Borrar
Obra eta egilea

Obra eta egilea

Egile bat izan daiteke moral aldetik gaitzesgarria eta haren obra laudatzeko modukoa, edo alderantziz...

Sábado, 8 de enero 2022, 00:25

Gisèle Sapiro frantziarra da eta frantsesez idatzi du 'Peut on dissocier l'oeuvre de l'auteur?', alegia bereiz al daitezke obra eta egilea? Lehen gogoeta: Frantzian idatzitako ikerlana da, Frantziako intelektual batek Frantziako publikoarentzat egina. Frantziak Zola, Camus, Beauvoir, Sartre eman ditu, Drieu de la Rochelle, Brassillach, Céline ere bai, ez dezagun ahantzi. Askatasunari buruzko eztabaida gogoangarriak utzi dizkigute, ondare gisa.

Espainiako edizioa '¿Se puede separar la obra del autor?' Elizabeth Duvalen hitzaurrearekin hornituta dator, zertxobait aberastuta ere bai. Cristina Morales aipatzen du hitzaurrean. Espainiako sari Nazionala irabazitakoan, 2019an, Albert Rivera politikoak adierazi zuen egileak «erre beharko zuela bere hogei mila euroko txekea», egindako adierazpenen arabera «Espainia gorrotatzen baitzuen». Ez naiz gorroto kontuetan oso iaioa edo trebea, baina iruditzen zait «gorroto» hitza oso sarri eta era arbuiagarrian, labana moduan, erabiltzen dela. Ez izatekotan, ez naiz Cristina Moralesen zalea ere, 'Lectura fácil', saritutako liburua aspergarria egin zait, haren santa Teresari buruzko liburua ez bezala.

«Gertatzen da, gaur egun, parametro estetikoak aldatu egin direla, eta etikaren diktadurapean jarri direla»

Bigarren gogoeta egileari ematen zaion sariari buruzkoa da. Obra eta egilea bakoitza bere bidetik joan daitezke. Egilea ezaguna izateak obraren zabalkundea errazten du, neurri batean bederen. Obra egilea baino ezagunagoa izateak lanari artearen mugetan eusten dio, eta harantzago joateko aukera gutxi eman.

Galde daitekeena hau da: Zer harreman klase dago egilearen eta obraren artean? Ez al da obra egilearen nolabaiteko ispilu?

Erantzuna nabarmena da. Obra eta egilea oso loturik daude, baina obrak ihes egiten dio egileari, gehienetan. Sorkuntzaren bideak ez baitira biografikoak soilik, milaka iturri daude, milaka itsaso, milaka haize eta milaka hodei eragile direnak. Obra bat bere egilearen ispilu izatera kondenatzen duena ispiluaren herdoila baino ez da; egilea desagerraraztea nahi duena, obraren izenean, mamua.

Bata ez da bestea, derrigorrez; egile bat izan daiteke moral aldetik gaitzesgarria eta haren obra laudatzeko modukoa, edo alderantziz, egile bat izan daiteke miresgarria, eta haren lana hutsaren hurrengoa, parametro estetikoen arabera.

Gertatzen da, gaur egun, eta hona nire hirugarren gogoeta, parametro estetikoak aldatu egin direla, eta etikaren diktadurapean jarri direla. Araubide bakarra dagoenean gizarte batean, gainerako guztiak baztertuz edo kondenatuz, gizarte hori, nahiz eta itxuraz, formaz eta egitatez demokratikoa izan, moral zehatz bakar baten mendekoa da.

Gisèle Sapirok aipatzen dituen adibideetako bi ekarriko ditut hona. Polanskirena da bata; Handkerena, bestea. Polanskiri Cesar saria eman zioten, bera epaitua eta zigortua izan zen arren, pedofilo zelakoan. Kritikatzeko modukoa egiten zaio Sapirori saria ematea delitu klase horren kariaz kondenatua izan denari. Gure hirian Woody Allenen aurkako manifestazioak egon dira, baina Woody Allen ez da kondenatua izan. Moralista klase batentzat salatua izatea berez da kondena, jakina. Handke ere kritikatua izan da Nobel saria eman diotelako.

Sariak, gehienetan, emaile denaren konformidadean bizi direnei oparitzen zaizkie; hemen ere bai. Disidenteek nekez lortzen dituzte sariak, salbuespenagatik edo istripuagatik ez bada. Bakoitza egiten duenaren erantzule da, bai bizitzan nola fikzioan. Hori ulertzea, batzuei, zaila egiten bazaie ere.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Obra eta egilea