Borrar
Noiz arte
Harizpetik

Noiz arte

Pedro Sánchezi ia ezinezko izango zaio aurrekontuak onartzea. Podemosekin adostutakoak beste hainbat eragileren babesa behar du, hitzarmenaren sinadura ekitaldiak bestelakorik adierazi arren. Kataluniak baldintzatuko du Espainiako Gobernuaren etorkizuna. Bete-betean

Lunes, 12 de noviembre 2018, 01:18

Askoz errazagoa da norbait boteretik kentzeko batzea ostean gutxieneko alternatiba bat eskaintzea baino. Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zutenek arrazoi ezberdinak pilatu zituzten horretarako. Ustelkeria, Kataluniako auzia edo-ta, besterik gabe, etorkizun politikorik ez duenarengandik urrundu nahia batu ziren gehiengo osoa borobiltzeraino. Pedro Sánchez presidente aukeratzeak etapa berri bat zabaldu zuen Espainian, aukeraz betetakoa, baina baita gutxieneko adostasunik gabekoa ere. Oso joera ezberdinekoek eutsi zioten apustuari, aldaketarenari, hurrengo egunean zer jazoko zen oso argi izan barik.

PPren aroarekin amaitzea izan zen lehentasuna. Alternatiba trinkorik ez izateak eman zion nolabaiteko egonkortasuna ordura arte Rajoyri. Jarraituko zuela sinestuta zegoen, ez zegoela bere aurkako bestelako blokerik sortzerik. Kataluniako auziak baldintzatzen zuen guztia, eta bertako alderdi independentistekin bat egitea gidoitik at zegoen sozialistentzat. Baina Gürtel auziko epaiak lehentasunak aldatu zituen, aldaketa premiazko egiteraino. Neurriren bateko paradigma berri horrek aurreko menpekotasunetik askatu zuen PSOE. Zentsura mozioa ez zen keinu politiko hutsean geratu, urrats eraginkor izateko adina indar lortu baitzuen.

Gobernu mediatikoa osatu zuen gerora Sánchezek, baina laster nabarmendu dira ministroetako batzuren ahuleziak eta bloke alternatiboaren mugak. PPk eta Ciudadanosek errukirik gabe jo dute exekutiboaren aurka, espainiar nazionalismorik sutsu eta populistena baliatuta. Presidentea saiatu da bozemaile aurrerakoiei zerbait eskaintzen: elkarrizketa Katalunian, Francoren gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzea edo gutxieneko soldataren igoera. Talde sozialista inoizko ahulena da Kongresuan eta etsi-etsian ari da ekimenen bat onar dadin lortu behar duenero.

Hauteskunde orokorrak berehala aurreratuko zituela agindu zuen hasieran Sánchezek, ustelkeriak zipriztindutako Gobernua aldatu bezain azkar hitza berriz herritarrei itzuliko ziela. Baina iritziz aldatu zuen kargura heldu eta di-da batean, legealdia amaitzea posible zela eta horrek egonkortasuna emango zuela adierazita. Orain arte, baina, saiakera horrek ez du fruiturik eskaini. Katalunian elkarrizketa politikoa aurreko etapan baino dezente dinamikoagoa da, lehen ez baitzegoen. Baina ez dago gutxieneko hurbilketarik aldeen artean, ezta auzia ulertzeko antzeko modurik ere. Jarrerek tinko jarraitzen dute, bai sakoneko arazo politikoari buruz zein preso dauden buruzagien egoerari dagokionez.

Autodeterminazio eskubidea praktikara eramatea eskatzen dute PDeCATek eta ERCk, baina Sánchezek ezin du —Konstituzioak dioenak ezinezko egiten baitu— eta, gainera, ez du nahi. Aurrekontuak onartzeko ez dute langa hain goian jartzen, dena den. Kartzelatuta daudenenganako keinuak eskatzen dituzte, horien aurkako eskaera judizial zentzugabeak leuntzea. Baina, botere banaketa aipatuta, ezer egiterik ez duela dio Gobernuak behin eta berriz, nahiz eta badakien botere judiziala zenbait arduradun politikoren adierazpenek islatutakoa baino askoz iragazkorragoa dela. Bultzada politikoa guztiz nabaria izan da kartzelan dauden buruzagi independentisten egoera egungoa izan dadin. Politika judizializatuta ekin zion PPko gobernuak Katalunian eta horrek hainbat korapilo eragin ditu, orain askatzeko zail direnak.

Sánchezek ez du erakutsi hango egoera bideratzeko egitasmo landurik duenik. Elkarrizketa aipatu du sarritan, baina horren edukia ondo mugatuta. Nahikoa al da hori duela urtebete luze Rajoyk egin eta buruzagi sozialistak berak estu babestutakotik bereizteko? Urratsa da, jakina; gutxienez zenbait zubi berreraikitzen hasteko, elkarrenganako konfiantza ahalbidetzeko. Baina borondate on soilarekin ez da ez hango auzia gaindituko ez buruzagi presoen egoera berbideratuko. Bestelako borondate eta konpromiso politikoa behar izango da, bestelako ausardia. Kataluniakoa ez delako ikutu kosmetikoekin konponduko, hitz gozoekin itzaliko.

Independentistek, aldiz, egoera politikoa artez irakurtzen asmatu behar dute, okerrera egin baino lehen, hori alde guztientzat kaltegarri izango delako. Korapilo judiziala askatzen hasi beharra dago, preso daudenei eskatzen zaizkien zigorren neurrigabetasuna agerian jarrita, hori nabarmentzeko proaktiboago izanda. Baina PDeCATek eta ERCk mesede egingo liokete bestelako giro bati prozesuaren mugak onartuta, populazioaren erdia baino gutxiagoren babesarekin bururaino joaterik ez dagoela finkatuta.

Aurrekontuen onarpenak oxigenoa emango lioke PPren hainbat mailako zurruntasunaren aurrean bestelako dinamikak bultzatu gura dituen bloke horri. Azken inkestek diotenez, hauteskundeak aurreratuz gero Sánchez babestu zutenen eta PP-C's batuketaren arteko indar-erlazioa ez litzateke ia aldatuko. Hori ona da PSOErentzat, bozak irabazi eta indartsuago izango litzatekeelako. Baina bloke liberal-kontserbatzailea oposizioan nahi dutela argi izan eta gero, zertarako gobernatu erabaki beharko dute sozialistek. Horretarako mahai gainean proposamenak jarrita. Politika sozialetan sakontzeko bada, izango dituzte aliatuak. Lurralde egitura egokitu eta nazio izaerako erkidegoak aintzat hartzeko bada, izango dute noren babesa eskatu. Oraingoz ez dute azken norabide honetan ia deus aurreratu, eta funtsean nabarmenagoak dira PP eta Ciudadanosekin lotzen dituztenak bestelako eredu bat bilatzearen aldeko ahaleginak baino.

Sánchezek argi izan behar du boterean irauteko ez zaiola nahikoa izango keinuekin. Hainbat presiori aurre egin beharko diela Rajoyren arotik aldentzeko, bestelakoetatik ekiteko, benetan eraldatzaile jokatzeko. Baina horrela jokatuz baino ez duela zentzurik bere agintaldiak. Ezin delako aurpegi aldaketa soila izan, ez asmo sozialxeagoko jarduna. Errotik eutsi behar die arazoei. Bere mugak ikustarazi eta besteenak aintzat hartuta, baina aldaketarako prest, arazo nagusienak bestelako bideetatik desaktibatuta. Zentsura mozioaren blokean gutxieneko konfiantza eta argitasun hori egotekotan izango du etorkizunik legealdiak. Bestela, Rajoyren ereduaren aurreko gutxieneko alternatibarik denen artean ez lantzekotan, hobe da ahalik eta arinen hauteskundeak deitzea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Noiz arte