Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Inguruetako auzokideak tarteka agertzen dira hedabideetan, jasaten duten egoera publikoki salatu nahian. Dantzalekuak eta gautxoriei begirako bestelako negozioak dituzte jomugan, asteburuetan batik bat loa galarazten dietelako. Norbere etxean atseden hartzea bezain gauza oinarrizkoagorik ez dago ia, baina badira ezinean dabiltzanak, bai hiriburuan zein beste zenbait herritan. Arazoaren larritasun maila ez da berbera leku guztietan, jakina. Funtsezko eskubide bat hainbestetan urratu izanak eragindako ezinegona, aldiz, antzekoa da. Hain sarri jazo izanak adierazten du ez dela bideratzeko eta konpontzeko erraza, aisia eta atsedena ez baitira aldi berean bateragarriak.
Negozioen jabeek euren lokaletakoaz arduratzen direla diote, eta zarata zein istiluak atari inguruan gertatzen direla. Eta hala da gehienetan. Horrelako bat zabaltzeko hainbeste baldintza bete behar izaten dira, dagozkien zergen ordainketaz gain. Norbaitek ematen die zabaltzeko baimena horren guztiaren ondoren, araudia zorrotz indarrean jarri eta gero. Eta horrek badu ardurarik ondorengoan. Kalean jazotzen denaz udal bakoitza edo segurtasun indarren bat arduratu beharko litzateke, edozein ordutan. Egia da horretarako baliabideak mugatuak direla, eta azken urteotako krisiak ez duela hori osatzen lagundu. Baina atseden hartu nahi duten auzokideak eta zarataren jatorri diren lokalak aurrez aurre jartzea ez da irtenbidea. Askoz eraginkorrago eta proaktiboago jokatzea dagokie erakundeei, arazoa errotik eragozteko.
Lokalok hiri inguruetara eramatea jo izan da irtenbidetzat askotan, nahiz eta horretaz ere badagoen zalantzarik. Zaratari dagokiona konponduko litzateke, bai; baina agian getoak sortu eta segurtasun falta areagotuta. Arazoa hirigunetik ateratzea berori nolabait betikotzea ere izan liteke, sakonekoari erreparatzen ez bazaio, bere osotasunean aintzat hartzen ez bada.
Erakundeek betebeharrak gogoratzen dizkiete askotan herritarrei, eskubideez gain dituzten horiek. Eta zilegizkoa da, noski. Baina eurek ere badituzte zergapekoekiko, eta atseden eskubideari dagokiona funtsezkoetakoa da. Ezin da partikularren artera eraman erakunde publikoei zuzen eragiten dien auzia. Elkarbizitzarako oinarrizko arauak betearazteko ardura ez da bakarrik egun argikoa. Gauez ere norbait arduratu behar da bazterretan jazotzen direnetaz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.