Borrar
La Primitiva de hoy lunes: comprobar resultados del 24 de febrero
Ramon Saizarbitoria, 2022ko Bilboko Liburu Azokan. Ainhoa Gorriz
Ohorea maisuari. Ramon Saizarbitoriak 80 urte bete ditu
Territorios

Ohorea maisuari. Ramon Saizarbitoriak 80 urte bete ditu

Sábado, 27 de abril 2024, 00:42

Iragan apirilaren 21ean Ramon Saizarbitoriak 80 urte bete ditu. Gure idazle nagusiak merezi du irakurleen omenaldia. Baina oharkabean joan zaigu, hauteskundeak ere baziren eta, omenaldia egiteko eguna.

'Juive et vielle'

'Ehun metro' nobelako, aipatu du egileak, pertsonaia batek, Michele Manassék, idazlearen alter egoak, 1946ko apirilaren 21ean egiten dituela urteak. Hala dio eskegita daraman medailak.'Michele Manassé 21-IV-46 0 RH+'. Eta pertsonaiak bere buruaz mintzo delarik: 'Juive et vielle' uzten du irakurlearentzako. Pentsatzen jarrita 'RH+' odol marka horrek ere badu bere zentzua. 'RH positiboek' odola denei emateko beta dute. Eta horrela jokatu du nobelan Manassék, militantzia politikoa denei emanez. Oharkabean geratu den detaileak bere garrantzia du. Egilearen zuhurtziaren froga, dudarik gabe.

Ramon Saizarbitoriak askotan egiten duen bezala, egiarekin eta fikzioarekin jokatu du horretan ere. Egiarekin: pertsonaiari bere jaiotza eguna eman dio, apirilaren 21a. Fikzioarekin (eta fikzioa ez da gezurra) urtearen aldaketa. Manassék ezin zuen, gurasoak judutarrak dituelarik, Saizarbitoriaren moduan 1944an jaio. Urte horretan naziengandik ezkutatuta edo ihesean izango ziren gurasoak, elkarrengandik banandurik, haur bat izateko gogo gutxirekin. Manassé judutarra da eta 1944ean judutarrek oraindik ez zuten garai onik Europan. 1945ean bukatu zen Bigarren Mundu Gerra, eta Micheleren gurasoek orduan izango zuten elkartzeko aukera eta, horrela, Michele urte bete beranduago jaio zen. 'Juive et vielle'.

Adibidearen zentzua

Adibidea, jakin badakit, xumea da. Firi-firia, ezdeusa, baina errotik deskribatzen du egilearen idazteko modua. Alde batean egia, benetako jaiotza data eman dio pertsonaiari, bestetik fikzioa, urtea aldatu dio. Hirugarren kontu bat orain. Egia eta fikzioaren arteko zubian jokoa, irakurleari jarritako asmakizuna. Eta azkenengoz, eta garrantzi handia duena, gure historian eta gizartean erroturiko kontakizuna.

Beste nonbaiten aipatu dudanez, gure gaztaroko erabateko irakurketa izan zen 'Ehun metro'. Nobelan ETAko militante baten historia kontatu du, baina garaiko, edo urte malapartatu bateko, mila zipriztin utzi ditu. Hor dira, nobelaren kutsu bilbatuan ezkutaturik Municheko Olinpiadak, 'Iraila beltzak' eginiko atleta israeldarren bahiketa eta haien hilketa Municheko aireportuan. Eta hor da Salvador Allenderen itzala. 'Dónde vive?' galdetzen dio poliziak Zamudio tabernako ate itxien aurrean lotu duten gazteari. Eta horrek erantzun: «En Chile (pausa laburra) ahora vive en Chile. Se fue allí». Michele Txilera joana da iraultza sozialista egitera.

100 eta 11

Gure gazte garaian zenbat ez ote ginen euskaldundu 'Ehun metro' irakurriz? Zenbatentzako izan ote zen euskaraz irakurritako lehen liburua? Miresmenez irakurtzen genuen. Eta oroimenean dut 19 urterekin idatzi nuela hari buruzko monografia. Ez zen izan 'Jakin' aldizkarian argitaratu nuen lehen artikulua, baina bai aurretik argitaratuak baino lehenago idatzi nuena. 1977an idatzi eta 1980an argitaratu.

Miresmena 'Ehun metro'rekin hasi bazen, ez da inoiz urritu. Ondoren etorri zen egilearen ibilbide oparoa, 'Ene Jesus' argitaratu ostean isildu zena eta 'Hamaika Pauso' nobelarekin indar berrituarekin jarraitu zuena, nobela bakoitzean bere buruari erronka berriak gainditzea eskatuz.

Ramon Saizarbitoriak askotan aipatu du 'Ehun metro' nobelaren barne zentzuak ETAren kontrako mezua zuela. Beste horrenbeste esan dezakegu 'Hamaika Pauso'ri buruz. Obraren gaia gardena da. Gizartearen barnean Munstro erraldoia nola hasten den kontatu du obrak, nola joan den pixkanaka-pixkanaka gizartea –eta protagonista- irensten.

Inoiz aipatu izan da gizarte bakoitzak behar duela bere aurpegia adierazi duen nobela. Nik ez dut zalantzarik 'Hamaika Pauso' da gure berunezko urteen kronika mingotsa, hitz sarkor eta pizgarria, edozein 'Patria'ren gainetik eraikitako monumentua.

'Ehun metro' eta 'Martutene' nobelen azalak.

Eme eta Eme: '100 Metro' eta 'Martutene'

Gazte garaian 'Ehun metro' irentsi bagenuen, helduaroan 'Martutene' izan zen gure miresmenaren nobela erraldoia. Asko idatzi da nobela honetaz eta fundamentuz gainera. 'Hamaika Pauso' izan bazen 90. hamarkadako euskal gizarteren nobela, 'Martutene' gure historia garaikidea kontatzen duen obra da. Aipatzen dute Ipar Ameriketako nobelagileek gizarte horren nobela adierazgarria eta borobila idatzi nahi dutela. Bada gure gizartearena, urrundu gabe, 'Martutene' da. Gu garena maisuki adierazi duena. Familia biko (batzuk gerra zibilean garaile, besteak galtzaile) hiru belaunaldi osoen historia, bere mataza korapilatsuekin, bere adierazpen aberatsekin.

'Bihotzean min dut'

'Martutene' den munduaren barnean bada ipuin bat oso gutxi aipatu dena, Ramon Saizarbitoriaren jokabide adierazgarria agertu duena. 'Bihotzean min dut' deitu du. Hara non polizia baten alabak euskara eta euskal literatura maite dituen eta nork oztopatuko dio bidea? ETAk, noski. 1991eko apirilaren 15ean (33 urte bete dira) ETAk Koro Villamudria 17 urteko gaztea hil zuen Donostian.

Ipuinak gertakizun hori du abiapuntu. Baina itzulia eman dio. Aita hil du bonbak, neska bizirik geratu da fikzioaren poderioz eta bere euskal literaturaren irakasleari adieraziko dio euskaraz aitaren heriotzaren aurrean: «Bihotzean min dut».

Gu garena, gure gizartea osoa, bere itzal eta argiekin, bere poz eta esperantzekin maisuki agertu du Ramon Saizarbitoriak. Zer omenaldi hoberik bere lana irakurtzea baino?

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ohorea maisuari. Ramon Saizarbitoriak 80 urte bete ditu