Borrar
Bere inguruan aurkitu du inspirazioa Bediagak. mireya lópez
«Norbere nortasunaren eraikuntza prozesuarekin identifikatzea bilatu dut»

«Norbere nortasunaren eraikuntza prozesuarekin identifikatzea bilatu dut»

'Etxetik ospa' bigarren liburua argitaratu berri du Irati Bediagak, zeinetan amarekin arazoak dituen gazte baten bidaia erakusten du

irati alonso

Miércoles, 7 de julio 2021

Hamalau urteko Nahiak, amaren agintekeriaz nazkatuta, etxetik joatea erabakitzen du. Herrian bertan bizi eta ezagutzen ez duen aitaren bila joango da, amak ohartarazi dion arren inoiz ez duela berarekiko inolako interesik agertu. Horrenbestez, bere erabaki propioak hartuz, bere burua ezagutzen hasiko da Nahia. Edonola, lagunekin elkartu eta konturatuko da gurasoekin haiek dituzten harremanak ere ez direla uste bezain onak.

Istorio hau abiapuntu hartuz idatzi du Irati Bediaga galdakaoztarrak 'Etxetik ospa', kaleratu berri duen eleberria. «Nerabe baten kezkak, beldurrak, protestak, ilusioak… daude liburu honen baitan», azaltzen du idazleak.

'Etxetik ospa'

  • Egilea Irati Bediaga

  • Urtea 2021

  • Argitaletxea Elkar

Fikzioa da nagusi istorio honetan, baina errealitate zantzuak ditu ere. «Agian bere osotasunean ez, baina pasarte ezberdinak edozein gazteri gertatu ahal zaizkionak dira», adierazten du Bediagak. Bide honetan, Nahiaren bitartez norbere arazoen inguruan hausnartzea bilatu du galdakaoztarrak: «Hein batean irakurlea protagonistarekin identifikatzea bilatu dut. Baina ez amarekin dituen arazoengatik bakarrik, bere buruarekin dituen barne-gatazkengatik ere. Eta hortik haratago, norbere nortasunaren eraikuntza prozesuarekin identifikatzea bilatu dut, nerabetasunean eraikuntza horretan murgilduta egoten baikara».

Izan ere, Nahiak bere benetazko izaera aurkitzen du etxetik ospa egiten duenean. Bere indargune eta gabeziez kontziente egingo da. Bere konplexu eta beldurrei aurre egingo die, eta ametsak edo ilusioak aurrera eramango ditu.

«Ni behintzat oraindik ez naiz gai neuretik at sentitzen dudan ideia bat garatzeko»

inspirazioa

Gainera, bidaiaren amaieran, irakaspen garrantzitsua eramaten du berarekin: zaindu maite duzun hori. «Zaindu maite duzun hori liburu honek transmititu nahi duen ideia nagusietariko bat da besteak beste. Zaindu norbere burua, zaindu lagunak, zaindu ama», aitortzen du Bediagak. Hala ere, bakoitzaren hautura uzten du idazleak ere interpretazioa. «Ez dut ideia konkretu bat hartu ardatz, irakurle bakoitzak aterako du bere mezu propioa edo irakaspen propioa», dio.

Istorio hau idazteko inspirazioa berarengan eta ingurukoengan aurkitu du. Beraz, sormena izan da nagusi istorioaren garapenean eta mamian, baina hezurdura bere inguruan aurkitu du, hurbil: «Virginia Imaz Clown-ak dioen antzera cuando contamos un cuento, nos contamos a nosotros mismos. Ni behintzat oraindik ez naiz gai neuretik at, kanpo, sentitzen dudan ideia bat garatzeko».

«Agian bere osotasunean ez, baina pasarte ezberdinak edozein gazteri gertatu ahal zaizkio»

nahiaren abenturak

Nerabezaroko zaletasuna

Irati Bediagaren bigarren liburua da 'Etxetik ospa'. Aurretik 'Beldarren hegaldia' kaleratu zuen, istorio honekin 2013an Mikel Zarate haur literatur saria irabazi zuela.

Irakasle lanetan aritzen den arren, nerabezarotik du argi idatzi nahi duela. Eguzkibegi ikastolan antzerki talde bat sortu zuten eta gidoiak sortzen zituzten, gero antzezteko. «Hor ohartu nintzen antzezteaz gain, idaztea ere plazerra zela. Garai horretan ere, klasean ipuinak sortzeko esaten zigutenean, gogoz idazten nituen», aitortzen du.

Gaur egun, zaila egiten zaion arren, lau hitzetan definitzen da idazle bezala: errealista, zabala, hausnarketa bideratzen duena eta hein batean sakona.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Norbere nortasunaren eraikuntza prozesuarekin identifikatzea bilatu dut»