Israeleko gobernuak egiten duen politika kritikatzeak badu arrisku bat: antisemitatzat hartzea kritika. Nik antisemitismoa gaitzesten dut, ontzat ematen dut Israel estatu gisa existitzea, kibutzen mugimendua begikotasun handiz ikusi nuen, eta naziek judutarren aurka egindako genozidioa ukatzea delitu izatearen aldekoa naiz. Aldi berean, arbuiagarriak iruditzen zaizkit Israeleko gobernu guztien jarduera eta ekintzak palestinarren aurka: Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak (bi estatu, Israel eta Palestina, izatea aintzatesten dutenak) ez betetzeagatik, NBEren estatu bien arteko lur-banaketa ez errespetatzeaz gain palestinarrei dagokien Zisjordaniako lur-zati asko kolonoekin okupatzeagatik, palestinarren aurkako poliziaren gehiegikeriengatik... Duela gutxi, oso ezaguna zen Sherine Abu Aqla kazetari palestinarra buruan jaso zuen tiro batek hil zuen. Ezin da ziurtatu nork tirokatu zuen. Polizia israeldarra izan zela esan dute zenbait iturri desberdinek. Ikerketa independenterik egingo al da egia jakiteko? Nolanahi ere, polizia israeldarrak oso gogor kolpatu zituen Sherineren gorpuarekin segizioa egiten ari zirenak. Israelek beti du AEBren baldintza gabeko laguntza eta babesa, eta, behar izanez gero, hark betatu egiten ditu bere aliatuaren aurkako adierazpenak NBEren Segurtasun Kontseiluan. Dena den, kanpo-politika inteligentea egin du Israelek azken urteetan, eta harreman onak ditu zenbait gobernu arabiarrekin, Marokorekin adibidez. Palestinarrak, berriz, gero eta bakarrikago daude. Beraien alderdi politiko inportanteenak diren Al Fatah eta Hamas-en arteko gatazka bortitzek min handia egin diete, noski, eta gero eta urrutiago dago Estatu palestinar bat sortzeko posibilitatea. Beste horrenbeste esan daiteke Saharari buruz. NBEren beste porrot nabarmena.
Publicidad
Palestinar asko bere aberritik kanpo bizi dira, errefuxiatu gisa (Libanon, batez ere) edo beste herrialde batzuetara joan direlako (Txilera, Europara...) etorkizun hobea eraikitzeko. Libano porrot egindako estatu bihurtzeko zorian dago. Ekialde hurbileko Suitza deitua izan zen herrialde horretan pobrezia eta etsipena gero eta zabalduago daude. Gazteen 2/3k handik alde egin nahi du. Joan den igandean hango parlamentua aukeratzeko hauteskundeak izan ziren. Abstentzioa %59koa izan da. Sistema politikoarekiko mesfidantza ikaragarria da, eta ez da alternatibarik ikusten. EB ez da Ekialde Hurbilean inplikatzen ari, nahiz eta bere hego-ekialdeko muga den. Israel, Palestina eta Libanoko egoera garrantzi handiko kontua da.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.