Manu López Gaseni
Sábado, 18 de febrero 2023, 00:40
Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere beste hizkuntza politikoki zuzenagoetan bezain gutxiesgarria. Lumatik teklara honetara ekarriko ditugun pertsonaia guztiak literatura-saltsa askotan urte mordoa emandakoak diren aldetik dira zaharrak, eta beren eskarmentuaren berri ematera etorriko dira hilabeteotan.
Publicidad
Haietatik lehenak, Iñaki Aldekoak, literatura klasiko eta modernoaren ezagutzaren talaiatik, azken hamarkadetako euskal literaturaren berri erabatekoa du. Kritikari, EHUko irakasle, editore eta lan asko eta askoren egile –literaturaren historiak, euskal poesiari eta narratibari buruzko saiakerak, antologiak…–. Eta, oroz gain, irakurle zorrotza. Bat egingo luke Borgesen haritik Genettek esandakoarekin: Irakurtzea, idaztearen ondotik datorrenez gero, haren gainetik dago, eta jarduera aldi berean apalagoa eta eboluzionatuagoa da.
-Gaur egun, zein da kritikaren zeregina, oro har, eta kritika akademikoarena bereziki?
-Aurreko batean iloba batek hauxe galdetu zidan: liburu-denda batera joan eta nola aukeratu liburu bat, nire aldarterako egokia litzatekeen liburu bat? Horixe da gakoa. Halakoa da komertzialki «ezinbesteko», «bazterrezin» eta «derrigorrezko» omen den liburu anabasa, ez baitaukazu eskura beharko zenukeen informaziorik ez irizpiderik zuretzat egokia litzatekeen liburu hori erosteko. Ba, horixe da egunkari eta aldizkarietako kritikaren funtzioa, informazio ondratu hori eskaintzea irakurleari. Baina interes ekonomiko eta komertzialak handiak diren hizkuntzetan, erreseinak liburuari laguntzeko daude enkargatuta, publikazio prozesuaren katebegi gisa. Esan gabe doa ze aldaketa gertatu den 80ko hamarkadatik hona halako kritika sekzioetan.
Kritika akademikoari buruz zer esan? Ikertzaileen kurrikuluma gizentzeko baino ez dutela balio. Balirudike iritsi beharko lukeela balizko euskal literaturaren ikerlari edo adituen komunitatetxora. Zein absurdua bestela, ez? Ba, horrelaxe da, egileak berak, laguna duzulako, ez badizu argitalpenaren berririk ematen, lan horietan interesatuta egon daitekeen inor ez da enteratuko ikerketa akademiko horietaz. Gaur egungo baldintza akademikoetan arazo bat dago ikerketaren eta transmisioaren artean.
-Horren haritik, zein da zure ikuspuntutik akademiaren papera autoritatearen kontzeptutik?
-Gero eta ezdeusagoa. Modernitate klasikoan autoritatea bertikala zen, goitik beherakoa; gaur egun autoritatea horizontala da, beste esparru eta interesen arabera eraikitakoa. Unibertsitateak ere ez du hor zeregin handirik. 68ko Maiatzean unibertsitateko eztabaidak kalera jaitsi ziren; gaur egun jendearen ikuspegi eta sentiberatasunak unibertsitateko gelatan daude. Horrela gertatzen da Giza Zientzietan, eta nola ez literaturan.
Publicidad
-Euskal literaturaren historiagilea zaren aldetik, non ikusten duzu euskal literatura sistema literario orokorrean?
-Nire 'historia' idatzi nuenerako proiektua zaharkituxea zegoen jada. Esan nahi dudana da halako historiak proiektu dezimononikoak, alegia, naziogintzarekin batera eraikitako proiektuak zirela. Imajina dezagun XX. mendean artean barkagarri gertatzea. Gaur inori ez litzaioke burutik pasatuko halakorik egitea; ezta neuri ere. Denok ikasi dugu zerbait. Gaur egun, historiek horizontalean konbibitu beharko lukete, sentiberatasun diferenteen arteko bizikidetzan. Euskal literatura non kokatu? Beste literatura hedatuagoen errepublika berean, bakoitza beretxoan.
-Gogoan duzu, noski, garai batean hitzetik hortzera zebilen «euskal nobela baten beharra»…
-Beno, gaur egun nobela ia genero bakana bihurtu da. Genero kameleonikoa da, eta beste guztiak menperatu edo fagozitatu ditu. A ze aldaketa genero laburragoak (poesia eta ipuina) nagusi ziren 80ko hamarkadarekin alderatuta! Gaur egun nobela baten beharra aldarrikatzeak broma dirudi. Ikuspegi klasiko batetik begiratuta, uste dut Saizarbitoria baten 'Hamaika pauso' edo 'Martutene' nobelak ez direla gainditu. Baina, baieztapena bera biziatua dago, ze idazle berrien (eta ez hain berrien) desafioak beste alde batetik etor baitaitezke. Eta nobelaren bikaintasuna bera ere, bere malgutasunean, esanahiz aldatu… Azken batean, harrerak esango du. Hala ere, nahiz eta egia den irakurle guztiak garela irakurle, eta irakurle subirano, irakurketa guztiak ez dira pareko, interpretazio guzti-guztiak zilegi ez diren modu berean.
Publicidad
-Ausartuko zinateke euskal literaturaren diagnostiko bat egitera?
-Ez, ez nintzateke ausartuko. Nire gustuko literaturaz mintza naiteke, eta gustu hori nire afinitate antzekoen artean konpartitu. Hortik aurrera ez zait batere interesatzen asuntoa.
-Zertarako idatzi, gaur egun? Edo, azken batean, galdera klasikoa, zer da literatura?
-Eta zertarako irakurri. Beno, bururatzen zait umeek irakurtzen eta idazten ikasi behar dutela, hau da, alfabetatu behar dutela. Hortik aurrera, entretenimendua edo garapen pertsonala eta halakoez hitz egin beharko genuke. Nik ez dut denbora-pasarako irakurtzen, nahiz eta hori ere ezinbestean gertatu. Eta ez naiz ni inor nola eta zein helbururekin irakurri behar den inori esateko. Baina bai uste dut liburu askok daukaten potentzialtasunari esker nork bere bizitza hobeto ulertzen laguntzeko balio dutela. Beste hark esaten zuen moduan, niri neu irakurtzen nauten liburuak gustatzen zaizkit. Liburu horiekin topo egin eta bidelagun izatea moduko zorionik ez dago. Eta pena handia hartzen dut konturatzen naizenean horrelako zerbaiten bila, eta eskean, zebilen horri inork ez ziola une hartan eskura jarri komeni zitzaion liburu hura.
Publicidad
Idazteaz beste hainbeste esan beharko genuke, baina hori idazleei utziko diegu. Hori bai, irakurle gisa, berehala konturatzen naiz noiz dabilen idazlea benetan eta noiz ez, noiz den honestoa eta noiz ez. Idazleak osorik kontrolatzen ez duen zauritik idazten du. Hortik idatzi beharra…
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Te puede interesar
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.