Mina ez da heredatzen, ez dugu berezkoa ere. Inor ez da oinaze jakin, ezagun batekin etortzen mundura, eta inork ez du gurasoengandik seme-alabengana zabaltzen, bestelako ezaugarriak bezala: ile-adatsaren kolorea, sudur-masailen formak, begien itxiera-irekiera, jitea. Biktimen mina besteren ezina da, bakarra, berezia, beraiei eta, neurri batean, haien gertukoei dagokiena. Inor ezin da besteen oinazearen tokian jarri, inor inoren minaz jabetu ezin den bezala. Gu gu gara, ez besteak. Gure min-oinazeak gureak dira, horregatik, ez beste inorenak. Biktima ordezkaezina da, ez delako bere asmoa biktima izatea, ez delako bere erabakiaren mendekoa izan, beste leku batean hartutako erabaki baten ondorio baizik, bere kontzientziatik kanpoko zerbait. Biktimagileak aukeratu egiten du, biktimak ez. Biktimagileak arrazoiak dauzka jokatu duen bezala jokatzeko, gaitzesgarriak eta arbuiagarriak badira ere; baina biktimak ez. Hala ere biktima arrazoiduna da, biktima izanagatik. Inork ez du inongo autoritaterik biktimen oinazea oinarritzat harturik, beste tokiren batera jauzi egin eta han pausatzeko, biktimak ordezkatuz, haien ahotsa inposatuz, haien mina minduz eta ozpinduz.
Publicidad
Hurbil gaitezke biktimen minaren iturriraino, busti gaitezke haien minaren uretan, baina ez gara itoko. Tantaz tanta, isuriaren isuriz, haien minarekin bat egin dezakegu, haiena eta gurea ezberdinak direla bereizirik. Gurea beste min klase bat da, beste oinaze molde bat, oso gurea bai.
Joseba Eceolazaren liburua, 'ETA, la memoria de los detalles' biktimen minarekiko hurbilketa bat da, gertutasunetik eta enpatiatik abiatuta. Duela gutxi arte, behintzat, gure artean ez zen ohikoa biktimek beren istorioa kontatzea. Hasi dira horretan; pixkanaka, lekukotasun gehiago argitaratuko dira, nik uste. Ez da berdin gertatu Italian. Biktimen literatura ugaritu egin da, azken urteetan. Luigi Calabresi komisarioaren semeak idatzitakoa aipatuko nuke. Aitari leporatu zioten Pinelli anarkistaren heriotza, zeina leihotik behera jaurti zuten. Gogoan izan Dario Foren antzerki-lana, 'Anarkista baten istripuzko heriotza'. Pinelli errugabea zen, ordea. Baina lurralde hartan ere biktimagileen literatura ez da gutxiestekoa. «Berunezko urteak» deitutako haiei buruz literatura asko dago, biktimen batere aipamenik gabe. Faxistek, komunistek, brigadistek idatzi dute, historiaren interpretazio bat ekarriz. Interesgarriak dira halako testigantzak, irakastekoak diren neurrian. Gurean, ez dago halako literatura askorik, baina ez dakit ote den ezer esatekorik ez dagoelako ala besteko arrazoiren batengatik.
Nazien kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera zirenek aipatzen zuten ezin zela kontatu lekukoek ikusitakoa. Primo Levik, Robert Antelmek, Imre Kerteszek, Wieselek idatzi egin zuten, batzuk aipatzearren. Sufritutako guztia kontatuko balute, pentsatu zuten inork ez ziela sinetsiko. Eta inork gutxik sinetsi zien, hasiera batean, Eichmannek Jerusalemen deklaratu zuen arte.
Eceolazaren liburu hau irakurtzen duena ere harritu egingo da gertatu zen guztia saihestu ezinik gertatu izanaz. Seguru asko galdetuko du nola izan zen posible hainbeste min, hainbeste krudelkeria, hainbeste gizatxarkeria. Ez da memoria-liburu bat, ezta liburu historiko bat ere. Memoria subjektiboa da, intimoa, bizitua, benetakoa. Iraganarekin harreman propioa eta negoziaezina eratzen du. Historiak gertaerak gertatu ziren bezala erakusten ditu, datuen eta dokumentuen laguntzarekin. Izan ere, iragana errepikatzera kondenatuta dagoena ez da gogoratzen ez duena, ulertzen ez duena baizik.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.