Borrar
Bartzelonan egindako larunbateko manifestazioa. EFE
Nori begira

Nori begira

Euskal Herrian sekulako jakinminez jaso dira Katalunian gertatutako guztiak. Ohikoa izan da hori betidanik; kultur mailan, eta politikoan, jarraitu beharreko eredutzat jo delako hangoa sarritan. Ez, ordea, independentziari begirako prozesuari dagokionean

Lunes, 13 de noviembre 2017, 01:24

Abenduaren 21a egun erabakigarria izango da Kataluniaren historian. Honelako esaldi potoloak maiz baliatzen dira politikagintzan zein kazetaritzan, baina honakoan egia besterik ez da. Independentziaren aldeko zerrendak gailenduz gero, Espainiako Gobernuak ia biziraupeneko arazo politiko bati egin beharko dio aurre, Konstituzioaren 155. artikuluak ere estali ezingo duenari. Nahiz eta aurkakoak nagusitu arren, ezinezkoa ematen du Ciudadanos, PSC, PP eta Podemos zein En Comú-koen arteko gutxieneko inolako elkar ulertzeak. Sozialistak Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioetan egon dira Bartzelonan, sutsu, eta ataka larrian egon litezke bozen ostean Arrimadas eta Albiol-ekin bat ez egitekotan. Baina balizko bloke horrek nekez izango du bestelako babesik. Eta eurentzat txarrenean ere, Puigdemont eta Junqueras-en ingurukoak, CUP gehituta, bozemaileen erdia-edo izango dira, auzi politikoaren gordintasunaren seinale gisa.

Konstituzioa erreformatzeko asmoa agertu berri dute Rajoyk eta Sánchezek, ustez lurralde egiturari garaiotara egokitutako konponbideak eman ahal izateko. Baina Espainiako Gobernutik, popularren sektore gogorrenaren eta Ciudadanos-en itzalpeko eraginpean, bestelako aukerarik ere iradoki dute, 'funtsezko' zenbait arlotan konpetentziak berreskuratzen saiatzekoa hain zuzen. Horrek, jakina, Katalunian eta Euskadin gutxienez, aurkako erreakzio bizia eragingo luke. Eta, etor litezkeen aldaketak batik bat horiei begirakoak direnez, bi aldeen arteko harremana hankazgora jar lezake. Tentu handiz ibili beharko dira erreformaren norabidea zehazteko ahalmena dutenak, orain arteko arazoak bizitzeko eta estatu autonomikoa zein bere ordezkoa bideraezin egiteko arriskua badutelako.

Kataluniako egoeraren ondoriozko hainbat jarrera zein aldaketak berton ere eragingo dute. 1978an abiarazitako deszentralizazio prozesua kataluniarrei eta euskal herritarrei begirakoa izan zen ia erabat, ez baitzegoen horretarako bestelako hain eskaera nabarmenik. Beraz, gero orokortutakoaren arrakasta ala porrota bi horietan jazotakoaren araberakoa izango da.

Kataluniako Parlamentuak Errepublika independentea aldarrikatu zuen urriaren 27an eta, egunerokoan hori gauzatzerik egon ez den arren, politikoki urratsa ez da antzua izango. Euskadin bestelako bidetik jo gura da, Gernikako Estatutuak zehaztutakoan sakonduko duen estatus aldaketa ahalbidetzeko zeharkako akordio zabalenarenetik. Eusko Legebiltzarrak du horretarako giltza, alderdien elkarrizketa emankortu eta edukiei heltzen hastekoa. Oraingoz, ez dago eragile nagusien borondate politikoa baino askoz gehiagorik. Sozialistek eta popularrek, aldiz, gehiago aipatu dituzte mugak edukiak baino. Ikusteke dago, beraz, noraino hel daitekeen, zer nolako akordioak lor daitezkeen. Popularren jarrera bereziki da zurruna. Eta horien baiezkorik gabe, nahiz eta Euskadin ia inoizko indar gutxien izan, beto arriskua dago Madrilen. Hemen horrenbeste kostata lor litekeena muinekoan baliorik gabe uztekoa, alegia. Horrek sekulako kaltea egingo lioke bertoko bizikidetza politikoari, Katalunian azken urteotan nagusitu diren dinamikak elikatuta.

Antzeko agertoki guran dabil EH Bildu. Indarkeriaren bideari uko egin behar izan eta abertzaletasunaren baitako nagusitasuna lortzetik urrun jarraitzen duela jabetu eta gero, ezker abertzalea jeltzaleak ezegonkortzen saiatzeko ahaleginetan ari da behin eta berriz. Amua betikoa da: ezertan erreparatu gabe, Estatuarekin berehala eta erabat hausteko lasterketa abian jarri eta inor baino abertzaleago agertzen saiatzea. Kataluniakoa bertora ekartzeko ahaleginean porrot egin du nabarmen, baina ez du etsiko. Hangoak kutsakorra ematen zuen hasiera batean, baina azkenerako txerto antzeko ere bihur liteke.

Aurrez aurreko bide horrek —areago gehiengoak ozta-oztakoak direnean— hainbat muga ditu, bai barrura zein Espainiara begira, eta baita Europan ere. Hori oso ageriko geratu da Katalunian. Estatuak, jomuga duen gizarteko gehiengo demokratikoei muzin eginda, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri eta zuzeneko esku hartzea ezarri duelako, bai. Eta, aldarrikatzen den bezain independente ez diren zenbait auzitegi eta epailek, Govern erdia zein eragile garrantzitsuetako buruak espetxeratu dituztelako. Baita. Baina ez bakarrik. Prozesua bururaino eraman dutenak ez dira gai izan gutxienez erabaki eskubidearen aldeko direnen arteko konplizitatea areagotzeko, eta gehiengo sozialak sendotzeko. Egon badagoen legitimitate talka horretan independentziaren aldekoak gailentzeko oso aldekoa behar du egoerak, eta hori norbere gizartearen baitako babes mailak zehazten du gehien.

Errepublikaren aldarrikapenaren ostekoa ez da egoera samurra berori bultzatu dutenentzat. Presidentea erbestean dago, Generalitat-eko kontseilari gehienak kartzelan eta egunerokoan ez dira errealitate politiko berri horren egiturak inondik inora antzematen. Trantsizioaz geroztik oso nagusi izandako CiUren arrastorik ez dago —ustelkeria kasuen eraginez, noski; baina baita prozesuak eragindako higaduraren ondorioz ere— eta haren oinordeko PDeCAT-ek 135 parlamentaritik 18-19 lor litzake abenduaren 21ean. CiUk 62 bildu zituen 2010eko hauteskunde autonomikoetan, eta 50 2012koetan. Egoerari etekina aterako diona ERC da, eta ispilu horretan ikusi nahi du bere burua EH Bilduk, nahiz eta CUP-ekin ere harreman estua izan.

EAJk, baina, agenda propioa dauka Euskadin, eta ekimen politikorako aparteko gaitasuna. Nazio eraikuntzan emankor jarduteaz gain, aurrera begira autogobernuan sakontzeko hamaikatxo proposamen ari da mahai gainean jartzen, ezeri uko egin gabe jauzi berriak ahalbidetzeko. EH Bilduk, ezker abertzalearen erreplikante gisara, dena ala ezer ez hobesten omen du, beste behin. Eta, ohikoan, lortu duen emaitza hutsaren hurrengoa izan da. Bakarka, zein berezko lan-esparrutik urrundu eta aspalditik bidaide dituen beste zenbait eragilerekin batera, jeltzaleak estu hartu guran dabil, duela gutxiko Kataluniari buruzko Bilboko manifestazioan ostera nabarmendu zenez. Baina Urkullu lehendakariak eta bere alderdiak argi dute non dagoen iparra eta azken helmugara heltzeko zeintzuk diren tarteko geralekuak. Urte luzetako bide orria, lorpenak eta sinesgarritasuna dituzte alde, besteak beste. Ezker abertzaleak ez dituen horiek, hain justu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Nori begira