan idazten ez banuen, beharrik ez nuelako zela. Nolabait, idaztearen ideia erromantikoa-edo nuen: inspirazioz idaztearena.

Saria irabazteak eta idazten serio jartzeak aldatu dit ikuspegi hori: idazten jarritakoan idazten da, eserita eta boligrafoa hartuta, arituta. Beste gauza batez ere konturatu naiz, sariaren harira: kanpoko aitortzarekin etorri zait idazten aritzeko baimen hori, aurretik nire buruari ez nion ematen; ez kendu egiten niolako, baizik eta ez nuelako irudikatzen nire burua egiatan idazle, alegia, mahaian jarrita orduak pasatzen.

Irakurtzearekin ere idaztearekin pasatu zaidan antzekoa pasatu izan zait: boladaka irakurri izan dut; aspalditik, baina ez beti. Ipuinak irakurri zalea izan naiz, hori bai.

-Zein irakurketa egiten dituzu idazteko inspiratzen zaituztenak edo zeri begiratzen diozu zertaz irakurri jakiteko?

-Gustatzen zait ipuinak irakurtzea, eta horiek laguntzen didate gero sortzen ere: zer egin nahi nukeen pentsatzen, zer giro, zer estilo gustatzen zaidan erabakitzen. Ez modu kontzientean beharbada, baina irakurtzen eta jasotzen dugun guztiak laguntzen du gero sortzen. Sistematikoa ez den arren, inspirazio edo ideia bila, dena den, ipuinetara jotzen dut.

Irakurketak aukeratzeko, gaiari baino gehiago estiloari edo giroari begiratzen diodala esango nuke, gai aldetik ireki samar nagoela. Gustukoago ditut, hala ere, harremanei, orokorrean bizitzari buruzkoak.

»Komunikazio arazoak interesatzen zaizkit, baina sorpresa izan zen niretzat ere ikustea, idatzi ahala, hainbeste leku hartzen zuela kezka edo min horrek»

-Bildumako ipuin guztiak batera idatzitakoak dira? Helburu berarekin pentsatuak? Izan ere, ipuinetan inguruko gizartea irudikatzen duzu eta harremanen gauza txikiak kontatzen dituzu ipuin guztietan. Zergatik kontatu dizkiguzu komunikazio arazoak?

-Bi dira aurretik idatzitakoak; gainerakoak sariaren berri izan ondoren idatzi nituen. Ideia orokor bat banuen buruan (harremanak, zauriak), baina bestelakoan jolasten aritu nintzen pixka bat, probatzen, ikasten. Uste dut horregatik direla ezberdin samarrak, neurri batean. Gizartea irudikatzea ez zen propio jarritako helburu bat, ze niri gizakia interesatzen zait, gizakiak mundua ulertzeko eta mundua egiteko duen modua, gizakien arteko harremanak, minak batez ere, alde ilunagoak, egunerokoan hain gustura kontatzen ez ditugun horiek. Pentsatzen dut horrek ekarriko zidala gizartea irudikatzea, eszenatokiren batean jarri behar nituelako nire kezka horiek, ezagutzen dudan leku batean jarri ditudalako. Baina ez zait iruditzen gizartea eta gai sozialak direnik bereziki interesatzen zaizkidanak; gizakia bera baizik; bizitza, orokorrean.

Komunikazio arazoak interesatzen zaizkit, baina sorpresa izan zen niretzat ere ikustea, idatzi ahala, hainbeste leku hartzen zuela kezka edo min horrek: esan ezina, isildu nahia, nahi gabe ere isiltzea… Izenbururako ideia orokorrago bat nuen buruan, hasieran. Idatzi nuena hobeto bilduko zuen izenburua bilatu nion gero; isiltzearen ideia hori azpimarratzen duena, justu.

-Zure ipuin batzuek badute ukitu fantasioso bat. Badirudi hegoameriketako fantasiarekin loturiko ukitua dutela ipuinek. Hala al da? Bestalde, normalean Haur eta gazte literaturan ohikoagoa da, baina helduentzat ere balio du fantasiak? Zer lortu nahi duzu irakurleengan?

-Helduentzat ere balio du fantasiak, dudarik gabe. Gustatu egin behar; hori beste kontu bat da. Irakurle moduan gustatzen zait ukitu fantasioso hori duten ipuinak eta nobelak irakurtzea. Beharbada, batzuetan jolas puntua ematen diola iruditzen zait, irudimena zabaltzen duela, eta gustatzen zait hori. Idazle moduan, uste dut aukera ematen didala errealitatetik distantzia pixka bat hartzeko, begirada jasotzeko, eta, hain justu, errealitateari beste modu batera begiratzeko. Irakurleengan lortu nahi dudan zerbait baino gehiago da, beharbada, esan nahi dudana esateko niri balio didan bide bat.

Hego Amerikako literaturan topatu dut, bai, fantasia puntu hori. Idazle kutunak ditut Julio Cortázar eta Samanta Schweblin, adibidez.

«Oso interesgarria iruditzen zait arrazoiaren mugetatik kanpora begiratzea»

-Zure formakuntzari dagokionean, filosofiak badu lekurik literaturan?

-Bai. Fantasiaren kontu horretan ere, uste dut baduela eragina filosofian interesatzen zaidan puntu batek: irrazionalismoak. Oso interesgarria iruditzen zait arrazoiaren mugetatik kanpora begiratzea, irrazionala den horri lekua egitea. Orokorrean ere bai: gizakia eta gizakiaren mundua interesatzen zaizkidan neurrian, hein batean auzi filosofikoak dira literaturan ere interesatzen zaizkidanak: gizakiak behin eta berriz egiten dituen galderetara hurbiltzea gustatzen zait, literaturaren bidez galdera horiek beste modu batera egitea, berriz galdetzea. Filosofian irakurri dudanak eragin handia duela uste dut idazten dudan horretan: ez zuzenean ideia edo planteamendu batzuk idatzi nahi ditudalako; ezpada, zeharka, galdera eta kezka horietara hurbildu nahi dudalako.

-Idazten jarraituko duzu?

-Idazten jarraitu nahi nuke, bai. Gustatu egiten zait, on egiten dit. Idazteko, denbora eta espazioa behar dira, ordea; eta, egunerokoan, lanean ari naizenean, zaila egiten zait hori topatzea. Oporretan hartzen dut tartea. Denbora eta espazio horiek bilatzea dut erronka, nolabait. Ipuinak idazten gustura aritzen naiz, eta horretan jarraitu nahiko nuke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Olatz Mitxelena: «Auzi filosofikoak dira literaturan ere interesatzen zaizkidanak»